Maroko

Hiru urteko kartzela zigorra erregea iraintzeagatik

Ayoub Mahfoud 18 urteko gazte marokoarrari, hiru urteko espetxealdia eta 500 euroko isuna ezarri zioten sare sozialetan idatzitako kritikengatik. Gaur aztertuko dute haren abokatuek jarritako helegitea.

Mohamed VI.a, Marokoko erregea. EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 30a
11:10
Entzun

Marokoko Konstituzioaren arabera, lau urterainoko kartzela zigorra jaso dezake «erregearen irudia iraintzen» duenak. Hori bera egotzita atxilo eta zigortu zuten abenduan Ayoub Mahfoud 18 urteko gazte marokoarra. Facebooken funtzionario baten aurkako irainak idazteagatik, hiru urteko kartzela zigorra eta 500 euroko isuna ezarri zioten ikasleari. Gerora, urtarril hasieran, behin-behinean aske uzteko agindua eman zuten epaitegiek, haren defentsak aurkeztutako helegiteari buruz erabaki arte.

Mahfoudek L'Gnawi rap abeslariaren abesti bat eta erregearen argazki bat jarri zituen Faceebookeko bere kontuan. Fiskaltzaren arabera, «iraingarriak» ziren bai abestia eta baita argazkia ere. L'Gnawi abeslariari urtebeteko espetxealdia ezarria zioten lehenago arrazoi beragatik.

«Ez genuen uste zigortuko zutenik, eta are gutxiago horren zigor gogorra ezarriko ziotenik», azaldu du haren abokatu Lalla Hasnaa Alaouik. «Kasua sekretupean eraman zuten hasieratik, eta komunikabideek eurek ere ez zuten gaia jarraitu. Jendea ohartu zenerako, dena amaitua zen».

Helegite auzitegiak gaur du hartzekoa azken erabakia. Giza eskubideen aldeko erakundeek gogor salatu dute gaztearen aurkako zigorra eta baita mozal legea bera ere. Marokoko Giza Eskubideen Elkarteak salatu duenez, zigorra berretsiz gero, gazteak ezin izango du ikasten jarraitu  —batxilergoko lehen maila egiten hasi berria zela atxilotu zuten—.

Haren familiak salatu du gaztearen lagun gisa aurkeztu zutela beren burua hura atxilotzera joan ziren poliziek: «Etxera etorri ziren, bere lagunak zirela eta lasai egoteko esanez, eta eraman egin zuten. Ez genuen gehiago ikusi epaiketa egunera arte, eta orduan ere ezin izan genuen harekin hitz egin». Gaztea gaixo dagoela eta maiz zorabiatzen dela ere ohartarazi du familiak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.