15:27 zirenean gertatu da harrapatzea, eta Alemaniako lander horretako Barne ministroaren esanetan, gertakariaren ondorioz bi dira hildakoak. Ez du zaurituen kopururik eman, "asko" direlako. Muensterreko Poliziaren arabera, 20 dira zaurituak eta horietako sei larri daude. Poliziak berak baieztatu du ibilgailuaren gidariak bere buruaz beste egin duela jendea harrapatu ostean, itxuraz, pistola batekin. Ministroak esan du herritar alemaniar bat zela, ez errefuxiatua "edo antzer zer edo zer". Süddeutsche Zeitung agerkari digitalaren arabera, 48 urte zituen furgonetaren gidariak, eta arazo psikologikoak zituen. ZDF Alemaniko telebista publikoak jakinarazi duenez, esana zuen modu ikusgarrian, jendea harrapatuz, egingo zuela bere buruaz beste.
Atentatuaren aukera mahai gainean jarri dute hainbat hedabidek hasiera batean, baina hori baztertu du landerreko Barne ministroak. Bien bitartean, ibilgailuaren barruan topatutako pakete susmagarri bat aztertzen jarraitzen du Poliziak, leherkeraririk bat ote duen jakiteko. Erasoaren egilearen etxea miatzen ari dira, gainera.
Alemania mendebaldean dago Muenster hiria, eta hango alde zaharrarean izan da erasoa. Poliziak, suhiltzaileak eta larrialdietako zerbitzuetako kideak berehala joan dira bertara, eta itxi egin dute lekua. Alde zaharrean dagoen Kiepenkerlen estatuaren inguruan turista asko elkartzen da, eta baita bertako jendea ere. Inguru hartan harrapatu du jendea ibilgailuak. Hedabideek zabaldu dituzten argazkietan mahaiak eta aulkiak ikus daitezke lurrean.
Hainbat hedabideren arabera, bi susmagarriren bila aritu da polizia, baina bilaketa hori bertan behera utzi duela jakinarazi du Poliziak berak 17:50 aldean, eta "arriskua" amaitu dela gaineratu du. Atentatuaren lekura ez joateko eta zurrumurruak saihesteko eskatu du poliziak. Ulrike Demmer Alemaniako Gobernuko bigarren bozeramaileak biktimak izan ditu gogoan.
Renania Ipar-Westfalia landerrean dago Muenster. 310.000 biztanle ditu.