«Hong Kongen autodeterminazioaren alde borrokatu behar dugu»

Hong Kongo 'Aterkien Iraultzako' buruzagi izan eta urtebetera, 'persona non grata' da Joshua Wong hainbat herrialdetan, eta kartzela zigor bati aurre egin behar dio. Iazko eskakizunei eusten diela nabarmentzen du, hala ere.

ZIGOR ALDAMA / BERRIA.
Zigor Aldama.
Hong Kong
2015eko irailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Txikia eta bizargabea izanik, eta kristalik gabeko pastazko betaurreko horiekin, Joshua Wongek ez dirudi arriskutsua, inondik ere. Despistatu itxura eta sakelakoaren zale amorratu aitortua izanik, Hong Kongeko gazte nerabe kaltegabearen arketipo petoa da. Hala ere, haren beldur da Txinako erregimena. Arrazoia: Scholarism ikasle erakundeko burua da. 14 urte bakarrik zituela sortu zuen hura. Aterkien Iraultzako aurpegi nagusia ere bada. Britainiarren kolonia izandako hiriaren erdialdeko hainbat kaletan lubakitu zen mugimendu hori duela urtebete. Iazko irailaren 26an eskalatu zuten Wongek eta beste aktibista batzuek gobernuaren egoitza babesten zuen hesia; iazko abenduaren 11n egotzi zuten Admiraltytik Occupy Central mugimenduko azken hondarra. Bitarte horretan, milioi bat eta erdi pertsonak baino gehiagok adierazi zieten beren arbuioa Pekingo agintariei, eta benetako demokrazia bat galdegin.

Laidoaren neurriak eta oihartzun globalak bihurtu zuen Wong Time aldizkariaren azalean agertzeko hautagai, eta Fortune-k 2015eko munduko buruzagi handienetakotzat jo zuen. Wongek berak, ordea, adinez nagusi bihurtu berritan, garrantzia kendu dio oihartzun mediatiko horri, eta diskurtso politiko jakin batean zentratu da, V for Vendetta filmetik hartu duen aipuaren ingurukoan: «Herriak ez dio beldurrik izan behar gobernuari; gobernuak izan behar dio beldurra herriari». Eta ondotxo daki horrek gerra deklarazio bat esan nahi duela Txinan.

Baita Hong Kongen ere, Administrazio Eskualde Berezia izanagatik, Herrialde bat; bi sistema lelopean gobernatua; Deng Xiaopingek asmatu zuen lelo hori, britainiarrek kontzientziako kargarik gabe itzul zezaten mende eta erdian okupatua izan zuten lurraldea. Txinatarren eta britainiarren arteko 1984ko deklarazioaren arabera, lurraldeak 50 urtean eutsi ahal izango dio bere sistema politiko eta ekonomiko bereziari: kapitalismo mota bat, non Txina kontinentalean tokirik ez duten eskubideak bermatzen diren, hala nola adierazpen, prentsa eta manifestazio eskubideak. Nolanahi ere, 2047an Txinako Herri Errepublikan sartuko da erabat zazpi milioi biztanleko hiri hori, eta asko beldur dira igitaiak eta mailuak ez ote duten orduan amaituko herrialdeko lurralderik aberatsenaren aurrerabidea.

«Duela 10 urte inork esan izan baligu Txinak Hong Kongen antza izango zuela 2047an, sinetsiko geniokeen. Baina azkeneko hamar urteotan ikusi dugu Alderdi Komunistak Hong Kong Txinako gainerako lurraldeen antzekoa izatea nahi duela», azaldu du Wongek. Pekinek, erantsi duenez, hitzartutakoa ere ez du bete. «Gure lege organikoan jasota dago Txinaren eta Erresuma Batuaren arteko hitzarmen hura; han, Hong Kongi 2007rako sufragio unibertsala ematea erabaki zuen Pekinek, zuzenean aukeratu zezan gobernuko burua.2003an, baina, [Subertsioaren Kontrako Legearen] 23. artikuluaren kontrako protesta jendetsuaren ostean, gobernuak legea aldatu zuen, gu eskubide hartaz gabetzeko. Eta egun, oraindik ere, ezin ditugu aukeratu gure gobernariak. Horregatik borrokatu behar dugu hori lortzearren».

Ondorioak

Munduko bigarren potentziari jotako erronkaren lehenbiziko ondorioak jasaten hasia da Wong. Joan den maiatzean, herrialdean sartu ahal izatea ukatu zion Malaysiak. «Kongresu batean parte hartzera gonbidatu ninduten; hegazkinean iritsi nintzen hara inolako arazorik gabe, baina Immigrazioko agintariek sarrera debekatu zidaten, arazoak sortzen dituen elementu bat naizela-eta. Hong Kongera itzularazi ninduten berehala», gogora ekarri du. Handik gutxira, Malaysiako Poliziako inspektoreburu Abu Bakar Khalidek onartu egin zuen: Txinarekiko harremanei ez kalte egitearren hartu zuten neurri hura.

Wongek ez zuen halakorik espero. «Pentsatu nuen zerikusia izango zuela lau aldiz atxilotua izanarekin eta Poliziari oztopoak jarri izanagatik epaiketa zain egotearekin». Gazteari ulertzekoa iruditzen zaio Txina kontinentalera eta Macaora bidaiatzea ez uztea, baina ez zuen berehalakoan irudikatuko, esaterako, «Malaysiako herrialde demokratikoak» betorik jarriko zionik. «Orain, badakit ezin naizela joan Txinaren esferako hainbat herrialdetara; besteak beste, Malaysiara eta Singapurrera. Zorionez, ongi etorria naiz Pekinekin harreman onik ez duten beste hainbat tokitan, hala nola Japonian, Korean eta, are AEBetan».

Txantxa gisan hartu ditu Pekinen aldeko Ming Pao kazetak egin zizkion akusazioak ere. «Han argitaratu zutenez, prestaketa militarra jaso nuen Ameriketako Estatu Batuetan eta haien espioia naiz. Horri eskerrak antola omen dezaket gizarte mugimendu hain indartsua. Absurdoa da, baina. Inoiz ez dut AEBetako Gobernuaren diru laguntzarik jaso. Oraindik Zientzia Politikoak eta Administrazio Publikoa ikasten ari naiz-eta!». Barre algara ere irten zaio azken esaldiarekin. Eta ez da barre errazekoa. Barre gutxien Aterkien Iraultzaren ostean bizitza gehien aztoratu dion gertakariak eragiten dio. Ekainaren 28an izan zen, eta beldurra sartu dio hezurretaraino. «Zinematik atera ginen, eta metrorako bidean gindoazen. Hogeitaka urteko gizon bat hurbildu zitzaigun, eta aurpegian jo ninduen. Ez dakit zergatik egin zuen, eta onartzen dut orain gehiago kezkatzen nauela neure segurtasunak eta metroz ez nabilela gauez».

Wongek familiatik jaso zuen politikarekiko interesa. 13 urte zituen abiadura handiko trenaren kontrako mugimenduak lehertu zirenean. Tren horrek Txina kontinentalaren trenbide sarera lotuko du Hong Kong. «Orduan erabaki nuen negozio gizon arrakastatsu bihurtzen diren ikasle arrunt horietakoa ez nuela izan nahi. Protesta haien ondoren konturatu nintzen badela gauzak aldatzeko bestelako modurik, ekintza zuzenen bidez». Horregatik erabaki ei zuen parte hartzea Tiananmengo sarraskiagatiko urteroko baraualdian.

Pekinek hezkuntza aberkoia erreformatzea proposatu zuen gero, eta Scholarism sortu zuen, 2011n, Bigarren Hezkuntzako dozenaka ikaslerekin batean. 120.000 pertsona inguru mobilizatu zituen kalean, eta agintariek atzera egin zuten. Horixe izan zuen Wongek lehen garaipena. «Jakina, orduan ez nintzen gauza erdiguneko barrutia okupatzera iritsiko ginela pentsatzeko». Iaz, baina, Hong Kongi buruzko liburu zuria eman zuen argitara Pekinek, eta Wong lehen lerrora itzuli zen atzera. «Txinak sufragio unibertsala aitortzen digu, baina hautagai guztiek 'Txina eta Alderdi Komunista' maitatzeko baldintzarekin. Alderdi bakarraren sistema desegin behar dela uste dutenek ezingo dute bozetara aurkeztu». Horregatik erabaki omen zuen gobernuaren egoitzako babes horma gainditzea. «Inoiz hartu dudan erabakirik onena izan zen hura».

