Biak ongi aritu dira; inork ez du irabazi, baina garaile bat atera da hauteskunde prozesuak izan duen aurrez aurreko bakarretik: François Hollande. Urrats gutxiago geratzen zaizkio Eliseorako, Sarkozyk ez duelako ezustekorik jo. Presidenteak harengandik espero zitekeena eman du eztabaida saioan, bortitz, bestearen ahuldadeak agerian jarriz, baina kontrarioak eman du ustekabea, apaltasunaren kontrapuntua jarriz, baina, era berean, ironiaz, mundua deskubrituko duenaren plantan. Elkarrizketa baino gehiago, kolpeen trukea izan da, politika bizia, erantzun borobilez josia. Presidente izan nahi dutenen azken txanpa.
Frantziako presidentetzarako aurrez aurrekoek ez dute inoiz faboritoaren zoria aldatu, eta Sarkozyk, estatistika hori hausteko ametsari azkenera arte heldu nahi dion arren, Frantziako komunikabideetan, ezkerreko nahiz eskuineko, ez du inork adierazi joera iraultzea lortu duenik. Liberation-ek eta Le Figaro-k, besteak beste, «tentsioa» erabili dute gertatutakoa laburbiltzeko, eta uste dute berdinketan amaitutako solasaldiak Hollanderi egin diola mesede. Le Parisien-ek 6.000 hautesleri egindako galdeketaren ondorioak eman ditu: Sarkozyk irabazi du %50,5en ustez; Hollandek, beraz, %49,5entzat. Dena den, garaipen gazi-gozoa da,elkarrizketak, bederen, ez duelako Hollanderen aldeko joera aldatuko.
Aurrez aurrekoek ez dutela joera aldatzen jakina zen saioaren aurretik ere, baina, hala ere, telebistatik 17,9 milioi lagunen arreta erakarri dute hautagaiek —2007an Segolene Royalek eta Sarkozyk 2,5 milioi gehiago—. Ia hiru orduz, ikuskizuna ziurtaturik izan dute.
Alderdien balorazioa
Alderdiek, ohi bezala, etxekoaren garaipen argia nabarmendu dute norgehiagokan. Gobernuko ministroek euren txapeldunaren prestutasuna txalotu dute, eta, Hollanderen ingurukoek nabarmendu dutenez, arerioak ez du presidentegai iaioa mendean hartzerik lortu eta saioaren erritmoa markatu du, gainera. Baina aditu gehienak bat datoz Sarkozyk ez duela lortu lehiakidea suntsitzea. Hori behar zuen.
Biek uste dute, horretan ados daude, azkenera arte ez dagoela irabazlerik, etzi gauean behin betiko emaitzak izan arte. Sarkozyk inkestak «gezurretan» ari direla uste duelako, eta Hollandek, ziurgabetasun txikienak zorroztasuna eskatzen duela dakielako, are gehiago, Sarkozy izanik arerioa. Sarkozyren ustez, egoera oso berdindua dago, eta adierazten ez dutenen botoak garaipena eman diezaioke. Hollandentzat, azken hitza frantziarrek dute: erabakitzeko elementu guztiak dituzte eskura. Kanpainako zuzendari sozialista Pierre Moscovici zalantzarik gabe aritu da: «boterearen eskualdaketa giroa» nabaritu du.
Hollandek ere inpresio hori eman du aukera dezatela eskatzeko azken argudioen txanda heldu denean. Sarean anaforaren eraginaz aritu dira, errepikapenaren eraginaz, hamasei aldiz erabili baitu formula bera: «Ni, Errepublikako presidentea, ez naiz gehiengoaren buruzagia izango; nik, Errepublikako presidenteak, ez dut lehen ministroa enplegatu bat balitz bezala tratatuko; nik, Errepublikako presidente gisara, ez dut parte hartuko Parisko hotel jakin batean alderdiarentzat egiten den diru bilketan...». Aldekoentzat, «maisutasunez» erabili du formula hori. Kontrakoentzat, «groteskoa» izan da.
Harribitxiak
Esandakoa baino gehiago, esateko modua izan da garrantzitsuena, kanpaina osoan darabiltzaten gaiak errepikatu baitira, eta inor gutxik ulertzen dituen datuak ere barra-barra. Baina hasieratik amaierara gorantz joan da interesa. Sarkozyk Rodriguez Zapateroren Espainia gogora ekarri du beste behin, haren ustez, Frantziako sozialisten etorkizuneko ibilerak izan baitaitezke, eta gezurretan aritzea leporatu dio behin eta berriz, datuak gorabehera. Ahula, koldarra, esperientziarik gabea deitu dio mespretxuz, baina saioaren kontrola galdu gabe.
Hollandek, baina, defendatzen dituen idealetan oinarrituta—Sarkozyrentzat «utopietan»—, frantziarrek behar dituzten aldaketak proposatu ditu, eta hari irtenbidea emateko bideetan kezkatuta dago; herritarrak «banatuta eta minduta» daude presidentearen jarrerarekin, eta zulotik ateratzeko esperantza eman nahi die. Adibide bat. Hollandek Sarkozyri: «Orain, pobre gehiago daude, eta aberatsak aberatsagoak dira. Krisiak ahulenak jo ditu, eta pribilegiatuenak babestuegi egon dira». Sarkozyren erantzuna: «Gure artean ezberdintasun bat dago: zuk aberats gutxiago nahi dituzu, eta nik pobre gutxiago».
Europaz, ekonomiaz eta islamismoaz ere hitz egin dute. Horrez gain, Sarkozyk berak, batez ere, nabarmendu du bere legegintzaldiko egoera okerragoa izan zitekeela; esperientzia eta egingarritasuna erakutsi duela, eta hazkundea ekarri; eta hori Hollandek goitik behera iraul dezakeela; harrotasunez esan du, gainera, azkenaldian Europako kontserbadore asko etorri zaizkiola aldera.
Bost urtez krisia kudeatu duenaren kontra dago joera; dena egiteko daukanaren alde. Horregatik, presidentea saiatu da erakusten ameskeriak ez direla garai zailetarako egokienak. Bideak hark abiatutakotik joan behar duela, ez gaizki ateratzeko aukera asko dituen abenturatik.
Eta, azken aldera, Sarkozyk gai labainkor bat atera du: Dominique Strauss-Kahn, sexu eskandalu batengatik sozialisten presidentegai izateari utzi behar izan ziona. «Ez dut Dominique Strauss-Kahn babestu nahi izan zuen alderdiaren leziorik onartuko». Eta Hollandek, abileziaz: «Ez dut zalantzarik egin argudio horretara helduko zinela, baina ez nuen nik proposatu DSK Nazioarteko Diruaren Funtseko buruzagi izateko. Ongi ezagutu behar zen funtzio hori bere gain uzteko. Nik ez nuen haren bizitza pribatua ezagutzen. Zuk bai? Zure kolaboratzaileen bizitza pribatua ikertzen duzu? Nik ez. Zuk NDF zuzentzeko aukeratu zenuen».Gaur, kanpainaren azken eguna izango da.
Hollande, Eliseotik gertuago
Presidentegai sozialistari egin dio mesede Sarkozy presidentearekin izandako aurrez aurrekoak, inork irabazi ez badu ereIa hiru orduz ikusi dute saioa 17,9 milioi frantziarrek kanpainaren azken txanpan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu