AEB-ak

Hilketa egotzi diote Brooks tirokatu zuen poliziari

Fiskaltzaren arabera, 27 urteko afro-amerikarrari tiro egin ostean, poliziek ez zioten inolako osasun arretarik eskaini.

Paul Howard fiskala bi polizien aurkako karguak jakinarazten. ERIK S. LESSER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 18a
11:52
Entzun

Fiskaltzak hilketa egotzi dio Rayshard Brooks tiroz hil zuen poliziari, Garrett Rolferi, eta indarkeria erabiliz eraso egin izana eta Poliziari egindako zina urratu izana harekin batera atxiloketan parte hartu zuen beste poliziari, Devin Brosnani. Rolferen kasuan, bizi osorako kartzela zigorra edo, fiskaltzak eskatuz gero, heriotza zigorra jaso lezake.

Paul Howard fiskalak nabarmendu du Brooks ez zela inorentzako mehatxu ihesean joan zenean. Hark aurkeztutako txostenean jasotzen denez, Brooksek taser pistola kendu zion Rolferi, baina ordurako bi aldiz erabilia zuen Rolfek, eta, beraz, bazekien Brooksek ezin izango zuela hirugarrenez erabili. Bestetik, tiro egin ostean, Rolfek ostiko bat jo zion 27 urteko afro-amerikarrari, eta poliziek ez zioten osasun arretarik eskaini.

Joan den ostiralean hil zuten Brooks. Atlantako jatetxe bateko jabeak deitu zion Poliziari, ibilgailu bat sarrera oztopatzen ari zela esanez. Rolfe eta Brosnan bertara heldu zirenean, Brooks aurkitu zuten ibilgailu barruan, lo. Bi agenteek zeramatzaten kameren irudietan ikus daiteke poliziek autotik atera eta alkoholemia proba egiten diotela gizonezkoari. Baina, hari eskuburdinak jartzera zihoazenean, Brooksek aurre egin zien, eta taser pistola kendu zion Rolferi. Ihesari eman zionean egin zion tiro poliziak. Auzitegi medikuaren arabera, bi tiro zituen Brooksek bizkarrean.

Lehen galdeketetan bere burua babesteko tiro egin zuela argudiatu zuen Rolfek, baina, fiskalaren arabera, Brooksek ezin zion kalterik egin; batetik, taser pistola deskargatua zegoelako, eta, bestetik, afro-amerikarra urrunegi zegoelako, eta horren jakitun zegoen polizia.

Poliziak hiru astean hil duen bigarren afro-amerikarra da Brooks. Maiatzaren 25ean George Floyd hil zuten, ia bederatzi minutuz zangoa lepoan jarrita. Bi hilketek herritarren eta batez ere afro-amerikarren haserrea eragin dute, eta protestak piztu dituzte AEBetan eta nazioartean. Eztabaida NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzorderaino heldu da. Erakundeak ohartarazi zuen oinarriak ezarri behar direla arazo hori iraultzeko, eta konponbideak lortzeko estrategia multidimentsionalak sortu eta atondu behar direla. Diskriminazio oro baztertzeko baliatu zuten bilera, baita justizia eskatzeko ere.

Donald Trump presidenteak berak dekretu bat onartu du aste honetan, «indarkeria» saihestu eta «praktika onak» bultzatzen dituzten Polizia Departamentuak «saritzeko». Estatuburuak, ordea, saihestu egin zuen manifestariek salatzen duten arrazakeria sistematikoa aipatzea, eta defendatu egin zuen Poliziaren jarduna, argudiatuz «legea eta ordena» nahi dituztela estatubatuarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.