Egiptoko Estatuko telebistak eman du albistea: Hosni Mubarak presidente ohia Kairoko ospitale batean hil da, 91 urte zituela. Operatu berri zuten, eta asteak zeramatzan ospitaleratuta hesteetako arazo batengatik. 1981etik 2011ra izan zen Egiptoko estatuburu, eta 2011ko Udaberri Arabiarrean herritarrek kargua uztera behartu zuten.
Boteretik kendu eta gutxira kartzelan sartu zuten, eta 2012an bizi osorako zigorra ezarri zioten, 239 manifestariren hilketagatik. Ordea, 2014an epaiketa berriz egitea lortu zuen, eta 2017an absolbitu egin zuten, protestarien hilketagatik; orduan atera zen kartzelatik. Hori bai, kartzela zigor labur bat bete zuen, delitu ekonomikoengatik.
Mubarak kargutik kendu ostean, Egipton hauteskundeak egin zituzten, eta Mohamed Morsi islamistak lortu zuen boto gehien, baina hura ere boteretik bota zuten militarrek.
Egoera ekonomiko oneko familia batean jaio zen Mubarak (Kafr Al Musaylhah, Egipto, 1928), landa eremuan. Boterea lortu bitarteko ibilbidea armadan hasi zuen, 1940ko hamarkadaren bukaeran. Aireko indarretako pilotu bihurtu zen, eta, kasualitateak-edo, bere aliatu izan denaren etsairik amorratuenak trebatu zuen 1959-1961ko urteetan: Sobiet Batasunak. Beste garai batzuk ziren. Gamal Abdel Nasr zegoen agintean, sozialismo arabiarraren aitzindari nagusia, Mendebaldeari buruhausteak sorrarazi zizkiolako sobietarrek ez hain gaizki ikusia.
Mubarak aliatu garrantzitsua izan zen mendebaldearentzat. Haren aurreko Anuar el-Sadatek Israelekiko bakea sinatu zuen 1979an, ordura arte herrialde arabiarrek Ekialde Hurbileko gatazkan edukitako jarrera bateratua hautsiz; El-Sadat 1981ean hitzarmenaren aurka zegoen militar talde batek hil zuen, eta orduz geroztik Mubarakek egonkortu zuen Israelekiko harreman baketsua, Afrika eta Asia elkartzen diren tokian, Mendebaldeak bere interesetarako beharrezkoa duen Suezko kanalaren leku estrategikoan oreka lortuz.
Horren ordainetan, AEBek dirutan saritu zuten Mubaraken erregimena —1.500 milioi eman zizkioten armagintzarako—, eta diktadoreak «integrista terroristak arrastoan sartuta» izan dituelako harro agertu zen Mendebaldeko demokrazietan.