AEBetako estatu idazkari Marco Rubiok gaur jakinarazi du Libanok eta Israelek akordio bat egin dutela, Libanon «bake eta segurtasun iraunkorra» ezartzeko. Astearteaz geroztik batzartuta egon dira bi aldeetako ordezkariak Washingtonen, eta gaur egin dute sinadura ekitaldia, AEBetako Estatu Departamentuaren egoitzan.
«Lan asko daukagu egiteko, lan zaila. Baina oso lan garrantzitsua da, ezinbestekoa, eta AEBentzat ohorea da itun honen parte izatea». Rubioren hitzak dira, gaurko sinadura ekitaldian esanak.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ez da Washingtonen egon, baina sare sozialetan zabaldutako bideo batean adierazi du Israelgo armada «erretiratu» egingo dela Libano hegoaldeko bi eremutatik —eremuetako bat Litani ibaiaren hegoaldean dago, eta, bestea, berriz, iparraldean—, eta gaineratu du Libanoko armadak ordezkatuko duela han. «Israelek baimena eman dio Libanoko armadari lurralde horiek hartzeko», gaineratu du.
Hala ere, azken mugimendu hori egin arren, Netanyahuk bideoan nabarmendu du Israelgo armada ez dela aterako Libano hegoaldetik: «Hori lorpen bat da, eta bertan egongo gara Hezbollah armagabetu arte».
Sinadura ekitaldian egon dira, besteak beste, Rubio bera, AEBetako Estatuko Departamentuko kontseilari Daniel Holler, Israelek AEBetan daukan enbaxadore Yechiel Leiter eta Libanok AEBetan daukan enbaxadore Nada Hamadeh.
Hezbollah mahaitik at
«Israel ez dago Libanon [Hezbollahren] misilengatik, herrialdea okupatu eta anexionatu nahi duelako baizik». Horixe adierazi du gaur Naim Qassem Hezbollahko idazkari nagusiak, Israelgo eta Libanoko Gobernuek ituna egin aurretik. Harentzat, Tel Avivek Libanoko erasoaldia justifikatzeko erabilitako argudioek ez dute funtsik, eta herrialdetik alde egiteko exijitu dio Netanyahu lehen ministroari, «baldintzarik gabe». Milizia xiitako buruak gaur Libanoko hedabideei egindako adierazpenetan jakinarazi duenez, Israelgo armada erabat erretiratu ostean baino ez dira hasiko Hezbollahren armagabetzeaz eztabaidatzen.
Tel Aviven eskakizun nagusia Hezbollahren armagabetzea da, eta milizia xiitak Israel iparraldeko biztanleak arriskuan jartzen dituztela argudiatuz gogortu zuen erasoaldia. Israelek abian duen okupazioa da Beiruten eta Tel Aviven artean bake akordio bat lortzeko oztopo nagusia. Gainera, Israelen Libanoko operazioak zailtasunak eragin dizkie AEBei ere. Izan ere, Iranen marra gorrietako bat da Libanoko erasoaldia etetea.
Rubiok eta Persiar golkoko herrialdeek armak uzteko exijitu zioten atzo milizia xiitari, Washingtonen eta GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluaren bilkuraren ostean. Argudiatu zuten ezinbestekoa dela Libanok subiranotasun «osoa» berreskuratzeko. Bitartean, AEBak Libanoren eta Israelen arteko akordioa bultzatu nahian aritu dira.
Hezbollahk ez du parte hartu bilkura horietan. Horren harira, gaur Qassemek Libanoko Gobernuari dei egin dio AEBek eta Israelek agindutakoak ez aplikatzeko, eta «etsaiaren aurkako borrokara» batzeko.
Libanon su etena indarrean da apirilaren erdialdetik, eta iragan astean indartu egin zuten, Iranek eta AEBek adostutako behin-behineko bake akordioak barne hartzen baitu Libano ere. Israelgo armada behin eta berriz aritu da menia hori urratzen, eta, azken egunetan murriztu egin baditu ere, tarteka erasoak egiten segitzen du. Atzo gauean, esaterako, armadak berak jakinarazi zuen Hezbollahko sei miliziano hil zituela.
Martxoaren hasieran, Israelek eta AEBek Libanoren aurkako oldarraldiari ekin ostean, koska handi bat egin zuen gora Hezbollahren eta Israelen gatazkak. Eta ordutik Tel Avivek Libano hegoaldea okupatu du, eta 4.200 libanoar baino gehiago hil. Bestalde, Gazan ere Israelgo armadak erasoak egiten jarraitzen du, eta gaur beste bi palestinar hil ditu zerrendaren iparraldean, droneekin egindako eraso batean.