Sahar Francis. Abokatua

«Hiru preso hil dira urtea hasi zenetik»

Addameer erakundeko kideak salatu du Israelgo eskuin muturra boterean denetik preso palestinarren egoerak okerrera egin duela, eta nazioarteko komunitateari egotzi dio ez dituela bere eginbeharrak bete.

SAHAR FRANCIS.
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Presoen Babeserako Addameer erakundeko kidea da Sahar Francis. Israelen preso dauden palestinarrei doako lege aholkularitza eskaintzen die elkarteak. Lan hori egiteak, ordea, baditu arriskuak. Irailean, militarrak sartu ziren euren bulegoetara, eta ordenagailuak eraman zizkieten.

Nolakoa da preso palestinarren egoera?

Murrizketa eta eskubide urraketa asko jasan behar dituzte egunerokoan. Osasun baldintzak txarrak dira, eta utzikeria handia dago. Urtea hasi zenetik, hiru preso hil dira osasun arazoen ondorioz, eta ehunka dira familiaren bisitarik jasotzen ez dutenak segurtasun arrazoiak medio. Abokatuekiko elkarrizketetan ere ezartzen dizkiete murrizketak, batez ere galdeketaren garaian. Hasierako prozedura horietan hirurogei egunez debeka diezaiokete abokatuari atxilotua ikustea; alegia, galdeketek irauten duten tarte ia osoan abokatuak ezin izaten duela atxilotua ikusi edo lege aholkurik eman. Tortura eta tratu txarren salaketak ere ugariak dira.

Zeren arabera erabakitzen du Israelek delitu bat segurtasunaren aurkakoa dela?

Okupazioa kritikatzeko edo haren aurka egiteko edozein ekintza izan daiteke delitu. Palestinako alderdi politiko guztiak dira legez kanpokoak, eta haietako bateko kide izatea bera ere delitua da. Ikasle mugimenduak, sindikatuak, gobernuz kanpoko erakundeak... Alderdi batekin edo antzeko mugimenduren batekin lotuta egon daitekeen edozein taldetan lan egitea izan daiteke delitu. Sare sozialetan haiek esaten duten edozer idaztea da delitu. Manifestazioak ere legez kanpokoak dira.

Preso administratiboekin, gainera, maiz ez dakite zergatik hartu dituzten atxilo.

Atxiloketa administratiboa dokumentu sekretuetan dago oinarritua, eta horrek esan nahi du nik abokatu gisa ezin dudala informazio hori jaso, ez eta atxilotua ikusi ere. Beraz, pertsona bat preso egon daiteke zerez akusatzen duten jakin gabe eta bere burua nola defendatuko duen ideiarik ere izan gabe. Atxiloketa administratiboa sei hilabetekoa izan daiteke gehienez, baina behin eta berriz luzatu daiteke froga berberetan oinarrituta. Ez dago mugarik. Pertsona bat hainbat urtez izan dezakete preso, eta gero aske utzi, haren aurkako salaketak argitu gabe.

Zertan dira preso dauden adingabeak?

Gaur egun, 180 adingabe daude preso. Haietako batzuk epaiketaren zain, eta beste batzuk dagoeneko zigortuak. Aipatzekoa da joan den abenduan adingabe bat atxiloaldi administratiboan zegoela. Oso baldintza txarrak dituzte haiek ere. Urtarril honetan bertan haietako hirurogei Ofergo kartzelatik Adamonera eraman dituzte, Haifa hiritik gertu. Oso kartzela zaharra da hura, oso baldintza txarretan dagoena. Ikasteko aukera oso mugatua dute, eta, esaterako, ezin dituzte egin bigarren hezkuntzan sartzeko azterketak. Ez dute gizarteratzeko programetan parte hartzen, ez eta gizarte laguntzarik jasotzen ere.

Nazioarteak esku hartu du presoen auzian?

Egoerak okerrera egin du, batez ere Israelgo eskuin muturrakAEBen eta beste hainbat herrialdeen babesa jaso duelako. Inoiz ez dizkiete erantzukizunak eskatu gerra krimenengatik edo gizateriaren aurkako delituengatik. Nazioarteak bere betebeharrak egingo balitu, giza eskubideak errespetatuko lituzke, eta gauza bera egitera behartuko luke Israelgo Gobernua ere.

2019ko irailean, Israelgo soldaduak zuen bulegoetan sartu ziren; kalteak egin zituzten, eta baita hainbat ordenagailu eraman ere. Ohikoak dira halakoak?

Hirugarren aldia da Israelgo okupazio indarrak gure bulegoetan sartzen direna. Jakina, ez dute inoiz inolako azalpenik eman, ez eta ordenagailuak edo lapurtutako beste edozer itzuli ere. Euren legea bera ere ez dute errespetatzen besteen jabetzak bahitu edo eramatean. Halako sarekadak modu bat dira erakunde eta bulegoak estu hartzeko eta kontrolpean edukitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.