Hiru lagun hil ziren atzo gauean Italian, Giglio uhartetik gertu itsas bidaldi bateko ontziak hondoa jo eta albo batera erorita, Tirreno itsasoan. 4.229 bidaiari zihoazen ontzian, eta desagertutakoak 50 inguru dira Giglioko Poliziaren arduradunek esan dutenez. Costa Cruceros konpainiarena da ontzia, eta Italian geldialdiak egiteaz gain, Marseillan (Frantzia) eta Bartzelonan eta Palman (Herrialde Katalanak) ere gelditzekoa zen.
Ontziak Costa Concordia du izena, eta Mediterraneoko itsas bidaia ari zen egiten, Savonatik Civitavecchiara zihoala hondoa jo duenean. Ondorioz, 80 gradu erori da. 21:30ak ziren, eta bidaiari gehienak afaltzen ari ziren. Lekukoen arabera, kolpe handi bat izan da, eta argia joan da.
"Kaosa erabatekoa zen. Ontzia okertzen hasi zen, eta bat bestearen gainera erortzen hasi ginen, batzuk besteak zaurituz", esan du bidaiarietako batek. Beste lekuko batzuek diote sirena hotsak entzun zirela, inguruetako arrantzontzienak, baina ez zekitela une horretan zergatik ari ziren.
"Amesgaiztoa izan da. Titanicen geundela zirudien, eta hil egingo ginela uste genuen", esan dute Silvana Caddeok, Ignazio Deiddak eta Mirella Cordak. Jendea garrasika ari zela gaineratu dute, eta haurrak, negarrez. Ontzia okertzen hasi zenean zenbait bidaiarik uretara salto egin zutela esan dute.
Beste bidaiari batzuek salatu dute erreskate lanak oso motel joan zirela eta ordu eta erdi behar izan zutela bidaiariak ateratzeko. Yuri Selvaggik kontatu du izua zela nagusi, eta bere familia eraman zuen salbamendu ontzia iraultzekotan izan zela. Agintariek ikerketa bat agindu dute.