Tentsioa are gehiago areagotu da Ekialde Hurbilean eta Itsaso Gorrian azken asteetan. Izan ere, Irango eta Libanoko gatazkei Yemengoa batu zaie. Yemengo huthiek eraso egin zieten atzo herrialdeko estatu indarrei, eta gutxienez 58 soldadu hil dituztela jakinarazi du nazioarteak onartzen duen gobernuak. Horrez gain, milizia xiitak Saudi Arabian ere egin du erasoa gauerdian, eta 11 zibil zauritu ditu.
2022az geroztik Yemengo xiitek egin duten erasorik handienetako bat izan zen atzokoa. Marib eta Hadramawt herrietako kanpamentu militarren kontra jo zuen talde xiitak Yemenen, eta «kalte ugari» eragin zituela adierazi dute iturri ofizialek.
Yemengo hedabideek gaur kaleratu dute nazioarteak onartzen duen gobernuaren armadak huthien hainbat drone eraitsi dituela azken orduetan. Iturri horien arabera, Marib hiri ingurua zuten jomuga, baina ez dute kalterik eragin.
Saudi Arabian ere egin zuten eraso, atzo gauean, Yemenekin muga egiten duen Najran probintzian, eta Riadek salatu du erasoak «zibilak soilik» zituela helburu. Yemenek ez du esan probintziako zer tokitan jo duen talde xiitak, ezta zer kalte eragin dituen ere.
Saudi Arabian Yemenen Zilegitasuna Defendatzeko Koalizioaren Indarretako bozeramaile Turki al-Malikik atzo salatu zuen huthien erasoak «oso modu larrian» urratzen duela nazioarteko zuzenbidea, jomugak zibilak zirelako: «Milizia terrorista xiitak jaurtigaiak bota ditu zibilen eta haiek bizi diren eraikinen aurka, inor bereizi gabe». Horregatik, jakinarazi zuen «eraso terrorista» horien aurkako «disuasio neurriak» hartzen jarraituko dutela, «herritarren babesa bermatzeko».
Era berean, CCG Golkoko Lankidetzarako Kontseiluko idazkari nagusiak gaur gaitzetsi egin ditu huthiek Saudi Arabian egindako erasoak. Kontseiluaren webgunean zabaldutako ohar batean, adierazi du «eraso terrorista» izan zela atzokoa. «Zibilei eraso egitea krimen izugarria da, eta milizia horien ikuspegi kriminala erakusten du», salatu du.
Duela hiru aste elkarri erasoka hasi zirenetik lehen aldiz eman du Riadek Saudi Arabiaren aurka xiitek egindako eraso batean zauritutakoen berri. Xiitek zabaldu zuten Najran herriko aireportua jo zutela asteartean, eta kontraeraso bat izan zela azaldu; aurrez xiitek Yemenen kontrolatzen dituzten eremuetan eraso egin izana egotzi zioten Saudi Arabiari.
Uztailean egin zuen eztanda auziak. Yemengo matxino xiitek itsas blokeoa ezarri zioten Saudi Arabiari uztailaren 20an. Argudiatu zuten Riadek Yemengo Gobernua «babesten» duela eta bien artean «blokeoa» ezarria dutela Yemen mendebaldean —eremu hori huthiek kontrolatzen dute egun—, eta murrizketak ezartzen dituztela bertan. Bi gobernu horiek, berriz, salatu izan dute huthiak nahita ari direla eskualdean sua pizten, Iranen mesederako ari direlako.
Hiru egun geroago, uztailaren 23an, Saudi Arabiak jakinarazi zuen bere petroliontzi bati eraso ziotela Yemengo Iranen aliatuek Itsaso Gorrian, eta gertakari horrek are gehiago tenkatu zuen bi etsaien arteko soka.
Riad, aliatu bila
Saudi Arabiak Yemen du mugakide hegoaldean, eta Irak iparraldean. Azken horretan ere piztu da auzia, eta Badr talde paramilitar xiitako lider Hadi al-Amirik —haiek ere lotura estua daukate Iranekin— Irakeko erresistentzia taldeei eskatu die «AEBen eta Saudi Arabiaren erasoei erantzunez» Saudi Arabian egin asmo duten erasoaldia «atzeratzeko».
Izan ere, uztailaren 29an AEBek eta Saudi Arabiak eraso egin zuten Iraken. Herri Mobilizaziorako Indarren egoitza jo zuten; 20 lagun hil zituzten, eta 30 inguru zauritu. Aurrez, Reutersek zabaldu zuen Riadeko eta Washingtoneko zerbitzu sekretuen arabera Irakeko milizia armatuak huthiekin lankidetzan ari zirela Saudi Arabian erasotzeko, Irango Guardia Iraultzaileak ikuskaturik.
Mohamed Bin Salman Saudi Arabiako printze erregegaiak Pakistango ordezkaritza bat hartuko du gaur. Bertan izango dira lehen ministro Shehbaz Shariff —gaurkoa hirugarren bisita du aurten—, Atzerri ministro Ishaq Dar, armadako buru Asim Munir eta beste zenbait goi kargudun. Atzo heldu ziren Riadera, eta hiru egun emango dituzte han, bi aldeen lankidetzaz eta eskualdeko eta nazioarteko garapenaz hitz egiteko.
Pakistangoa, ordea, ez da Saudi Arabiako erregegaiarekin bilduko den ordezkaritza bakarra izango. Izan ere, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan Riadera joan da gaur, Turkiako Gobernuaren komunikazio sailak jakinarazi duenez. Gogorarazi behar da Pakistan bitartekaria dela AEBen eta Iranen gerran, eta Turkia, berriz, diplomazia lanetan aritu dela Gazakoan.
Turkiako hainbat hedabidek zabaldu duenez, hiru herrialdeetako agintariak Jeddah hirian bilduko dira gaur, eta hiru aldeek defentsan oinarritutako akordio bat sinatuko dute. Duela ia urtebete, iazko irailean, Saudi Arabiak eta Pakistanek defentsa akordio bat sinatu zuten. Itunaren arabera, bi estatuek adostu zuten «erantzun bateratua» ematea beste herrialde batek bietako bati eraso eginez gero.