Hilabete bateko protestek desegin dute Ben Aliren 23 urteko agintaldia

Tunisiako presidenteak herrialdea utzi du, dozenaka mila manifestarik hura kargutik kentzeko oihuka eskatu ondorenGannutxi lehen ministroak hartu du lehendakaritza, eta erreformak agindu ditu

Iker Aranburu.
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Tunisiako herritarren hilabete bateko matxinadak Zine El Abidine Ben Aliren 23 urteko agintaldia amaitu du. Tunisiako presidenteak herrialdea utzi zuen atzo arratsaldean, eta Mohamed Gannutxi lehen ministroak ordezkatu du, behin-behinean. Ben Ali nora joan den ez zegoen garbi atzo iluntzean, eta Frantziak ukatu egin zuen harrera egingo diola. Europako Batasunak eta AEBak, hainbat urtez Ben Ali babestu dutenak, harrera ona egin diote erregimen aldaketari.

Poliziaren errepresioak duela hilabete hasitako matxinada isilaraztea lortu ez zuela ikusita, botereari eusteko ahalegin gero eta desesperatuagoetan amaitu du Ben Alik bere agintaldia. Herenegun erregimena aldatuko zuela zin egin zuen, «demokrazia sendotuko eta aniztasun politikoa garatuko» zuela. Gainera, agindu zuen 2014ko legegintzaldia amaitzean utziko zuela kargua eta ez zela berriro aurkeztuko.

Baina, orain arte izan dutenbeldurra uxatuta, dozenaka mila herritar kalera atera ziren atzo goizean Tunis hiriburuan, Ben Ali kanpora!, Ben Ali hiltzailea!, Eskerrik asko, baina nahikoa da oihuekin presidentearen berehalako kanporatzea exijitzeko. Hasiera batean protesta baketsua izan zen —gizonezko gazteak ez ezik, emakumeak eta adineko jendea ere bazegoen—, nahiz eta gobernuak alarma egoera deklaratu zuen hiriburuan. Arratsalde hasieran, ordea, Polizia Barne Ministerioaren aurrean bilduta zeuden manifestariei oldartu zitzaien, negar gasak bota zituen eta manifestazioa desegitea lortu zuen. Hurrengo orduetan ere gazteen eta segurtasun indarren arteko borrokak izan ziren hiriburuko kaleetan.

Bulegoetan, bitartean, Ben Alik, azken ahalegin batean, gobernuaren desegitea iragarri zuen, eta sei hilabeteko epean hauteskundeetara deituko zuela iragarri zuen. Baina dagoeneko bere egoera oso ahulduta zegoen armadaren eta beste boteregune batzuen aurrean, eta arratsaldeko seietan lehendakariaren hegazkin ofiziala atera egin zen Tunis-Kartagoko aireportutik. Berri hau idaztean ez zen jakina non lurreratu zen.

Lehen ministroak hartu du Gobernua. Salbuespen egoeran dago herrialdea, etxeratze agindua dago eta hiru lagun baino gehiagoren bilerak debekatu ditu. Edonola ere, Gannutxi jarduneko presidenteak agindu du herrialdea demokratizatuko duela. «Konstituzioa beteko dut, eta iragarritako erreforma politikoak, ekonomikoak eta sozialak indarrean jarriko ditut». Gainera, hitzeman du elkarlanean arituko dela eragile politiko guztiekin, «alderdi politikoak eta gizarte zibila barne». Ben Aliren aliatu fidela izan da Gannutxi, eta 1999az geroztik lehen ministroa da. Teknokrata ospea du, eta beste agintari batzuek baino izen hobea du, ustelkeria kasuekin nahastu ez dutelako.

Tunisia herri turistikoa izanik, gatazkak dozenaka mila atzerritar harrapatu ditu han. Kostaldeko turismoguneetan egoera orain arte lasaia izan den arren, haietako asko alde egiten ari dira.

Langabezia eta errepresioa

Matxinada duela hilabete piztu zen. Mohamed Buazizi 26 urteko langabe batek bere buruari su eman zion Sidi Bou Said hiri turistikoan, poliziak debekatu egin ziolako kalean fruta saltzea. Buaziziren ekintzak Tunisiako gazte sektore handi baten desesperazioa erakutsi zuen; hark bezala goi ikasketak izanda ere, langabeziara eta bizimodua nola edo hala ateratzera behartuta daude milaka gazte, krisi ekonomikoaren ondorioz. Buaziziren ekintzak eragindako haserreari batu zitzaion elikagaien garestitzeak sortutakoa ere, eta protestak hiri askotara hedatu ziren. Buazizi urtarrilaren 4an hil zen, Ben Aliren beraren bisita jaso eta astebetera. Erregimenak bortizkeriaz erantzun dio matxinadari, eta dozenaka hildako eragin ditu. Kopuru ofizialek 23 biktima izan direla diote, baina oposizioak eta giza eskubideen elkarteek gutxienez 67ren berri eman dute. Horietako 13 ostegun gauean bertan Tunis hiriburuan hildakoak, Ben Alik manifestariei tiro egingo ez zietela agindu eta ordu gutxira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.