Ez da ezustekorik izan, eta Errusiako herritarren gehiengoak babestu du Vladimir Putin presidenteak bultzatutako Konstituzioaren erreforma. Boto guztiak zenbatuta, herritarren %77,92k egin dute erreformaren alde, eta %21,27k, aurka.
Aldaketen arabera, presidenteak sei urteko bi agintaldi egin ditzake, gehienez. Putini 2024an amaituko litzaioke bigarren agintaldia, baina, erreformari esker, beste bi egin ahalko lituzke, eta estatuburu karguan jarraitu 2026ra arte.
Konstituzioaren erreforma, halere, ez da herrialdeko estatuburuaren agintaldira mugatu, neurri sorta horrekin aldaketa hauek sustatu nahi baitituzte: besteak beste, Errusiaren lurraldearen ezein parte ezingo zaiola beste herrialde bati eman —Krimeari eta Errusia ekialdeko Kuril uharteei begira egin da—; konstituzioan jainkoaren figurari erreferentzia egitea; errusiera herrialdeko hizkuntza ofiziala dela jasotzea; ezkontza «gizon baten eta emakume baten arteko bat egitera» mugatzea; eta Errusiako Federazioa Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren (SESB) ondorengoa dela finkatzea.