Ezbeheharra astearte arratseko 22:00 aldera (13:00 Euskal Herrian) jazo zen, Kaixian eskualdean, Chongqingeko udalerrian, den Chuandongbeiko gas ekoizguneko hobi bat lehertu egin zen, zulatzen ari zirenean. Eztandaren ostean hidrogenoaren sulfuro gas toxikoak zabaltzearen eraginez, gutxienez 193 herritar hil direla zabaldu zuen atzo arratsean Xinhuak. Zaurituak eta toxikatuak, aldiz, ehunka direla zehaztu zuen agentziak.Txinako presidente Hu Jintaok eta Wen Jiabao lehen ministroak ahalegin oro egitea eskatu zuten, «biktima guztiak aurkitzeko eta sorosteko». Baita, «biktima gehiago ez dadin izan». Zaurituen eta toxikatuen kopuru zehatzik jakinarazi ez dutela eta, oso litekeena da istripuaren behin-betiko balantzea askoz handiagoa izatea
China Daily egunkariaren Interneteko guneak atzo emandako argibideen arabera, Kaixian eskualdeko ospitale bakar batean baziren 200 eta 300 zauritu artean, asko oso egoera larrian zirelarik. «Zauritu eta toxikatu hauek nekazari edo meatzariak dira, gazte zein adinekoak, emakume bai gizonezkoak, hots, den-denetatik dago» zehazten zuen hedabideak.
Lan istripuak gora@:Ezbeharraren lekuan egoera kontrolpean ote zegoen ez zen argi atzo iluntzean. Sorospen lanetarako zabaldutako 300 suhiltzaile, soldadu eta teknikariez gain, hondeamakinak zerabiltzaten langile taldeek. Ahaleginak oro egiten ari ziren zart egin iko gas hobia porlanez itotzeko. Asteazkenean, berriz, airera 30 metro gora altxatzen zen gas naturalari eta hidrogenoaren sulfuroari su eman zioten, gas toxikoen jarioa gutxitzeko asmoz.
Chuandongbeiko gas natural hobiek 50 eta 60 milardo tona bitartean ekoizten dute urtero. Ekoizte gune hori China National Petroleum Corporation elkarteak kudeatzen du. Honen zuzendariorde Qian Zhijiak atzo aditzera eman zuenez, ekoizgune honetan ez da orain arte sekula antzeko gertakari larririk jazo.Alabaina, lan istripuak oso ugari dira Txinan, batez ere meategietan. Estatistika ofizialen arabera, 95.600 langile hil dira Txinako meategi edo lantegietan, aurtengo urtarrila eta iraila bitartean, hots, 2002. urteko epe berean baino %9,6 gehiago.
-
Datua
95.600
Hona aurten urtarriletik irailera Txinan lan istripuetan zenbat hil diren, estatistika ofizialen arabera.