Bi egun geroago, Benny Tai irakasleak Occupy Central aurkeztu zuen. Aterki horia bihurtu zuen mugimenduaren ikurra. Poliziek mugimenduaren kontra erabilitako piper gasetik babesteko baliatzen zituen jendeak aterkiok. Aterkien Iraultzak ez du heriotzarik eragin. Wongek gose greba bat ere egin zuen, baina bertan behera utzi behar izan zuen, medikuek hala aholkatuta. «Ez dut uste pertsonen kontrako bortizkeria baliatu behar dugunik gure helburuak lortzeko», dio. «Hala ere», zehaztu du, «ez dut uste gobernuaren egoitza hartzea bortizkeria denik, ez baitiogu minik egin inori». Hong Kongo herritarren arazoa ez da, gaztearen ustez, erradikaltasun falta; baizik eta «Txinaren kontrako borroka politikoak izan dezakeen kostua ordaintzeko prest» ez egotea.

Bi hilabete eta erdiko bidea

Mobilizazioak hasi eta bi hilabete eta erdi geroago, epaileek baimendu egin zuten protestaren azken gotorlekua kanporatzea. «Porrot egin genuela esan daiteke», onartu du Wongek, «ez baikenuen aldaketa politikorik lortu». Haren iritziz, ordea, ez da alferrik izan. «Protesta hazi bat landatu dugu gazteengan. 40 urtetik gorakoen %70 gure ekintzen kontra zeuden; aldiz, institutuetako milaka gazterengan sortu da politikarekiko interesa, okupazioari esker. Babesten gaituzte». 2000. urtetik aurrera jaiotakoengan jarri du Wongek itxaropena: «13 urterekin grebetan parte hartu dute; 14 urterekin desobedientzia uholde bateko protagonista izan dira; eta 15 urterekin ekintza zuzenetan parte hartu dute, atxilotu ere egin dituzte. Bizitza aldatu dieten esperientziak dira. Gero eta gehiago parte hartzera bultzatu ditu, grina handiagoarekin. Gudu hau galdu dugu, baina ez gerra».

Nolanahi ere, zein da Joshua Wong buru duen mugimenduaren azken helburua? «Hong Kongek demokrazia bere egitea nahi dut nik. Beldur naiz 2047aren ondoren zer gertatuko ote den. Horregatik, autodeterminazio eskubiderantz jo behar dugu. Herriak subirano izan behar du erabakitzeko. Herrialde bat; bi sistema, edo Herrialde bat; sistema bat edo, are, independentzia nahi duen erabaki behar du», azaldu du. Bide orri bat ere xehatu du, non prozesu bat jasotzen den epe labur, ertain eta luzera begirako helburuekin. «Lehenik eta behin, erreferendumaren figura sartu behar da, Hong Kongek erabakirik garrantzitsuenak hartzeko sistema gisa, hala nola gutxieneko soldataren eta etxebizitza sozialen politiken ingurukoak».

Gero, sistema hori erabiltzea proposatu du, autonomia handiagoa lortzearren. «Esaterako, orain, ez daukagu aginpiderik erabakitzeko zenbat immigrante txinatar onartuko ditugun, eta hori arazo handi bat sortzen ari da gizartean», adierazi du, zurigarri. Eta erantsi, 2047a baino lehen, Hong Kongek erreferendum bat egin beharko lukeela bere etorkizuna erabakitzeko. «Independentziarik ez litzateke behar, baldin eta Txinak autonomia eta demokrazia handiagoa emango baligu. Hain zuzen ere, ez dut uste aukera horrek inolako indarrik lukeenik halako jokaleku batean. Zoritxarrez, etsipena baino ez dakarkigu Txinak». Horregatik, Wongek badaki utopiarekin zirrika dabilela bere helburua. «Inongo herrialdek ez du lortu demokraziarik sistema komunista batean. Halakorik lortuz gero, arrastoa utziko genuke historian. Edo, akaso, mirari bat gertaraziko genuke».

Wong gertu dago kartzelara joateko ere, nahiz eta «epaiketa politikotzat» daukan bera eta beste aktibista batzuk murgilduak dauden prozesua. Eta ez du politikari izateko asmorik. «Helburuak ez luke izan behar hauteskundeak irabaztea. Beste jomuga handiago bat erdiesteko urrats bat baino ez luke izan behar». Liu Xiaobo Bakearen Nobel sariduna eta Ai Weiwei artista moduko disidenteak aipatuta, argi dauka: «Kartzelara bidaltzen banaute, martiri bihurtuko naute, eta horrek izugarri indartuko luke gure mugimendua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA