Viktor Orban Hungariako presidenteak onartu du modu «kaskarrean» hasi dutela Europako Batasuneko presidentetza. Izan ere, urtearekin batera estreinatu duten izendapenari itzala egin diote prentsa lege berriaren inguruko ika-mikek. Era horretan, Budapestek ondorengo hilabeteetarako Europarako prestatu duen programa politikoa bigarren maila batean geratu da.
Eztabaidak albo batera uzteko asmoz, komunikabideen lege berria aldatzeko prest agertu zen Orban atzo, betiere Europako Batzordeak testua arretaz aztertu ostean prentsa askatasu-narentzat murriztailea dela ondorioztatzen badu. Brusela testuak Europako legeak urratzen dituen edo ez erabakitzeko azterketa egiten ari da orain. Dena den, lan horretan «asteak edo hilabeteak» eman ditzaketela adierazi dute.
Orain arte kritikei entzungor egin die Hungariak. «Ez dago zertan lege bat aldatu kanpotarren kritikak jasotzeagatik soilik», adierazi zuen Zoltan Kovacs Komunikazioaren ardura duen Estatu idazkariak. Orbanek behin eta berriz esan du legeak ez duela EBren eskubideen aurkako elementurik.
Hain zuzen ere, Orbanek salatu du Hungaria diskriminaziozko tratua jasotzen ari dela. Europako Batzordeak lege berria aldatu behar dela ebazten badu Frantzia, Alemania eta Herbehereetako prentsa legeak ere aldatu beharko liratekeela uste du presidenteak. «Hungariako legedian ez dago herrialde horien legeen artean ez dagoen ezer», azaldu du Orbanek.
Hain justu, Frantziatik, Alemaniatik, Erresuma Batutik eta Luxenburgotik heldu zaizkio Hungariari kritikarik gogorrenak. Azken horrek zalantzan jarri du Hungaria gai ote den datozen sei hilabeteetan Europako agenda zuzentzeko.
Joan den abenduaren 20an onartu zuen Hungariako Legebiltzarrak komunikabideen lege berria, aldeko 256 bozekin. Aurkako bozak 87 izan ziren. Izan ere, gehiengo absolutua du Orbanen Fidesz alderdiak Legebiltzarrean joan den apirileko hauteskundeez geroztik.
Neurri zorrotzak
Hedabideen eta Komunikazioaren Aginte Batzorde bat eratzea proposatzen du legeak. Batzordea bost kidek osatzen dute eta guztiak Fidesz alderdiaren aldekoak dira. Presidentea, Annamaria Szalai, Orbanek berak hautatu du.
«Informazio partziala» argitaratzen duten hedabideei eta «interes publikoari, ordena publikoari edota moralari eraso egiten dion informazioa» argitaratzen dutenei 730.000 euro arteko isunak ezarri ahal dizkie batzordeak, lege berriaren arabera. Hungariako hedabideak kexu dira, gainera, ez baitute zehaztu zer dagoen zehazki debekatuta.
Neurri berria sekretu profesionalaren amaiera izan daitekeela ere iragarri dute. Izan ere, nazio segurtasunerako gaietan kazetariak euren iturriak esatera behartu ditzakete. Hori horrela, informazioa ematen dutenen babesa galduko litzateke.
Neurri horiekin prentsa askatasuna eta eztabaida publikoa mugatzen dituztela salatu du Dunja Mijatovic Europako Segurtasunerako eta Lankidetzarako Erakundeko informazio askatasunerako ordezkariak. «Elementu horiek oinarrizkoak dira demokrazia batean», gaineratu du.
Ez da Hungariako demokrazia zalantzan jarri duten lehen aldia. Apiriletik, gehiengo absolutua eskuratu zuenetik, hainbat eta hainbat lege, dekretu eta proposamen berri onartu ditu Orbanek. Oposizioko kideek erreforma horiek guztiak «demokraziaren eta askatasunaren» amaiera eragiten ari direla diote. Presidentearen aldekoek, baina, «beharrezko iraultzatzat» hartu dituzte neurriak.
«Hitler edo Mussolinirekin konparatu izan naute iraganean. Azken egunotan, berriz, Errusiako Vladimir Putinen edo Bielorrusiako Aleksander Lukaxenkoren pare jarri naute. Zuen esku uzten dut hori aurrerapena ote den erabakitzea». Horrela erantzun die Viktor Orbanek Hungariako demokrazia zalantzan jarri duten guztiei.
Europako presidentetza
Aste osoan lege berriarekin izan diren polemikak alde batera utziz, lanari ekin nahi izan dio Hungariak. Atzo Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak Hungariak erantzukizun handia duela azpimarratu zuen. Lankidetza indartu behar dela gaineratu zuen.
Ildo beretik egin zuen Catherine Ashton EBko arduradun diplomatikoak: «Krisi garaian batasuna beharrezkoa da. Ez gara hizkuntza bera hitz egiten dugun 27 herrialde; 27 ahotsetan ahoskatzen den mezu bera baizik». Hitz horiekin, Hungariaren presidentetzak piztu duen eztabaida amaitutzat eman nahi izan du Ashtonek.
Hungariaren hasiera kaskarra
Hedabideen lege berriaren polemikarekin hasi du Europako Batasuneko txandakako presidentetza HungariakHainbat herrialdek legea aldatzeko eskatu diote, prentsa askatasuna urratzen duelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu