Kataluniako erreferenduma. Roger Torrent. ERCko legebiltzarkidea

«Herritarren erabakia betetzeko eta ezartzeko orekan ari da gobernua»

Europako Batasuna uzkur agertu bada ere Espainiaren eta Kataluniaren arteko auzian bitartekari aritzeko, Torrentek dio esku hartuko duela, beste auzi batzuetan bezala: «Guk pausoa ematea bakarrik falta da».

DANI CODINA.
jon olano
Bartzelona
2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Urriaren 1eko autodeterminazio erreferendumean Kataluniaren independentziaren aldeko iritziak irabazi zuenetik, zeintzuk dira eman beharreko pausoak? Zeintzuk epeak, arriskuak eta jarraitu beharreko irizpideak? Horiek zehazteko, argi du nora jo Roger Torrent ERC alderdiko Junts Pel Si-ko diputatu eta Sarria de Terreko alkateak (Sarria de Ter, Katalunia, 1979): Erreferendumaren Legean jasotakoak ezartzea da orain lehentasuna, «mandatu demokratikoa» iparrorratz hartuta.

Asko hitz egiten ari da datorren astearteko osoko bilkuraz. Zer esango duen Puigdemontek, zer ez...

Ez dakit zer esango duen, baina guk onena izango dela uste duguna egingo dugu, herritarrek emandako manamendu demokratikoa betetzeko. Auzitegi Konstituzionalaren debekuaren ondoren ere, irudikatu ezin nuena zen Guardia Zibila edo Polizia bidea mozten Kataluniako herritarren ordezkari legitimoei. Gure lana da hitz egitea, eztabaidatzea, eta horixe egingo dugu.

Alde Bakarreko Independentzia Aldarrikapen bat egingo du legebiltzarrak?

Ikusiko dugu. Edozein kasutan, Puigdemont presidentea da agerraldia egin behar duena, eta agenda politiko bat proposatuko diguna urriaren 1eko emaitzak inplementatzeko, ikuspuntu politiko batetik. Izan ere, ikuspuntu juridikotik, badago lege bat, Erreferendumaren Legea argia da 4.4. artikuluan. Legezko bide orri bat dago, eta orain oinarri politikoak ezarri behar dira.

Emaitzen edo independentziaren inplementazioan daude zalantza nagusiak. Espainiak ez du erraz jarriko...

Ez, horregatik ari gara eskatzen nazioarteko bitartekaritza. Halako prozesuetan, Kataluniaren antzekoetan —nahiz eta dauden bi prozesu berdin—, bada elementu komun bat: nazioarteko erakunderen batek bultzatutako negoziazioa. Horretan ari gara; negoziatu nahian nola egin sezesioa eta nola gauzatu urriaren 1eko emaitzak.

Madrilen, ez PPk, ez PSOEk eta ezta C's-ek ere ez dute bitartekaritzarik nahi.

Madrilen erantzunak ez gaitu harritu, azken hilabete edo urteetako bera izan delako. «Ez da erreferendumik egongo», zioten, eta egon da. Orain beste alde batera begiratu nahi dute, eta ziur naiz jarrera honi eutsiko diotela etorkizunean ere, nazioarteko komunitateak presiorik egiten ez duen bitartean. Guk lege batzuk dauzkagu onartuta Kataluniako Parlamentuan, inplementatu beharrekoak, eta gure bideari jarraituko diogu, estatuko gobernuak proposatzen duena proposatzen duela, betiere elkarrizketari eta beharrezkoa den negoziazioari ateak zabalik utzita.

Europako Batzordeak ere ez du bitartekari izan nahi; Frans Timmermans presidenteordeak esan zuen «hitz egiteko garaia» dela, baina Rajoyrekin lerratu zen erabat.

Europak bi erantzun eman ditu. Independentziari dagokionez, ez du jarrera jakinik hartu edo statu quo-aren alde agertu da. Bestalde, ordea, gero eta ahots gehiago azaleratu dira esanez XXI. mendeko Europan ez dela ez justiziazkoa eta ez onargarria Espainiako Estatuak jazarpena erabiltzea soilik botoa eman nahi duten herritarren aurka. Gero eta ahots irmoagoak daude Espainiaren aurka, baina egia da, errepublikaren aldarrikapenari dagokionez, Europako Batasuna estatuen klub bat dela eta, normalean, statu quo-aren babesleak direla. Hori ez da soilik Kataluniarekin gertatu, Europan izandako independentzia prozesu guztiekin baizik. Esaten zuten ez zituztela aitortuko, eta aitortu zituzten. Guk pausoa ematea bakarrik falta da, eta Europak esatea «ados, Kataluniaren asmo sendoa ikusita, eser gaitezen».

Azken egunetan, bolo-bolo dabil Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko aukera.

Izan ere, ezarri du jada. Ez teorian, baina praktikan, Generalitatearen diruan esku hartu dute, Poliziaren koordinazioan... de facto bizitzen ari gara 155a. Ez dakit zer gehiago egin dezaketen.

Puigdemont kargugabetu, parlamentua desegin eta bozetara deitu.

Hori izugarria litzateke. Gainditu dituzte marra gorri guztiak, baina hori aberrazio demokratiko bat izango litzateke, eta ez litzateke onargarria Europan. Edonola ere, guk manamendu demokratiko bat dugu, traizio egingo ez dioguna, eta ikusiko dugu nola ezar dezakegun Espainiak jarriko dituen traben gainetik.

CUPek esan duenez, Madrilek hauteskunderik antolatuko balu, indar subiranistek ez lukete aurkeztu behar, eta Junts Pel Si errepikatzea ere ez dute ongi ikusten ERCko hainbatek.

Ez gaude eztabaida horretan. Izugarria litzateke hala gertatzea, baina ez dugu espekulatzen estatuak egin dezakeenaz. Imajinatuz joan gara zer egin dezakeen, gainditu dituzte pentsa genitzakeen muga guztiak, baina gu gure agendarekin eta gure bide orriarekin ari gara lanean.

Asko hitz egin da independentzia aldarrikapenaren denborez: joan den asterako nahi zuen CUPek, itxaroteko eskatu dizuete beste batzuek...

Lehenik, zehaztapen bat, hizkuntza ez baita neutrala: legebiltzarreko gehiengoak ez du proposatzen alde bakarreko independentzia aldarrikapen bat; hori egingo luke erreferenduma egin izan ez balitz. Orain proposatzen ari gara lege bat ezartzea; lege hori indarrean egotea edo indargabetzea urriaren 1eko emaitzen mende zegoen; bozkatu zen, emaitza batzuk daude, eta orain lege hori ezarri behar da. Hori esanda, guk lan egin behar dugu ziurtatzeko herritarren mandatu demokratikoa betetzeneta gauzatzen dugula. Gobernua oreka horretan ari da lanean, herritarren erabakia betetzeko eta ezartzeko, eta datozen egunetan ikusiko dugu nola gauzatzen den.

Etziko formulazioa edozein dela ere, prozesu eratzailea egongo da, legeak dioen bezala?

Bai, legeak argi zioen zer gertatuko zen ezezkoak nahiz baiezkoak irabaziz gero. Baiezkoak irabazi du erreferendum legitimo batean, eta, beraz, orain martxan jarriko dira, ez soilik Trantsizio Juridikorako Legea —horrek arautuko du emaitzen proklamaziotik errepublikaren behin betiko aldarrikapenera arteko fasea—, baizik eta, era berean, prozesu eratzaile bat, edukiz betetzeko errepublika berri hori. Horiek bi bide paralelo dira, eta horiek lantzen hasi behar dugu urriaren 1eko emaitzen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.