AEBetako eta Irango ordezkariak asteburuan bilduko dira Islamabaden, Etxe Zuriaren arabera

Irango Atzerri ministroa Pakistango hiriburura joatekoa da; Witkoff eta Kushner bidaliko ditu Washingtonek. Libanorako menia hiru astez luzatzea adostu dute Tel Avivek eta Beirutek; Israelek ohartarazi du su etena ez duela «erabat» beteko.

Israelgo armadak hildako kazetari baten hileta ekitaldia atzo, Al-Baisariya herrian, Libano hegoaldean. WAEL HAMZEH / EFE
Israelgo armadak hildako kazetari baten hileta ekitaldia atzo, Al-Baisariya herrian, Libano hegoaldean. WAEL HAMZEH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Julen Otaegi Leonet
2026ko apirilaren 24a
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Antza denez, Ameriketako Estatu Batuek azkenerako lortuko dute Iranekin batera biltzea. Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak prentsaurreko batean esan du Teheranek «aurrerapausoak» eman dituela, hitz egiteko prest dagoela, eta, horretarako, Steve Witkoff eta Jared Kushner ordezkariak Islamabadera bidaltzekoa dela Donald Trump presidentea, «irandarrak entzun ditzaten». Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak gaur iragarri du Pakistango hiriburura joango dela datozen orduetan —eta datozen egunetan Omanera eta Errusiara ere joatekoa da—. Reuters agentziak kaleratu duenez, Etxe Zuriaren bi ordezkari horiekin biltzekoa da asteburuan —hori adierazi diote Washingtongo iturri ofizialek—.

Asteon, Trumpek luzatu egin du apirilaren 8an Iranen ezarritako tregoa —ez du zehaztu noiz arte—, baina lasai bota du ez duela presarik Teheranekin akordio bat egiteko: «Nik munduko denbora guztia daukat; Iranek, aldiz, ez. Erlojua aurrera doa». Kazetariei ere eskatu die «presarik» ez sartzeko, denbora aldetik Iran dagoela «presiopean», eta ez AEBak. Halere, AEBetako presidentea izan da aste honetan Irani presio egiten aritu dena elkarrizketen bigarren saioan parte hartzeko —lehen elkarrizketa sorta apirilaren 11n eta 12an egin zuten, Islamabaden—.

Reutersek aipatutako iturrien arabera, AEBetako presidenteorde JD Vance ez da joatekoa —hark zuzendu zuen ordezkaritza lehenengo bilera sortan—, Mohammad Bagher Ghalibaf Irango parlamentuko presidenteak aurrerantzean ez baitu parte hartuko negoziazioetan; parez pare jarri izan dituzte Vance eta Ghalibaf, negoziazioei dagokienez.

Kontua da Teheranek Washingtoni eta Tel Avivi leporatzen diela su etena urratzea, eta Ormuzko itsasartea itxia duela. Iragan astean, Libanoko menia onartu ostean, ireki egin zuten pasabide hori. Baina, ikusita AEBetako armadak ez zuela bertan behera utziko Irango portuei ezarritako blokeoa, Irango Guardia Iraultzaileak Ormuz itxi zuen berriz ere. Asteon, Iranek itsasarte hori gurutzatzen ari ziren bi itsasontzi atxiki zituen. AEBetako armadak, bestalde, hiru petroliontzi atzeman ditu azken egunetan, Iranekin lotura dutelakoan.

3

AEBetako zenbat hegazkinontzi dauden Ekialde Hurbilean. AEBetako armadak gaur jakinarazi du Ekialde Hurbilera iritsi dela USS George H.W. Bush hegazkinontzia. Hortaz, jada AEBetako hiru hegazkinontzi daude eskualde horretan. Aurrez han zeuden USS Gerald R. Ford eta USS Abraham Lincoln ontziak, lehena Itsaso Gorrian eta bigarrena Arabiako itsasoan. 

Ormuz hizpide, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan du gerraren amaiera «iraunkorra» adostu behar dutela aldeek, eta horretarako nabigatzeko askatasuna berreskuratu behar dela itsasartean, «bidesaririk gabe». Talde komunitarioko estatuburuek eta gobernuburuek goi bilera informal bat egin dute Zipren, eta Von der Leyenek prentsaurrekoa eskaini du Joseph Aoun Libanoko presidentearekin eta Ahmed al-Xaraa Siriakoarekin batera: «Edozein bake akordiok aintzat hartu beharko du Iranen programa nuklearra eta misil balistikoena», erantsi du. Bestalde, nabarmendu du Ekialde Hurbilean ezingo dela egonkortasuna lortu Libano «sutan» den bitartean: «Aldi baterako su etena ez da nahikoa».

Erasoek etenik ez Libanon

Su etena deitzen diote, baina erasoek ez dute etenik Libanon. Donald Trump AEBetako presidenteak tregoa hiru astez luzatuko dutela iragarri arren, Israelgo armadak jakinarazi du Hezbollah milizia xiitako sei kide hil dituela Libanon, argudiatuta Israelgo soldaduei eraso egitear zirela. Gaur astebete adostu zuten Beirutek eta Tel Avivek hamar egunez erasoak etetea —etzi zen amaitzekoa menia, igandean—; Israelgo armadak, baina, Libano hegoaldea bonbardatzen jarraitu du. Hortaz, ez dago argi Trumpek goizaldean iragarritako luzapenak egoera aldaraziko duen.

