Hildako bat eta 37 zauritu Katalunian izandako tren istripu batean

Ezponda bati eusten zion horma trenbidera amildu zen trena igarotzen ari zenean. Hildakoa trenaren gidaria da.

Istripua izandako trenak kalte handiak jasan ditu. FITJORDI / EFE
Istripua izandako trenak kalte handiak jasan ditu. FITJORDI / EFE
gotzon hermosilla
2026ko urtarrilaren 21a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tren istripua izan zen bart iluntzean Gelidan (Katalunian). Ezponda bati eusten zion horma amildu egin zen trenbide gainera aldiriko zerbitzuko tren bat handik igarotzen ari zelarik, eta, ondorioz, trena burdinbidetik atera zen. Ezbeharraren ondorioz pertsona bat hil da, eta 37 zauritu. Hildakoa trenaren gidaria zen, 28 urte zituen, eta praktiketan ziharduen beharrean.

Denboralea izan da egunotan Katalunian, eta horrek luiziak eta bestelako gorabeherak ekarri ditu garraiobideetan. Horixe da, hain zuzen, Gelidan gertatutakoaren inguruko hipotesi nagusia, Kataluniako Generalitateko Lurralde, Etxebizitza eta Trantsizio Ekologikorako kontseilari Silvia Panequek adierazi duenez: uste dute euriteen ondorioz horma higatu egin zela, eta amildu.

Izan ere, ekaitzak bestelako ezbeharrak ere ekarri ditu: Gelidako istripua gertatu aurretik, beste tren batek trenbidera eroritako harri handi bat jo zuen Maçanet Massanes eta Tordera udalerrien arteko bidean, eta trenbidetik atera zen. Istripu horretan ez zen zauriturik izan.

Zerbitzua, bertan behera

Ezbeharra gertatu eta berehala, bertan behera utzi zuten Katalunia osoan aldiriko trenen zerbitzua. Panequek esan duenez, bide osoa aztertzen ari dira, eta zenbait lekutan harriak eta zuhaitz eroriak topatu dituzte. Oztopo horiek kentzen ari dira, eta «segurtasuna guztiz bermatuta dagoela ziurtatu arte» ez dute zerbitzua berriro ezarriko.

37 zaurituetatik bost larri daude, baina haien bizia ez dago arriskuan, Panequek adierazitakoaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.