Brooks bizkarrean bi tiro eginda erail zutela dio auzitegi medikuak

AEBetako Atlanta hirian geldiarazi zuten 27 urteko afro-amerikarra, errepidea oztopatzeagatik. NBEko Giza Eskubideen Batzordeak arrazakeriari eta polizia indarkeriari buruzko bilera bat egingo du

Rayshard Brooksen hilketa salatzeko protestak, Atlanta hirian, igandean. JOHN AMIS / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
George Floyden hilketak piztutako sua oraindik itzali ez dela, beste afro-amerikar bat hil du Poliziak AEB Ameriketako Estatu Batuetan, oraingoan tiroz. Ostiral gauean gertatu zen, Atlanta hirian. Jatetxe baten atarian hil zuten Rayshard Brooks. Jatetxeko langile batek deitu zion Poliziari, 27 urteko gizona auto barruan lo geratu zelako eta haren ibilgailuak pasabidea oztopatzen zuelako. Polizia agertu zenean, autotik aterarazi eta alkoholemia proba egin zioten, eta positibo eman zuen. Segurtasun indarrek aurkeztutako txostenaren arabera, gizonak aurre egin zien eskuburdinak jartzera joan zirenean une horretan, poliziek soinean zituzten kamerak lurrera erori ziren eta seinalea eten zen, baina inguruko segurtasun kameren irudietan ikus daiteke poliziek gizonari lurrean eusten diotela. Une horretan, Brooks haietako batek zeraman taser pistola hartzen ahalegindu zen, eta ihesean atera zen. «Tiro egin zidan taserrarekin», argudiatu zuen Garrett Rolfe poliziak, Brooks zergatik tirokatu zuen galdetutakoan. Baina gertatutakoa ikertzen ari den taldearen arabera, irudiak ikusita ezin baieztatu daiteke halakorik.

Lekukoen esanetan, eta segurtasun kameren irudietan, Brooks lasterka ari zela egiten diote tiro—ez da ikusten eskuetan taser pistola ote zuen segurtasun indarrek dioten moduan—. Auzitegi medikuaren arabera, Brooksi bizkarrean egin zioten tiro, eta, beraz, giza erailketa izan zen gertatutakoa. Fulton barrutiko fiskalak berak «gehiegizkotzat» jo du tiroka erantzun izana. «Ez dirudi inorentzat arriskutsua zenik. Gertatutakoaren ondorioz gizon bat hil izana gehiegizkoa da», esan du.

Atlantako poliziaburuak, Erika Shieldsek, dimisioa eman du, eta Brooks tirokatu zuen polizia, Garrett Rolfe, kargugabetu egin dute, baita harekin batera atxiloketan parte hartu zuen beste polizia ere, baina behin-behinean. Fiskalak iragarri du bihar jakinaraziko dutela zer kargu aurkeztuko dituzten Rolferen kontra.

Bestalde, Kalifornian, urkatuta agertu den afro-amerikar baten kasua ikertzen ari dira. Poliziak uste du bere buruaz beste egin duela, baina familiak ukatu egin du hori.

Hilabete baino gutxiagoan gertatutako bigarren hilketak protestak areagotu ditu asteburuan.Istilu larrienak, baina, Atlantan bertan izan dira, non su eman dioten Brooks atzeman zuten tokian zegoen jatetxeari.

Dimisioak Polizian

Floyden hilketak eragindako protestak ez dira eten, eta horien aurrean «bakarrik» utzi dituztela salatu dute Minneapolisko poliziek. Dagoeneko zazpik eman dute dimisioa, eta, iturri ofizialek aurreratu dutenez, beste zazpik ere eskatua dute kargua uztea. Komunikabideek zabaldu dutenez, segurtasun indarrak kexu dira Jacob Frey alkateak polizia etxea uzteko agindu zielako protesten lehen egunetan, manifestariek eraikina inguratu zutenean. Manifestariek su eman zioten eraikinari poliziak joan zirenean.

Arrazakeria eta polizia indarkeriaren inguruko eztabaida NBE Nazio Batuen Erakunderaino heldu da. Erakundeko kide diren afrikar jatorriko edo gurasoak afrikarrak dituzten kideek idatzi bat zabaldu dute Poliziaren ankerkeria eta arrazakeria sistematikoa salatzeko. «Hitzak utzi eta ekiteko ordua da. Zin egiten diegu George Floydi eta arrazakeriaren biktima izan diren guztiei erakunde arrazista guztiak desegingo ditugula. Urteetako zapalkuntzak isilarazi dituen horien guztien ordezkari izan behar dugu».

Eskariari erantzunez, NBEko Giza Eskubideen Batzordeak iragarri du polizia indarkeriari eta arrazakeriari buruz eztabaidatuko duela asteazkenean Genevan egingo duten goi bileran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.