Hezbollah armagabetzeko babesa eman dio Israelek Libanori

Tel Avivek Beiruti adierazi dio prest dagoela elkarlanean aritzeko. Libanok jada martxan du «armen esklusibotasuna berreskuratzeko plana».

Talde armatu palestinar batek entregatutako armaz betetako kamioi bat, Libanoko soldaduz inguratuta, Burj Barajneh errefuxiatuen esparruan, iragan ostegunean. WAEL HAMZEH / EFE
Armaz betetako kamioi bat, talde armatu palestinar batek entregatutakoa, Libanoko soldaduz inguratuta, Burj Barajneh errefuxiatuen esparruan, ostegunean. WAEL HAMZEH / EFE
2025eko abuztuaren 25a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek begi onez hartu du Libanok Hezbollah armagabetzeko martxan jarri berri duen plana. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk adierazi du herrialde mugakide horren erabakia «esanguratsua» dela. «Libanok bere subiranotasuna berreskuratzeko eta bere erakundeen, armadaren eta gobernuaren autoritatea berrezartzeko aukera paregabea» dela ere gehitu du Netanyahuk, gaur sare sozialetan kaleratutako ohar batean.

Hil hasieran iragarri zuen plana Libanoko lehen ministro Nawaf Salamek, eta, iragan astean, gobernuak esan zuen «armen esklusibotasuna berreskuratzen» hasi zela —2025 amaieran du epemuga—. Hala, armadaren parte ez diren talde armatu guztiak armagabetzeko ahaleginean ari da Libano. Eta talde horien guztien artean, badago bereziki bat Israelek begiz jota duena: Hezbollah Libanoko talde xiita. 

2023an Israelek Gazako setioa hasi zuenetik, Hezbollahk eta Israelek ia egunero egin zioten eraso elkarri. Gatazka koska bat estutu zen 2024ko urrian, baina azaroan su eten bat adostu zuten. Hala ere, elkarren arteko tirabirak nabariak izan dira azken hilabeteetan. Israelek Libano hegoaldeko zenbait eremu kontrolpean ditu oraindik, eta hango herritarrei eraso egin izan die tarteka; nahiz eta su etenak behartzen duen soldadu guztiak Libanotik ateratzera eta bertan erasorik ez egitera. Gaur, esaterako, Libanoko Osasun Ministerioak kaleratu du Israelek pertsona bat hil duela Libano hegoaldean, droneekin egindako eraso baten bitartez. 

Horiek horrela, Tel Avivek Hezbollah desagerrarazi nahi izan du denbora luzez; hala, Libanoren plana babestu nahi izan du orain, helburu hori lor dezakeelakoan. Libanori «bere ahaleginetan» lagunduko diola adierazi du Netanyahuk oharrean, eta prest agertu da «etorkizun seguruago eta egonkorrago baten alde elkarrekin lan egiteko». Besteak beste Libanoko indarrek armagabetzearen aldeko «beharrezko urratsak» egiten badituzte, Netanyahuk atea irekiko dio hegoaldetik Israelgo tropak ateratzeari. 

Nolanahi ere, Hezbollahk behin eta berriro azpimarratu du armak ez dituela utziko, eta Libanoko Gobernuari leporatu dio Israelen interesei men egitea. Gainera, milizia xiitak gaur ohartarazi du, Netanyahuren adierazpenen ondoren, neurriak «arriskuan» eta «disuasio» gaitasunik gabe utziko lukeela Libano Israelgo armadaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.