Arrazakeria eta indarkeria amaitzeko ekintzak eskatu dituzte NBEn

Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak premiazko eztabaida bat egin du arrazakeria eta poliziaren indarkeria aztertzeko. Floyden anaiak ikerketa batzorde independente bat osatzea galdegin du

Floyden anaia hitz egiten, atzo eginiko saioan. MARTIAL TREZZINI / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Arrazakeriaren eta polizia indarkeriaren kontrako protesta sutsuek indarrean jarraitzen duten bitartean, NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak eztabaida bat egin zuen atzo, gai hori ardatz hartuta, Genevan eginiko goi bileran. Hala, bat egin zuten parte hartzaileek: oinarriak ezarri behar dira arazo hori iraultzeko, eta konponbideak lortzeko estrategia multidimentsionalak sortu eta atondu behar dira, orain. Diskriminazio oro baztertzeko baliatu zuten bilera, baita justizia eskatzeko ere.

Michelle Bachelet NBEko Giza EskubideenKontseiluko goi mandatariak nabarmendu zuen gauza gutxi aldatu direla «urte gehiegitan», eta egun egiten ari diren protestek funtsezko aldaketa bat eskatzen dutela. Hala, haren esanetan, egungo arraza indarkeriaren, arrazakeria sistemikoaren eta indarkeria polizial diskriminatzailearen atzean esklaboen merkataritzaren eta kolonialismoaren legatua daudela aitortzeko eta horri aurre egiteko ukazioa dago. «Ekintza erabakigarriak egin behar ditugu mundu osoan», azpimarratu zuen.

Hain zuzen, Minneapoliseko Poliziak George Floyd afro-amerikarra hiltzeak lehertu zituen arrazakeriaren eta poliziaren indarkeriaren aurkako protestak, eta jende andana irten da kalera jazarpen hori egiturazko arazoa dela salatzera.

Ordutik, AEB Ameriketako Estatu Batuetan ez ezik, mundu osora hedatu dira aldarrikapenak. Bacheleten arabera, «basakeriaren ekintza horrek» afrikar jatorriko milioika pertsonari kalte egiten dien «arrazakeria sistemikoa» sinbolizatu du. Argi adierazi zuen aurrerantzean ekin eta jarraitu beharreko bidea: «Ez da nahikoa adierazpenak eta ekintzak gaitzestea. Harago joan behar dugu, eta gehiago egin». Bestalde, nabarmendu zuen polizien abusuzko jokabide guztiak ikertu eta zigortu behar direla, nazioarteko arau eta irizpideetan oinarrituta.

Horrez gainera, aldatu beharreko espazio batzuei erreferentzia egin zien, eta horiek nolakoak izan beharko luketen definitu; adibidez, aurreiritzirik gabeko eskolak eta unibertsitateak izatea, aukera eta tratu bera emango duten ekonomiak ezartzea,erakunde politikoak inklusiboagoak izatea eta benetan bidezkoak diren justizia sistemak edukitzea.

Bide berean, Tendayi Achiume arrazakerian aditua den NBEko kideak esan zuen beharrezkoa dela nazioarteko ikerketa batzorde bat osatzea poliziaren arrazakeria eta indarkeria aztertzeko. «Aldaketa zehatzak ikusi behar ditugu», nabarmendu zuen.

Eztabaidan parte hartu zuen Philonise Floydek ere, aurreko hilean hil zuten Floyden anaiak. Horrela, AEBetako arrazakeria eta indarkeria amaitzeko eskatzeko aprobetxatu zuen aukera, hil zutena beste edozein afro-amerikar izan zitekeela salatuz: «Nire anaiarentzat justizia lortzen laguntzeko eskatzen dizuet. Espero dut Poliziak Ameriketan egindako beltzen hilketak ikertzeko ikerketa batzorde independente bat ezartzea».

Munduko hainbat herrialdetako ordezkariek hartu zuten parte goi bileran, eta,besteak beste, arrazakeria, diskriminazioa edota xenofobia salatzeko baliatu zuten tartea, baita instituzioen indarkeria ere. Gaur goizean ekingo diote berriz bilerari, falta diren estatuetako ordezkarien diskurtsoak entzuteko, eta orduan erabakiko dute AEBetako indar polizialek afro-amerikarren aurka egiten dituzten abusuzko jokabideaketa arrazakeria ikertuko ote dituzten.

Afrikako Taldearen eskaera

Hain zuzen, NBEko Afrikako Taldeko 54 herrialdeek egin zuten eztabaida egiteko eskaera. Galdegin zuten premiazko saio bat egin dadila «manifestazio baketsuen aurkako indarkeriaren» inguruan aritzeko, eta hori ikertzeko eskatzeko —manifestaziook eskatu dute amai daitezela « arrazakerian oinarritzen diren egungo giza eskubideen urraketak, arrazakeria sistematikoa eta jatorri afrikarreko pertsonen aurkako poliziaren basakeria»—. Nabarmendu zuten, gainera, ezinbestekoa dela gai hori lantzea. Horrez gainera, gogoratu zuten Floyden hilketa ez dela gertakari bakan bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.