ARRAZAKERIA AEB-ETAN

Hilketa egotzi diote gizonezko beltz bat tiroz hil zuen polizia bati

Poliziak gizona zihoan autoa geldiarazi, eta hura korrika hasi zen ihesi. Ez zeraman armarik, baina bost aldiz egin zion tiro poliziak. AEBetako Poliziaren arrazakeriaren gaia plazaratu du berriz gertakariak.

Poliziak tiro egiten dion unea.
2015eko apirilaren 8a
09:04
Entzun 00:00:0000:00:00

Keith Summey North Charlestongo (Hego Karolina, AEB) alkateak jakinarazi du hilketa egin izana egotzi diotela larunbatean herritar bat tiroz hil zuen poliziari. Unea grabatu zuen beste herritar batek, eta bertan ikus daiteke poliziak bost aldiz egin ziola tiro korrika zihoan gizonari.

Iazko udan Fergusonen gertatutakoa gogora ekarri, eta arrazakeriaren gaia berriro jarri du mahai gainean gertakariak. Orduko hartan, armarik gabe zegoela eta bere burua entregatzera zihoala, tiroz hil zuen Poliziak gazte beltz bat. Darren Wilson izan zen polizia hura, eta homizidioz ez akusatzea erabaki zuen epaimahai batek. Istilu handiak izan ziren horren ondotik.

Antzera gertatu zen larunbatean. Michael Slager poliziak Walter Scott 50 urteko gizonaren autoa geldiarazi zuen. Haren familiako abokatu Chris Stewartek azaldu duenez, pentsioaren ordainketa batzuk atzeratuak zituela-eta, kartzelara joateko beldurra zuen Scottek, eta horregatik hasi zen ihesi. Korrikaldian, poliziak bost aldiz egin zion tiro atzetik, eta lurrean zegoela, besoak atzean jartzeko agindu zion.

Herritar batek grabatutako bideoak, gainera, poliziaren bertsioa desegin du; hark azaldu zuen tiroka hasi zitzaiola Scott arma lapurtzen ahalegindu zelako.

"Hanka sartzen duzunean, hanka sartzen duzu. Erabaki okerra hartzen duzunean, berdin dio ofizial bat edo herritar bat zaren; erabakiari aurre egin behar diozu", esan du alkateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.