Hiru lagun atxilotu dituzte Marielle Francoren hilketa agindu zutelakoan

2018ko martxoaren 14an hil zuten zinegotzia, tiroz, ekitaldi politiko batetik atera berria zela. Gogor kritikatu zuen gobernuak ezarritako militarren esku hartzea.

Marielle Franco giza eskubideen ekintzailearen hilketaren kontrako elkarretaratzean, Rio de Janeiron. ANTONIO LACERDA / EFE
Marielle Franco giza eskubideen ekintzailearen hilketaren kontrako elkarretaratzean, Rio de Janeiron. ANTONIO LACERDA / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko martxoaren 25a
12:00
Entzun

Brasilgo Poliziak hiru lagun atxilotu zituen atzo, ustez Marielle Franco ekintzaile feministaren hilketarekin zerikusia dutelakoan. 2018ko martxoaren 14an hil zuten, tiroz, ekitaldi politiko batetik atera berria zela. Rio de Janeiroko zinegotzia zen, eta gogor kritikatu zuen gobernuak ezarritako militarren esku hartzea. Hiru gizon dira atxilotutakoak: Jose Brazao, haren anaia Domingos Brazao Rio de Janeiroko Kontuen Auzitegiko funtzionarioa, eta Rivaldo Barbosa hiriko Poliziako buru ohia. «Jainkoak bakarrik daki zenbat amestu dugun egun honekin», adierazi zuen Anielle Franco Arraza Berdintasuneko ministro eta hildakoaren ahizpak.

2.002 egun bete ziren atzo hilketa gertatu zenetik, eta ikerketak bide berri bat abiatu zuen krimenaren egile materialetako batek gertatutakoa kontatu zuelako. Haren testigantza sumariopeko sekretua den arren, hark errandakoa Brazao anaiak eta Barbosa atxilotzeko funtsezkoa izan zela diote ikerketaburuek. Barbosaren atxiloketak sortu du harridurarik handiena, Brazao anaien izenak aspalditik daudelako kasuarekin lotuta. Marinete da Silvak, Francoren amak, adierazi du bere bertze alaba, Anielle Franco, fidatu egiten zela Barbosaz: «Esan zigun kasu hau konpontzea ohore kontua zela berentzat. Bere lana egin beharko lukeen autoritate batekin horrelako zerbait bizitzen duzunean, are zailagoa da».

Erreakzio anitz sortu dituzte atxiloketek. Bertzeak bertze, Francoren alargunak, Monica Beniciok, adierazi du atxiloketa horiekin «frogatu» nahi dutela «miliziek sistema politikoaren parte baten beso armatu gisa» jarduten dutela. Ricardo Lewandowski Justizia ministroak, berriz, erran du atxiloketak «mugarri bat» izan daitezkeela «herrialdeko krimenaren kontrako borrokan». «Polizia operazioaren emaitzak, egile intelektualak bilatzeko fase honetan, erakusten du kriminalitateak ez duela lekurik izango, etengabeko borroka egongo dela eta ez dela nagusituko», borobildu du Lewandowskik.

Emakume beltzen alde

Franco PSOL Sozialismoa eta Askatasuna alderdiko zinegotzia zen Rio de Janeiron, 2016ko hauteskundeetan hirian boto gehien lortu zutenen artean bosgarrena, eta oso ezaguna zen giza eskubideen eta, batez ere, emakume beltzen alde egiten zuen lanarengatik. Rio de Janeiroko Mare favelan jaio zen, 1979an, eta hantxe bizi zen. Poliziaren eta droga trafikatzaileen arteko tiroketa batean lagun bat hil ziotenean hasi zuen militantzia, emakumeen eta giza eskubideen alde, eta Poliziaren indarkeriaren aurka. Soziologoa zen, eta 2006an sartu zen politikan. Hil zuten arte, Rio de Janeiroko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko koordinatzailea zen.

Autoritateek bi polizia atxilotu zituzten 2019an, Francoren hilketaren egile materialak zirelakoan. Justiziak onartu zuen hilketagatik epaitu eginen zituztela, baina argitzeke gelditu zen nork agindu zuen Franco hiltzea, eta hilketaren atzean egon litekeen guztia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.