Hamargarren protesta asteburuaren ondoren iritsi da aireportuko manifestaldia. Milaka lagun bildu dira Hong Kongeko aireportu batean, asteburuan eginiko manifestaldietan segurtasun indarrek erabilitako indarkeria salatzeko. Aireportua milaka manifestariz beterik, bertan behera utzi behar izan dituzte hegaldi guztiak, instalazioetan izan diren "istilu larriak” direla eta. Fakturatzeko eta segurtasun kontrolak igarotzeko arazoak izan dituzte bidaiariek; beraz, fakturazio prozesua gainditu duten hegaldiak soilik irten daitezke aireportutik. Halaber, jada bidean diren hegaldiek ere arazorik gabe lurreratzeko aukera izango dute. Astelehen honetan irten edo iritsi beharreko gainerako hegaldi guztiak bertan behera gelditu dira.
Aldarrikapenerako gune bilakatu da aireportua azken egunetan. Manifestariak bertan biltzen diren laugarren aldia da, lehenengo aldiz iragan ostiralen batu ostean. Hala, Hong Kongeko Gobernuari erreforma demokratikoak eskatzeko leku garrantzitsu bilakatu da aireportua. Duela bi hilabete hasi ziren manifestaldi jendetsuak, ekainaren hasieran. Txinarako estradizio legea baliogabetzea da manifestarien xedea –lege horrekin, Hong Kongek aukera izango luke edozein iheslari Txinara estraditatzeko–. Protestak hasi eta bi astera, behin-behinean eten zuen legea Carrie Lam gobernadoreak, baina lege proiektuak aurrera jarraituko duela ziurtatu zuen.
Protestarien arabera, Txinarekiko duten menpekotasuna handituko luke lege horrek —Hong Kong Txinaren parte da, baina estatus politiko berezia dauka—. Hori dela eta, bi hilabete daramatzate kalera irten eta protesta egiten, lege hori baliogabetzeko eta erreforma demokratikoak eskatzeko. Salatu dutenez, "ilegala eta bortitza" izaten ari da segurtasun indarrek manifestarien aurka duten jarrera. Besteak beste, asteburu honetan ikusmena galdu duen emakume baten kasuari egin diote erreferentzia. Horien arabera, poliziek jaurtitako gomazko pilota batek aurpegian eman, eta begi bateko ikusmena galdu du emakumeak. Horregatik bildu dira gaur aireportuan, indarkeria salatu eta emakumeari elkartasuna adierazteko.
"Terrorismo zantzuak"
Manifestariek segurtasun indarren jarrera oldarkorra salatzen duten bitartean, Txinako Gobernuak babestu egin du haien jarrera. Halaber, "terrorismo zantzuak" ikusi ditu azken asteetan herrialdean izan diren manifestaldietan. Yang Guang bozeramaileak azaldu duenez, manifestariek tresna arriskutsuak erabili dituzte segurtasun indarren aurka, eta horiek "terrorismoaren zantzuak azaleratzen hasiak diren indarkeria krimen larriak dira". Hala, agenteen jarduna babestu du: "Anabasaren aurrean, burdinazko ukabilak".
Horrenbestez, gertakariak terrorismotzat jotzeko aukera dagoela ziurtatu du; izan ere, haren esanetan, inork ez lituzke "muturreko ankerkeria" horiek onartuko. "Muturreko ankerkeria" horretan sartuko lirateke, bozeramailearen esanetan, iragan igandean komisaria batzuen aurka jaurtitako artefaktuak. Artefaktu horiek suteak eragiten dituzte, eta igandean agente bat zauritu zuten. Horregatik, herrialdearen etorkizunarengatik arduratuta dauden herritar guztiei indarkeriatik aldentzeko deia egin die Guang ordezkariak.