AEBak. Presidentetzarako hauteskundeak

Hispanoek dute Floridako hitza

Presidentea hautatzeko ordezkari gehien duen estatua da Florida; irabazteko behar den kopuruaren %10 baino gehiagoGizartea gero eta pluralagoa da; etorkinak eta erretiratuak asko hazi dira azken urteotan

Samara Velte.
2012ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
AEBetako presidentetzarako bozetan erabakigarria izango den estatuan, bost pertsonatik batek gaztelania du ama hizkuntza, eta estatuan bertan jaio diren herritarrak herenak baino gutxiago dira. Neguko klima epelak eta Karibe itsasoak dute errua; erreskan datoz etorkinak Floridara, AEBetako iparraldeko estatuetatik eta Latinoamerikatik.

Hazkunde horren eraginez, Floridak hauteskundeetan duen pisua ere nabarmen handitu da. Bigarren Mundu Gerraren ostean, presidentea hautatzeko zortzi ordezkari zituen; gaur egun, 29 ditu. Bozak irabazteko, 270 behar dira; kopuru horren %10 baino gehiago poltsikoratzen ditu Floridan garaile irteten denak. Horregatik, estatu gutiziatuenetarikoa izan ohi da bi aldeentzat; kanpainan, eta azken egunotan bereziki, mitin eta iragarki zaparrada izan dute floridarrek.

Baina Floridako herritarrak ez dira inorentzako opari. Biztanleriaren gorakadak AEBetako gizarterik pluralenetakoa eratu du: joera politiko aski desberdineko etorkin latinoak, erretiratuak, lanera joandakoak... Historikoki, Floridako botoak gehiagotan joan dira errepublikanoen poltsikora. 40 urtean, hiru aldiz baino ez du egin Alderdi Demokrataren alde, baina lehia gero eta gehiago joan da estutzen: 2000n, 537 botoren aldea baino ez zion atera George Bushek Al Gore demokratari, eta 2008an, Barack Obamak irabazi zuen, %2,8ko tartearekin.

Florida AEBen paradigma dela ere esan izan da: iparraldean bizi diren zuriak eta erretiratu juduak errepublikanoak dira nagusiki. Erdian, swing estatuaren swing eskualdeak daude, egoera bakoitzaren arabera alde batera edo bestera egiten dutenak; Orlando hiriaren inguruko ekonomia jarduerak —AEBetako aisialdi parke handienetakoak han daudelako da ezaguna— langile asko erakarri ditu azken urteotan. AEBetako iparretik Floridara iritsitako estatubatuar gazteak hegoaldeko hirietan bizi dira, eta obamazaleagoak dira.

Erretiratuek zorrotz behatzen dituzte osasun erreformak; juduek, Israeli eta Irani buruzko adierazpenak; eta latinoek, immigrazio legeak. Langabezia tasa ere AEBetako batez bestekoa baino ia puntu bat gorago dago, eta krisi inmobiliarioak gogorren jotako estatuetako bat da Florida.

Dena den, latinoak eta latinoak daude. Kubako Iraultzaz geroztik, disidente kubatarren epizentro bihurtu da Miami; kontserbadoreak izanik, Alderdi Errepublikanoaren alde egin izan dute horiek. Azken urteotan, ordea, erritmoa geldotu egin da Kubako immigrazioari dagokionez, eta Hego Amerikako beste herrialdeetakoa bizitu, Alderdi Demokrataren mesederako.

Gaur egun, boto-emaileen %22,5 latinoak dira. Horregatik, pisu handia dute immigrazioari buruzko legeek; hiru floridarretatik bik begi onez ikusten dute Obamak hitz emandako Dream Act legea; haurtzaroan AEBetara heldu eta baldintza jakin batzuk betetzen dituzten etorkin gazteei lanerako baimena ematea ahalbidetzen du arau horrek, hartara deportazioa saihesteko.

'Sandy'-ren eraginik ez

Sandy urakanaren ondorioz, bertan behera utzi dute New Yorkeko maratoia, eta Rhode Island «hondamendi gune» izendatu dute. Floridan, ekaitzak ez du iparraldeko estatuetan bezainbeste eragin, eta Obamaren erantzunak ere ez. Inkestek ere botoen %49,1 Mitt Romneyri ematen dizkiote, eta %47,7 Obamari.

Bi hautagaiek bozetarako orduak zenbatzen dituzte jada, estatu batetik bestera dabiltzan bitartean. Atzo, New Hampshiren mintzatu zen Romney, Obamari leporatuz ez dela gai izan «benetako aldaketarik» gauzatzeko; demokrata, berriz, botoa ematearen garrantziaz aritu zen Ohion, «asko dagoelako jokoan» boz hauetan. Aurki biek joko dute Floridara: Obamak gaur du mitina Fort Lauderdale hirian, eta Romneyk bihar, Orlandon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.