Hiru talde disidente borroka armatuari batera ekiteko elkartu dira Ipar Irlandan

Sinn Feinek boterea unionistekin banatzea kritikatu, eta herritarrei «bake faltsua» saldu zaiela adierazi dute

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Irlanda iparraldeko lau talde disidente garrantzitsuenetako hiru batu egin dira, eta IRA Irlandako Armada Errepublikanoa beraiek direla aldarrikatu dute. Batu direnak RIRA Benetako IRA, RAAD Drogaren Aurkako Ekintza Errepublikanoa eta Oglaigh na hEireann (Irlandako soldaduak) izena erabiltzen duten talde armatuakdira. Beste talde disidente handienak, CIRA Jarraipeneko IRAk, ez du bat egin gainerakoekin.

Eratu berri den taldeak «buruzagitza bakarraren menpean bateratutako egitura» dela adierazi du Erresuma Batuko The Guardian egunkarira igorritako komunikatu batean. Horretaz gain, IRAren sorrera garaiko ideiei «leial» zaizkiela diote batutako hiru talde disidenteek. Adierazpenaren arabera, azken urteetan «atzerapausoak» eman dira Irlanda aske eta independentearen sortzeko bidean. Errepublikanoen arteko hausturari eta buruzagi nazionalisten «okerrei» egozten diete atzerapena talde disidenteek. Modu horretan, errepublikanoen sektore gogorrenaren etaSinn Fein bide politikoa jorratzen duen alderdiaren arteko talkari erreferentzia zuzena egiten dio bat egindako disidenteen komunikatuak. Gainera, ez zaie ongi iruditzen Sinn Feinek boterea talde unionistekin banatzea. Horregatik adierazi dute Irlandako herritarrei «bake faltsua» saldu zaiela Stormonteko Legebiltzarrean agintea hartuta.

Atxiloketak, probokazio

Komunikatuan, Irlandaren askatasuna lortzeko «talde armatu baten beharra» dagoela azpimarratu dute disidenteek. Bestalde, nazioarteari eskatu diote Erresuma Batuak beren herrialdean egiten duen «esku sartze politikoa» ikuskatzeko. Zehazki, Irlanda iparralderako Erresuma Batuko ministro Owen Patersonen aurkajotzen dute disidenteek komunikatuan, eta errepublikanoen atxiloketak salatzen. Disidenteek diotenez, «jazarpena, atxiloketak eta indarkeria pairatzen dituzte errepublikano inkonformistek koroa britainiarraren» indar armatuen eskutik, eta adierazi dute «probokatzen eta gatazka bila» dabiltzanak ez direla eurak, Erresuma Batua baizik.

Iturri errepublikanoen arabera, bateratu direnen artean, talde armatuetako kideak eta errepublikano «inkonformistak» daude, 2006an kanpaina armatua amaitu zuen PIRA Behin-behineko IRAko hainbat ere bai tartean. Irlanda iparraldeko alderdi gehienek, Erresuma Batuak eta Irlandako Errepublikak 1998an Ostiral Santuko Akordioa sinatu zutenetik, talde disidenteak lehen aldiz mintzatu dira elkarrekin.

Belfast iparraldeko Sinn Feineko parlamentari Gerry Kellyk, urte luzeetan «joan-etorrian» ibiltzea eta abian dagoena «apurtzen edo erreformatzen» saiatzea leporatu die disidenteei. Horretaz gain, Kellyk adierazi du disidenteen mugimendu berriak ez duela estrategia jakinik, eta haien helburuak «lokatza bezain garbiak» direla. Izan ere, Kellyren arabera lekuz kanpo dago droga trafikoa deuseztatzea helburu duen RAAD taldea xede gehiago dituzten taldeekin elkartzea. «Horrek ez du esan nahi larriak ez direnik, baina haien ekintzek ez gaituzte inora eramango», gaineratu du parlamentariak. Bestalde, herritarrek ez dutela disidenteekin bat egiten eta modu horretan ez dutela Irlanda batua lortuko esan du Kellyk. Herritar gehienek babesten duten estrategia politikoa abian dela esan du parlamentariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.