Atzo Etxe Zurian batzartu ziren Israelgo eta Libanoko ordezkariak Trumpen administrazioko kideekin —Euskal Herrian gaur goizaldea zenean amaitu da bilera—. «Bilkura arrakastatsua izan da. Ameriketako Estatu Batuek Hezbollahrengandik babesten lagunduko diote Libanori. Israelen eta Libanoren arteko su etena hiru astez luzatuko da», iragarri zuen AEBetako presidenteak.

Azken asteetan bigarrenez bildu dira hiru herrialdeetako ordezkariak. 1993tik lehen aldia izan da Tel Aviven eta Beiruten ordezkariek zuzeneko elkarrizketak egin dituztena. Gainera, Etxe Zuriko maizterrak jakinarazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren eta Joseph Aoun Libanoko presidentearen arteko bilkura bat antolatuko duela Etxe Zurian. Ez du zehaztu noiz izango den. Halere, kontuan hartu behar da Washingtonen egindako elkarrizketetan ez duela parte hartu Hezbollahk. Eta milizia hori da Israelgo armadarekin zuzenean borrokan ari dena.

Tregoa iragarri bezain laster, ordea, Israelek zehaztu du su etena ez dela «erabatekoa». Danny Danon Israelek NBE Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak justifikatu egin ditu Israelgo armadaren urraketak, CNN AEBetako hedabidean egindako elkarrizketa batean. Adierazi duenez, Libanoko Gobernuak ez du Hezbollah kontrolatzen, eta milizia xiita Israeli eraso egiten ari da. «Horregatik, mehatxu bat sumatzen dugun bakoitzean, erantzun egiten dugu». Danonek esandakoak berretsi ditu gero Netanyahuk: «bake historikoa» lortzeko prozesua «sabotatzea» leporatu dio Hezbollahri, eta eraso egiten jarraituko dutela ohartarazi du: «Edozein mehatxuri erantzuteko askatasunari eutsiko diogu. Erasoak egin genituen atzo, eta erasoak egin ditugu gaur», esan du bideo batean. 

Eta Hezbollahren mehatxua argudio  gisa baliatuz, Libano hegoaldea txikitzen jarraitu du. Armadak jakinarazi du hainbat eraikin bonbardatu dituela Kherbet Selem eta Tulin herrietan, eta ziurtatu, frogarik eman gabe, milizia xiitak Isralen aurkako erasoak prestatzeko erabiltzen zituela eraikin horiek.

Gizon bat Mojtaba Khamenei Irango lider berriaren irudia duten banderak saltzen, gaur, Teheranen. JAIME LEON / EFE
Gizon bat Mojtaba Khamenei Irango lider berriaren irudia duten banderak saltzen, gaur, Teheranen. JAIME LEON / EFE

Azken bi egunetan, Israelek gutxienez zortzi pertsona hil ditu Libano hegoaldean, tartean Amal Khalil kazetaria. Atzo, Washingtongo bilkuraren aurretik, Libanoko Gobernuak salatu zuen Tel Avivek «nahita» hil zuela Khalil; are, hilketa hori gizadiaren kontrako krimentzat jo zuten bai Aoun presidenteak, bai Nawaf Salam lehen ministroak.

Bestalde, Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-Behinekoek jakinarazi dute larri zegoen soldadu bat hil dela gaur. Martxoaren amaieran misio horren Libano hegoaldeko Adtxit al-Qusair basea bonbardatu zuten, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak Israeli egotzi zion erasoa —soldadu bat eraso horretan bertan hil zen—. Guztira sei dira, hortaz, gatazka areagotu zenetik erasoetan hil diren kasko urdinak: lau indonesiar eta bi frantziar.

Desplazatuak, ezin etxera itzuli

Martxoaren hasieran areagotu zuen Israelek Libanoren kontrako erasoaldia. 2023ko urrian, Gazako setioa hasi ostean, are gehiago gaiztotu zen Tel Aviven eta Hezbollahren arteko gatazka, eta ordutik apenas izan duen etenik erasoaldiak. 2024ko azaroan su eten bat indarrean jarri bazuten ere, Israelek urratu egin du maiz. Otsaileko azken egunean, AEBak eta Israel Iranen aurka egiten hasi ziren, eta Hezbollahk, Teherani eraso egiten ari zitzaizkiola ikusita, Israel iparraldera suziri batzuk jaurtiz erreakzionatu zuen. Ordutik, Israelek ia 2.500 pertsona hil ditu Libanon; Hezbollahren eta Iranen erasoen ondorioz Israelen hildakoak 35 inguru dira.

Gainera, 1,1 milioi herritar etxera itzuli ezinda daude Libanon. Iragan ostiralean hamar eguneko su etena iragarri ostean, libanoar asko etxera itzultzen saiatu ziren, baina Israelgo armadak herriak husteko agintzen jarraitu du aste osoan. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak —Libanon ere jarduten du— eman du zifra horren berri, eta gaineratu du 250.000 lagun inguruk egin dutela ihes Siriara. Halere, UNRWAk zehaztu du tregoa indarrean sartu zenetik desplazatu kopuruak behera egin duela agentzia horrek kudeatzen dituen kanpamentuetan: 1.700 baino gehiago ziren duela astebete, eta 1.337 orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA