Iheslekutik ere kanporatu nahi dituzte

Pakistango Gobernuak migrazio politikak gogortu ditu, eta horrek zuzenean eragin die han bizi diren afganiarrei. Milaka lagunek itzuli behar izan dute talibanen menpeko herrialdera, eta beste asko, berriz, beldurrez bizi dira Pakistanen.

Pakistandik ihesi doazen afganiar batzuk, Afganistango mugatik gertu dagoen Peshwar hirian, uztailaren 27an. BILAWAL ARBAB/EFE
Pakistandik ihesi doazen afganiar batzuk, Afganistango mugatik gertu dagoen Peshwar hirian, uztailaren 27an. BILAWAL ARBAB / EFE
Iraia Leon Pego
2026ko abuztuaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pakistanen bizi diren milaka afganiarrentzat, etxea jada ez da babesleku. Afganistanera itzuliz gero, jazarpena eta pobrezia pairatu beharko dituzte, baina, Pakistanen geratuz gero, arriskua dute noiznahi atxilotuak eta kanporatuak izateko. Izan ere, Pakistango Gobernuak migrazio politikak gogortu ditu azken urteetan, eta behinola Afganistango ezegonkortasunetik ihes egindakoei ziurgabetasuna eragin die berriro.

«Pakistanen bizi izan dira berrogei urtez, eta, deportatu zituztenean, askok ez zekiten ia Afganistan non zegoen ere». Ferexta Abbasi Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeko ikertzailearen hitz horiek laburbiltzen dute Pakistanen bizi diren milaka afganiarren egoera. Urteetan eta urteetan Pakistanen aurkitu dute babesa Afganistango gatazketatik, indarkeriatik eta ezegonkortasun politikotik ihesi egindakoek, eta beste asko Pakistanen jaio eta hazi dira. Orain, ordea, Pakistanen migrazio politiken gogortzeak kolokan jarri du haien etorkizuna.

Islamabadek 2023an abiatu zuen Legez Kanpoko Atzerritarrak Aberriratzeko Plana, paperik gabeko atzerritarrak kanporatzeko helburuarekin, berez. Gerora, ordea, afganiar gehienak kanporatzeko erabili dute neurri hori, eta azken urratsa egin dute aurten: agindu zuen uztailaren 10etik aurrera baliozko bisarik ez duten afganiarrak berehala atxilotzeko eta deportatzeko. Hilabete pasatxo igaro da jada, eta herrialdean geratzen diren milaka afganiarrak ziurtasunik gabe bizi dira.

Aurten bakarrik, 600.000 afganiarrek baino gehiagok gurutzatu dute Afganistanerako muga, NBE Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera. Batzuek behartuta, eta beste batzuek, berriz, atxilotuko dituztelako beldurrez. Gaur, talibanek Afganistanen boterea hartu zutenetik bost urte bete diren honetan, milaka lagun harrapatuta daude bi beldurren artean: Pakistanen atxilotuak eta kanporatuak izatekoa, eta Afganistanera itzultzean pobrezia, bazterketa edo jazarpena jasatekoa.

Pakistanen daudenentzat, ezinegona ohikoa bilakatu da. «Familia batzuekin hitz egin dut, eta seme-alabak ez omen dituzte ez ospitalera ez eramaten», esan du Abbasik. Arrazoia sinplea da, ikertzaileak azaldu duenez: gehienek entzuna dute badirela eskolarako edo medikutarako bidean atxilotu eta Afganistanera deportatu dituzten herritarrak. 

Oraindik Pakistanen dauden guztiek beldurrez hartu dute gobernuak jarrera gogortu izana: ez dakite berriro ihes egin edo bertan geratu. Baina, Bilal Irfan ikertzaile pakistandarraren arabera, deportazioek bereziki eragiten diete Pakistanen jaio diren edo bizi osoa han eman dutenei: «Milaka lagun agian inoiz egon ez diren eta inor ezagutzen ez duten herrialde batera kanporatzen ari dira». Abbasik ere antzeko testigantzak jaso ditu, eta gaineratu du askok ez dakitela Afganistango hizkuntzetan hitz egiten.

«Milaka lagun agian inoiz egon ez diren eta inor ezagutzen ez duten herrialde batera kanporatzen ari dira»

Bilal Irfan Ikertzaile pakistandarra

Horregatik, halakoetan deportazioa ez da soilik herrialde batetik jaioterrira itzultzea. Askorentzat, zera da, hamarkada luzez eraikitako bizitza oso-osorik galtzea ezagutzen ez duten leku batera joateko. 

Pakistandik kanporatutakoek, gainera, beste errealitate gogor bati aurre egin behar diote Afganistanera iristean. Herrialdea guztiz aldatu da talibanek berriro ere boterea hartu zutenetik —1996tik 2001era bitartean ere egon ziren agintean—. Emakumeen eta nesken eskubideak nabarmen murriztu dituzte: ezin dute ez bigarren hezkuntzan ez unibertsitatean ikasi, eta oztopo ugari dituzte lan egiteko eta batetik bestera joateko. 

«Afganistanera itzuli diren emakume gehienek depresioa edo antsietatea pairatzen dute», azaldu du Abbasik. Haren arabera, askok «nolabaiteko autonomia» zuten Pakistanen, baina, Afganistanera iristean, etxe barruan geratzera behartu dituzte, eta, hortaz, buru osasuneko arazoak geroz eta ohikoagoak dira.

«Afganistanera itzuli diren emakume gehienek depresioa edo antsietatea pairatzen dute»

Ferexta Abbasi Human Rights Watcheko ikertzailea

Emakumeek ez ezik, jazarpen arriskua dute kazetariek, giza eskubideen defendatzaileek, aurreko gobernuarekin lan egin dutenek eta jendaurrean talibanen aurka jardun dutenek ere. Afganistanera joan ondoren atxilotu eta torturatutako hainbat lagunen kasuak dokumentatu ditu Human Rights Watchek.

Milaka eta milaka lagun ezin jaso

Bestalde, Afganistanera iritsi diren askok krisi humanitario larri bati ere aurre egin behar diote. NBEren arabera, milioika afganiar jaki eskasia pairatzeko arriskuan daude, eta nazioarteko laguntza nabarmen murriztu da azken urteetan. Beraz, Afghanistanek gaitasun oso mugatua du beste milaka lagun jasotzeko.

«Duela sei hilabete Afganistanera itzultzera behartu zituztenekin hitz egin dut, eta oraindik ez dute ez lanik, ez etxerik», azaldu du Abbasik. Irfanen arabera ere, Afganistanek ez du behar adina baliabiderik milaka eta milaka lagun hartzeko, eta baliteke horrek «pobrezia eta osasun arazoak areagotzea».

Bost urte hauetan, Afganistango krisia ez da herrialdearen mugen barruan geratu. Handik ihes egin zutenek ere nabaritu dituzte ondorioak. Askok ez zuten Pakistan aukeratu helmuga gisa; jaioterritik ihes egin behar, eta han bestelako bizimodu bat eraikitzen saiatu ziren. Orain, ordea, bizitokia uztera behartu dituzte berriz ere, eta milaka lagun noraezean daude berriro: Pakistanen zuten bizitza galdu dute, eta Afganistanen non bizi ere ezin aurkitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA