Hungariarentzako funtsen %55 blokeatu ditu Europako Batasunak

Europako Batzordeak aurrekontuaren %65 ukatu nahi zion Budapesti: 7.500 milioi euro. Orbanek betoa kendu dio Bruselak 2023an Ukrainari eman nahi dion laguntzari

Herritar batzuk Hungariako Parlamentuaren egoitzaren kanpoaldean, joan den martxoan. BALAZS MOHAI / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
EB Europako Batasunak Hungariarentzako funtsen %55 blokeatuko ditu azkenean: 6.300 milioi euro. Horrek esan nahi du talde komunitarioak aurrenekoz ukatuko diola bere aurrekontuko dirua estatu kide bati, zuzenbide estatua urratzea egotzita. Halere, Europako Batzordeak proposatutakoa baino apur bat arinagoa izango da zigorra. Izan ere, justizia sisteman eta ustelkeriaren aurkako borrokan eskatu zizkion erreforma guztiak ez egitea leporatuta, 7.500 milioi euro blokeatu nahi zizkion batzordeak Budapesti; hau da, funtsen %65. Klub komunitarioak atzo goizaldean egin zuen ituna, Txekiak Twitterren iragarri zuenez —EBren presidentetza du—. Eta akordioa heldu da, hain zuzen, Viktor Orban buru duen gobernu ultrakontserbadoreak betoa kendu dielako Bruselarentzat ezinbestekoak diren bi auziri: klubak 2023an Ukrainari eman nahi dion 18.000 milioi euroko laguntzari, eta sozietate zergan %15eko gutxieneko tasa ezartzeari.

Horrenbestez, Bruselak aurrenekoz aktibatu du 2020ko udazkenean Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak adostutako prozedura. Horrek zehazten du EBko estatu kideek baldintza bat bete behar dutela funtsak jasotzeko: «blokearen balioak eta printzipioak» betetzea. EBk uste du Budapestek egindako erreformek ez dituztela konpontzen zuzenbide estatuaren gabezia guztiak, baina, zenbait hedabidek iturri komunitarioak aipatuz atzo kaleratu zutenez, kontuan hartu du orain arte ezarritako «neurri zuzentzaileen garrantzia eta kopurua». Hortaz, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoren Hungariako Gobernuak aurkeztu zuen suspertze planerako aurrekontua onartu du Bruselak: 5.800 milioi euro. Hori bai, diru hori jaso ahal izateko, Budapestek zuzenbide estatuan erreformak egiten jarraitu beharko du.

Azkeneko urtea negoziatzen pasatu dute. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak joan den apirilean jakinarazi zuen Hungariak ezingo zuela dirurik jaso talde komunitarioko aurrekontutik zuzenbide estatua errespetatu ezean. Hilabete batzuk geroago, irailean, Bruselak eskatu zuen Hungariarentzako funtsetatik 7.500 milioi euro blokeatzeko. Bien arteko harremanak gaiztotuta daude aspalditik. EBren eta beste estatu kide batenPoloniaren arteko harremanak ere ez dira onak. Varsoviari ere leporatzen dio gabeziak edukitzea zuzenbide estatuan. Baina ekainean Poloniaren suspertze funtsa desblokeatu zuen Bruselak, argudiatuta gobernu ultrakontserbadoreak jarrera aldaketa bat eduki zuela. Aintzat hartu behar da Poloniak babestu egin dituela Ukrainako gerrarekin loturik EBk hartu dituen erabakiak. Ez du gauza bera egin Hungariak, Errusiak talde komunitarioan duen aliatuak.

18.000 milioi euro horiek dira, Bruselaren esanetan, Ukrainak dirua eduki dezan gastu arruntei aurre egin ahal izateko. Baina NDF Nazioarteko Diru Funtsak adierazi izan du Ukrainak 38.000 bat milioi euro behar dituela bere finantza beharrak eta estatuaren ezinbesteko funtzioak estaltzeko. Bruselak emandako diruaren truke, baldintza batzuk bete beharko ditu Kievek: esaterako, erreformak egitea zuzenbide estatua errespetatzeko. Aurrez diru sailak jaso izan dituenean ere baldintza berak jarri izan dizkio EBk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.