Hitzaren gerrillariaren kronikak

Zekine Türkeri kazetari kurduaren 'Uda batez Kurdistanen' liburua aurkeztu dute, Donostiako Elkar liburudendan. 2014ko udan Irak eta Siriako Kurdistanen bizitakoak biltzen dituen kronika sorta da.

Jon Ander De la Hoz.
2018ko apirilaren 10a
12:46
Entzun

"Oso kronika bizia eta gogorra da, eta momentuko argazki oso garrantzitsua eskaintzen du". Hala definitu du Urtzi Urrutikoetxea kazetariak Uda batez Kurdistanen liburua. 2014ko udan Turkiako Kurdistanen jaiotako Zekine Türkeri kazetariak Irak eta Siriako Kurdistanen jasotako bizipenekin osatutako kronika bilduma da.

Gaur goizean aurkeztu dute liburua Donostiako Elkar liburudendan. Aurkezpenean parte hartu dute Urrutikoetxeak, Xabier Mendiguren editoreak, Kristina Berasain BERRIAko kazetari eta idazlearen lagunak eta Eneko Gartzia liburuaren itzultzaileetako batek.

Saddam Hussein kanporatu ostean, Irakeko Kurdistanek eskuratutako autonomia zabalaren nondik norakoak jakiteko asmoarekin hasi zuen bidaia Türkerik. Estatu Islamikoaren ofentsibaren ondotik, baina, hasierako asmoak aldatu eta gerra erreportajeak idazteari ekin zion, frontetik hurbil baina borrokaren nondik norakoak ikusi gabe. Hala, kurduen bizipenetan oinarritu du bere lana.

Hitzaren gerrillari gisa definitu du Berasainek. Hala, azaldu du Türkerik iaz utzi ziola kazetari lanak egiteari –Egunkaria eta BERRIAko kolaboratzaile izana da urte luzez–, Turkiako Gobernuak hark lan egiten zuen katea itxi ostean. Hala, haren hitzak bildu ditu Berasainek: "Kazetari kurduek beti aurkitu izan dute zirrikituren bat lanean jarraitzeko, baina iragan astean ere egunkari bat itxi zuten, bertako 27 kazetari atxilotu, eta inprenta itxi". Martxoan 41 kazetari atxilotu ditu Recep Tayyip Erdoganen gobernuak.

[youtube]https://youtu.be/Ndd72-FXhoM[/youtube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.