Europako Batasuna

Hungariak eta Poloniak EBko migrazio itunaren erreforma kritikatu dute

Orbanen esanetan, Budapest eta Varsovia «bortxatu» egin dituzte «migrazio krisiak» kudeatzeko hitzartutako aldaketekin. Von der Leyenek EBren hedatzea prestatzera deitu du.

Viktor Orban Hungariako lehen ministroa, gaur, Granadan (Espainia), Europar Kontseiluaren goi bilera informala hasi aurretik. PEPE TORRES / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko urriaren 6a
13:36
Entzun

EB Europako Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek goi bilera informal bat egin dute gaur Granadan (Espainia), blokearen hedatze posible bati buruz eta migrazio politikei buruz eztabaidatzeko. Azken gai horri dagokionez, Hungariak eta Poloniak nabarmen kritikatu dute batasunak Migrazio eta Asilo Itunerako azken puntuaren gainean egindako erreforma, «migrazio krisi posible bati» aurre egiteko nola jokatu zehazten duena: neurri zorrotzagoak hartzea, eta asilorako baldintzak gogortzea. Eta horrek berekin ekarri du bilkurari buruzko deklarazioan gai hori ez aipatzea.

Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek hitz gogorrak egin ditu bilkurara iritsi denean. Migrazio eta Asilo Itunerako akordioak Budapest eta Varsovia «bortxatu» ditu, haren esanetan, nahi ez duten zerbait onartzera «behartu» dituztelako. «Ez dago inolako aukerarik migrazio arloan inolako akordiorik lortzeko; politikoki ezinezkoa da».

Poloniako gobernuburu Mateusz Morawieckik ere ez dago batere ados «migrazio krisi batean» blokera iritsitako migratzaileak EBko estatu kideen artean banatzeko irizpideekin; ziurtatu du Alemaniaren eta Europako Batzordearen «agindu bat» dela akordioa. Morawieckiken arabera, Bruselak «legez kanpoko migratzaileak onartzeko plan bat» ondu du, eta hura onartzeko prest ez dauden herrialdeei «neurri drakoniarrak» ezarri dizkie. Lehen ministroak «segurtasunerako eskubidea» aldarrikatu du –Polonian parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte bederatzi egun barru—.

Budapestek eta Varsoviak Migrazio eta Asilo Itunaren azken puntuari buruzko akordioaren aurka bozkatu zuten joan den asteazkenean; hori bai, ez ziren izan alde bozkatu ez zuten bakarrak: Txekia, Eslovakia eta Austria abstenitu egin ziren. Baina akordioa onartu egin zen, gehiengoz. Adostutakoa ez da araudi bihurtuko, zuzenean. Bruselak Europako Parlamentuari aurkeztu beharko dio orain, eta negoziazioak hasiko dira ondoren, Europako Batzordearen, Kontseiluaren eta europarlamentuaren artean. Pentsatzekoa da elkarrizketa korapilatsuak izango direla, ikusita desadostasunak sakonak direla.

Itunerako akordioaren arabera, EBko estatuetako gobernuek baimena izango dute krisi batean gainerako estatu kideei laguntza eskatzeko eta migratzaileekin neurri «zorrotzagoak» hartzeko. Horien artean, adibidez, asilo eskaerak aztertzen ari diren bitartean eskatzaileek mugan luzaroago egon behar izatea; eta, itzulera prozesua amaitu arte, asilorik lortzen ez duten migratzaileak luzaroago atxilo izatea —hamabi aste da epea gaur egun—.

Estatu kideen arteko elkartasun neurriei buruz, akordioak mekanismo «malgu bat» zehazten du, baina bete beharrekoa. Hala, krisiak kalte egindako estatuak laguntza eskatu ahalko die EBko gainerako herrialdeei asilo eskatzaileak hartzeko. Estatuek horiek hartzeari uko eginez gero, 20.000 euro ordaindu beharko dizkiote estatu kaltetuari, asilo eskatzaile bakoitzeko.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen iritziz, akordioa «aurrerapauso bat» da, legezko migrazioa erregularizatzeko eta legez kanpokoarekin «zorrotzago» jokatzeko. «Guk, europarrok erabakiko dugu nor datorren Europara, eta zer baldintzetan, eta ez trafikatzaileek», esan du, goi bilerara sartu aurretik. «Migrazio krisiei» buruzko puntuari buruz estatu kideek asteazkenean lortu zuten akordioa «arrakasta handia» dela uste du Batzordeko buruak, nahiz eta Polonia eta Hungaria aurka agertu diren.

Hain justu, gaur egungo egoera «krisi bat» dela adierazi dute Italiako lehen ministro Giorgia Melonik eta Erresuma Batuko gobernuburu Rishi Sunakek, biek izenpetutako eskutitz batean —Corriere della Sera-k argitaratu du gaur—. Ohartarazi dute astero milaka migratzaile sartzen direla EBn «legez kanpo», eta hori eragozteko neurri zorrotzagoak galdegin dituzte. «Legez kanpoko migratzaileen etorria geldiarazita lortuko dugu soilik gure herrialdeek historikoki izan duten asilo eta babes rola babestea».

Eta gero, eguerdi aldera, Italiako lehen ministroa Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarekin batzartu da afera horretaz aritzeko. Bilkuraren ostean, bi agintariek adierazi dute «pozik» daudela joan den asteazkenean adosturikoarekin.

Ukrainaren hautagaitza

Granadako goi bilera informala denez, bilkurak ez du erabakimenik izango landuko diren gaien inguruan, baina estatu kideak adierazpen bat adosten saiatuko dira. Migrazioaz gain, eztabaidatuko dituzten gaien artean izango dira Ukrainako gerra, energia segurtasuna eta EBren hedatzea.

Azken puntu horren gainean ere mintzatu da Orban gaur goizean, eta ohartarazi du Ukraina EBra batzeko aukerak «zalantza» asko dituela argitu gabe. «Gerran dagoen herrialde bat da. [EB] Inoiz ez da hedatu gerran dagoen herrialde batera; ez dakigu egiazko mugak non dauden, zenbat jende bizi den bertan». Hungariako lehen ministroak eskatu du «dokumentu estrategiko bat» onar dadila Ukraina kide bihurtzeari buruz erabaki aurretik, hura EBra gehitzeak izango lituzkeen ondorioei buruz. Horrez gain, galdetu du Frantzia prest ote dagoen atea irekitzeko nekazaritzarako funtsen zati handi bat hartuko lukeen kide bati.

Von der Leyenek azaldu duenez, hautagaiek «beren eginbeharrak bete behar dituzte EBn sartzeko», baina gaineratu du blokeak ere bere egitekoak dituela. «Batzordeak zenbait arlotako azterketa politikoak landuko ditu, gu ere prest gaudela bermatzeko». Nabarmendu duenez, merkatu bakarra da EBren «indargune nagusia», eta hura zabaltzeak «beti du balio erantsi handi bat».

EBk bere zabalkunderako egin behar dituen lanez mintzo, Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsolak esan du batasunak garaia duela barne erreformei buruzko eztabaidak hasteko, hedatzearen proiektua «sinesgarria» egiteko. «Gaur egun 27rentzat ongi funtzionatzen duenak ez du ondo funtzionatuko 32rentzat, 33rentzat edo 35entzat». Metsolaren hitzetan, hilabete honen amaieran eta abenduan Europako Kontseiluak egingo dituen goi bileretan hasi behar luke eztabaidak. Nabarmendu du erreforma horiek zerikusi zuzena dutela EBren etorkizuneko autonomia estrategikoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.