Ideologia bat gailendu ezean, aldiroko aldaketak

2022an Macronen bigarren agintaldia hasi zenetik, lau lehen ministro izan ditu Frantziak. Asanblea Nazionalean presidenteak gehiengo osoa ez izatearen ondorio izan da nagusiki.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Elizabeth Borne 2022tik 2024ra lehen ministro izandakoa. TERESA SUAREZ / EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Elizabeth Borne 2022tik 2024ra lehen ministro izandakoa. TERESA SUAREZ / EFE
2025eko irailaren 8a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egonkortasuna ez da izan Frantziako Gobernuaren ezaugarrietako bat azken urteetan; izan ere, presidentearen alderdiak ez du gehiengorik Asanblea Nazionalean. Diputatuen artean, nabarmenak dira ezberdintasun ideologikoak, eta, hortaz, ez da egonkortasunik gobernatzeko garaian. Emmanuel Macronen bigarren agintaldian, lau lehen ministro izan dira; azkena, François Bayrou, zeinak dimisioa eman beharko duen, ez duelako nahikoa babes lortu gaur legebiltzarrean aurkeztu duen konfiantza mozioan.

2022a hauteskunde urtea izan zen Frantzian. Presidentetzarako hauteskundeek Emmanuel Macron jarri zuten bigarrenez agintean, eta legebiltzarrerako hauteskundeek ere gehiengoa eman zioten Macronen LREM Errepublika Martxan alderdiari. Hala ere, gehiengoa ez zen osoa izan. Bi urte geroago, 2024ko Europako Parlamentuko hauteskundeetan, asko izan ziren eskuin muturraren alde bozkatu zuten frantziarrak, eta, hori ikusita, Macronek legebiltzarrerako hauteskundeetara deitu zuen berriro. Ultraeskuinak gora egin zuen hauteskundeetan, eta, olde horren kontra, ezkerreko alderdiek ere boto gehiago jaso zituzten. Beraz, Macronen alderdiak emaitza txarrak lortu zituen hauteskundeetan, eta diputatuak galdu zituen asanblean. Ez zuen lortu inola ere eskuratu nahi zuen gehiengo osoa.

Frantzian, presidentea estatuburua da, eta atzerri politikaz arduratzen da batez ere. Gobernuburua, berriz, lehen ministroa da. Macronek proposatzen du lehen ministroa nor izango den, eta Asanblea Nazionaleko alderdiek eta presidenteak aurretik lotu ohi dute hautagaia, iskanbilak ez izate aldera.

Era guztietako arrazoiak

Macronen bigarren agintaldian lau izan dira lehen ministroak. Elisabeth Borne izan zen lehena, 2022ko maiatzetik 2024ko urtarrilera. Kargu horretan gehien iraun duen emakumea izan da Borne —aurretik bakarra egon da: Edith Cresson (1991-1992)—, baita azken agintaldian gehien iraun duena ere. Biak, Macron eta Borne, alderdi berekoak ziren. Bornek dimisioa aurkeztu zuen higatze handi bat dela medio; gobernu hark onartu zituen immigrazio legea eta erretretaren erreforma, eta zalaparta eragin zuten asanblean. Izan ere, legebiltzarrean gehiengo osoa ez zuenez, 49.3 artikulua erabiliz atera zituen legeak aurrera, asanblean aurkeztu gabe. 

Hauteskundeetara deitu baino, nahiago izan zuen presidenteak beste lehen ministro bat proposatu: Gabriel Attal. Eta onartu egin zuten asanbleako diputatuek. Macron eta Borne moduan, LREM Errepublika Martxan alderdikoa zen Attal ere. 2024ko urtarrilean hasi eta bederatzi hilabete eskas iraun zuen, hauteskunde batzuk tartean izan zirela. Hauteskunde horietako emaitzek ekarri zuten lehen ministroaren dimisioa, kaskarrak izan baitziren alderdiarentzat.

Asanblea Nazionalean gehiengo osoa ez izanik, eskuineko alderdien atea jotzea erabaki zuen Macronek, eta Michel Barnier izendatu zuen lehen ministro, LR Errepublikanoak eskuineko alderdikoa. Irailean heldu zen Barnier, eta abendura arte iraun zuen soilik. Lehen ministroak austeritate plana aurkeztu zuen, eta, horren bitartez, parlamentuaren babesik gabe, 2025eko aurrekontuak onartu nahi izan zituen: 40.000 milioi euroren murrizketak eta 20.000 milioi euroren zergen igoera. Gehienbat ezkerreko eta ultraeskuineko diputatuek bultzaturik, Asanblea Nazionalak zentsura mozio bat egin zuen, eta Barnier kargugabetzearen alde bozkatu zuen.

Orduan, 2024ko abenduan, izendatu zuten lehen ministro François Bayrou MoDem alderdiko kidea —indar hori gobernua babesten duen zentro-eskuineko koalizioaren parte da—. Orain, hura kargugabetzearekin, Frantziak erabaki beharko du zer norabide hartu krisiari izkin egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.