Gainera, Israelgo Armada erretiratu arte ez dela su-etenik egongo esan du Libanoko milizia xiitak. Hezbolak “ez du soldadu israeldar bat ere onartuko Libanon”, adierazi du Husein Rahal Hezbolako bozeramaileak gaur Al Jazzera telebista katean egin dioten elkarrizketan. Libanoarrek Libanoren “askatasuna” lortzeko borroka egiteko “eskubidea” dutela gaineratu du. Israelgo “tropa okupatzaileak” Libanotik alde egin arte Hezbolak ez duela su-etenik onartuko esan du Rahalek. Hezbolak “ez du militarren presentziarik baimenduko Libanon”, gaineratu du.
Gaur goizean talde xiitak jakinarazi duenez, Israelgo Armadako tropen kontrako erasoa burutu dute Taiben. Al Manar telebistatik plazaratu duten adierazpen baten bidez, Israelgo Armadako tanke bat eta bi hondeamakina suntsitu dituela esan dute, eta gidariak "hil edo zauritu" dituztela.
Bestalde, Beirut hegoaldea eta baita Libano ekialde eta hegoaldeko herriak ere erasotu ditu gaur Israelgo Armadak. Israelgo hegazkinek hainbat auzo bonbardatu dituzte gaur gune horietan. Gutxienez hiru leherketa izan dira gaur gauean Libanoko hiriburuan. Beirut hegoaldeko auzoak Hezbola milizia xiitaren gotorleku direla dio Israelgo Armadak. Libano ekialdeko Al Baiyada eskualdea ere erasotu dute, bost aldiz gutxienez.
900 lagun hil dira jada Israelek Libanon egindako erasoen ondorioz
Uztailaren 12an Hezbolak bi soldadu israeldar bahitu zituenean hasi zuen erasoaldia Israelgo Armadak. Ordutik 900 libanoar hil eta beste 3.000 zauritu dira. “Hildakoen heren bat adin txikiko umeak izan dira ” jakinarazi du Fuad Siniora, Libanoko Lehen ministroak. Izan ere, Israelen eraso bortitzek “gure herrialde osoa suntsitu eta ekonomia bertan behera utzi dute” gaineratu du.
Israelgo misil bat etxe baten kontra lehertu da gaur Taiben, Libano mugako herri batean. Libanoko segurtasun iturriek baieztatu dutenez erasoaren ondorioz familia bereko hiru kidek bizia galdu dute. Hildakoen gorpuak hondakinen artean daude oraindik.
Zibilak giza ezkutu bezala erabiltzea leporatu dio Israelek Hezbolari
Bien bitartean gaur goizean plazaratu duten komunikatu batean zibilak giza ezkutu bezala erabiltzea leporatu dio Israelek Hezbolari. Pasa den igandean 56 zibil hil ziren Qanako eraikuntzaren kontrako erasoan. Israelgo Armadak akatsa aitortu du, hala ere eraikuntzaren barruan zibilak zeudela ez zekiela esan du: “zibilak barruan zeudela jakin izan bagenu ez zen horrelakorik gertatuko”.
Dan Halutz teniente isareldarrak barkamena eskatu du zibilen heriotzengatik, hala ere, hauek giza ezkutu bezala erabiltzea egotzi dio Hezbolari.
Ekialde Hurbila
Hezbolak Israelgo Armadari:"Beirut berriro bonbardatzen baduzue guk Tel Aviv bonbardatuko dugu"
Al Manar telebista katean egin diote elkarrizketa Hezbolako buruzagi nagusi Hassan Nasralari. Israelgo Armadak, Beirut berriro bonbardatzen badu, Hezbolak Tel Aviv erasotuko duela ohartarazi dio Israeli: "Gure hiriburua erasotzen baduzue, guk zuena erasotuko dugu, Tel Aviv". Israelgo Armadako hegazkinek Beirut hegoaldea berriro bonbardatu duten egunean egin ditu adierazpenak. Libanoko lehen ministroak datu berriak eman ditu gaur eta horien arabera 900 lagun hil dira jada Israelek Libanon egindako erasoen ondorioz. Bien bitartean, zibilak giza ezkutu gisa erabiltzea egotzi dio Israelek Hezbolari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu