Segurtasun indarrek manifestariei tiro egin die Sanamein herrian -Dara hiritik gertu-, Associated Press agentziaren arabera. Lekukoek diote zortzi eta hogei lagun inguru hil direla. France Presseren arabera, hildakoak 17 dira. Dena dela, ez APk ez FPk ezin izan dute ziurtatu hildako kopurua. Dirudienez, manifestariek Hafez al Assad presidente ohiaren brontzezko estatua bat lurrera botatzear zeudenean hasi dute erasoa segurtasun indarrek.
Sanameineko erasoak beste hiritan jarraipena izan du. Hala Al Jazeera-k aditzera eman duenez, Damaskon eta Daran poliziak manifestariak tirokatu ditu ere; eta ondorioz, hildako bat dago Daran. Damaskon 200 manifestariri gora egin diete tiro, eta hiru pertsona hil dituzte Al Jazeera-ren arabera. Hamarnaka lagun atxilotu dituzte. Dael, Chaik Maskine eta At-Tall hirietan ere manifestazioak egon dira.
Reem Haddad Siriako Gobernuko Informazio ministroak Al Jazeera-ri esan dionez, manifestarien artean armak zituzten jendea zegoen, eta horiek hasi dute erasoa. Haddaden hitzetan, segurtasun indarrek erasotuak izan ondoren egin dute tiro.
Goizetik egon da giro nahasia Daran. Al Assad presidentearen aurkako manifestazioa egin du oposizoak, baina, era berean, gobernuaren aldekoak manifestatu egin dira ere. Horrek tentsio momentuak eragin ditu, eta eguerdian bi aldeak aldentzeko asmoz, poliziak zerura tiro egin du. Egoera, baina, ez da baretu, eta lehertzen amaitu du.