Hondurasen giza eskubideen egoerak okerrera egin duela ohartarazi dute

NBEk salatu du oraindik ez dituztela epaitu iazko ekaineko estatu kolpean egindako giza eskubideen urratzeak

Erredakzioa
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Iazko estatu kolpean giza eskubideak urratu zituzten segurtasun indarrak zigorrik gabe gelditu dira. Porfirio Lobok agintea hartu zuenetik, gainera, ez da egin krimenak epaitzeko urrats seriorik Hondurasen. Hala salatu du NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi mandatariak: «Estatu kolpearen eraginez, hainbat giza eskubide urratu ziren; haietako asko ez dira epaitu». Hainbat gobernuz kanpoko erakundek uste du, gainera, egoerak okerrera egin duela Lobok agintea hartu zuenetik.

Salbuespen egoera ezarri zutenean, iazko ekainean, estatu kolpearen aurka zeudenen kontrako jazarpena areagotu zen. «Segurtasun indarrek neurriz kanpo erabili zuten indarra, jendea torturatu zuten eta tratu txarrak eman. Eraso horiek denak atxiloketa arbitrario eta legez kanpoko bihurtu ziren», azaldu dute NBEren txostenean.

Giza eskubideen urratzeak ikertzeko hainbat batzorde eratzeko konpromisoa hartu zuen iragan martxoan Lobok, Hondurasko presidenteak. Haatik, nazioarteko erakundeak uste du konpromiso hori ez dela mamitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.