Illa, transbertsalitatea lortu nahian

Ezustekorik ezean, PSCk irabaziko ditu Kataluniako bozak. Alderdiko presidentegaiak esan du blokeen logika gainditu nahi duela, argitu gabe zer proposatzen duen gatazkaren konponbiderako.

(ID_13847413) ESPAÑA ELECCIONES CATALANAS
Salvador Illa PSCren presidentegaia, kanpainako ekitaldi batean, aurreko igandean. DAVID BORRAT / EFE
Igor Susaeta.
Berriemaile berezia - Bartzelona
2024ko maiatzaren 9a
05:05
Entzun

Kataluniako gatazka politikoari konponbidea emango dion proposamen propiorik ez edukitzea egozten diote indar independentistek Salvador Illa PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiaren presidentegaiari. ERC Esquerra Republicanarentzat, «Moncloak Katalunian duen ordezkaria» besterik ez da; eta, Juntsen esanetan, «Kataluniako gobernadore zibila» izango da, igandean egitekoak diren parlamenturako hauteskundeak irabazi eta Generalitateko presidente izatea lortzen badu. Kaleratutako inkesta guztiek adierazi dute PSCk irabaziko dituela bozak, 37 eta 42 eserleku artean lortuz. Ez du planteamendu argi bat egin gatazkari irtenbide bat emateko. Gai horri dagokionez, kanpainan hau baino ez du esan: blokeen logika —independentista eta unionista— gaindituko duen gobernu transbertsal bat duela asmo.

«Gobernu bat egotea litzateke prozesua gainditzeko modurik onena, eta azken urteetan elkarri entzungor egin dioten blokeak lankidetzan aritzea», defendatu du Astrid Barriok, telefonoz. Valentziako Unibertsitateko Zientzia Politikoetako Fakultateko irakaslea da, eta erreferendum baterako argitasun akordioa diseinatzeko Generalitateak iaz osatutako aditu taldeko kidea izan da. Barrioren ustez, Illak «akordio berri bat» planteatzen du, baina katalanen arteko akordio bat, eta «onartu» egiten du auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2010ean Kataluniako estatutua (2006) nabarmen murriztu zuenetik datorrela. «Erreforma instituzional bat planteatzea litzateke [konponbiderako] modu bat, kontsentsu zabalen bidez».

Lluis Orriolsen iritziz, «kontserbadurismo dosi handiak» ditu PSCk orain, alderatuz gero, esaterako, beste batzuetan aldarrikatu duen «autogobernu gaitasun handiagoa» edukitzearekin. «Sinpleki, [Espainiako] Alderdi Sozialistak konfiantza eta egonkortasuna saltzen du, baita instituzionalitatearen eta normaltasun autonomikoaren korralera itzultzea ere», azpimarratu du, telefonoz, Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko Zientzia Politikoetako fakultateko irakasleak. «Horregatik, oso light-a da karga ideologikoari dagokionez: 'itzul gaitezen duela hamar urte Katalunian geunden tokira'».

Eta duela hamar urte pasa abiatu zuten prozesu subiranista, Pasqual Maragall (2003-2006) eta Jose Montilla (2006-2010) PSCkoak buru izan zituzten Generalitateko hiruko gobernuen garaia igaro ondoren, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako orduko presidenteak (2004-2011) Atzeraldi Handian murrizketak egin ondoren. Orduan, PSC amildu egin zen. Suspertu egin da, ordea.  «Espainian hirugarren alderdiek zuten boterea ahuldu egin da —Podemos Espainian, Comukoak Katalunian— eta polarizazio nazionala gutxitu da. Horrek berriro transbertsalitatea eman dio». 2021ean ere irabazi zituen hauteskundeak.

«Erreforma instituzional bat planteatzea litzateke konponbiderako modu bat, kontsentsu zabalen bidez».

ASTRID BARRIOValentziako Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea

Bozak irabazita ere, ordea, zailtasun handiak izango ditu Illak presidente izateko eta gobernua osatzeko; bai, behintzat, batzuek eta besteek kanpainan esandakoak aintzat hartuta. «Tradizio historikoari kasu eginez, hirukoa [PSC-ERC-Comuns Sumar] litzateke aukerarik arrazoizkoena», esan du Barriok. Baina hori gertatzeko, Aragonesek ekuaziotik «desagertu» beharko lukeelakoan dago. «Nekez irudikatuko nuke Generalitateko presidente izandako bat kontseilari kargura beheratua». Ohartarazi du, bide batez, ERCren emaitzak «oso txarrak» baldin badira, «aurreikusi ezin diren ondorioak eduki ditzakeen krisi batean» sar daitekeela alderdi hori.

Barriok nabarmendu du Junts eta PSC ez daudela hain urrun «politika jakin batzuetako alor askori» dagokienez. «Diputazioetan eta tokiko instituzioetan, biek akordio asko eginak dituzte». Gogorarazi du, halere, «sociovergencia» inoiz ez dela gertatu Generalitatean. «Nahiko zaila iruditzen zait, Illa eta [Carles] Puigdemont ekuazioan mantenduz gero».

(ID_13844663) ESPAÑA ELECCIONES CATALUÑA
Salvador Illa eta Pedro Sanchez, aurreko larunbatean Bartzelonan egindako ekitaldi batean. QUIQUE GARCIA / EFE

Ez Orriolsek, ez Barriok, ez dute baztertu hauteskundeak berriro egin behar izatea, kontuan hartuta igandeko emaitzek akordioetarako aritmetika zaildu dezaketela. Karlos III.a Unibertsitateko irakasleak beste agertoki bat aipatu du: ERCk Illaren inbestidura ez oztopatzea; are, hura babestea, baina gobernuan egon gabe. «Alderdi Sozialistari babesa ematea litzateke hori, bai gobernu zentralean, bai autonomikoan. Baina galdera zera da: zeren truke?».

Hizkuntza, trukerako aukera

«[Eskumenen] transferentzia batzuk lortuko lirateke. Orain dugun debate maximalista honetan, oso zaila da Alderdi Sozialista askoz ere gehiagorako prest egotea», esplikatu du Orriolsek. Kataluniak finantzaketa eredu propio bat edukitzea nahi dute Juntsek eta ERCk, hau da, Katalunian ordaintzen diren zerga guztiak Generalitateak biltzea. Hori Moncloarekin negoziatu behar da. Finantzaketa sistemaren eredua erreformatzeko asmoa agertu du PSCk. Egungo zerga sistemaren eta bi indar independentista hegemonikoek eskatutakoaren artean, erdibidean dago Illak proposatutako Kataluniarako zerga partzuergoa.

«Alderdi Sozialistak konfiantza eta egonkortasuna saltzen du, baita instituzionalitatearen eta normaltasun autonomikoaren korralera itzultzea ere».

LLUIS ORRIOLSKarlos III.a Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea

Orriolsen ustez, Kataluniari finantzaketa eredu propio bat emanez gero, «zalantzarik gabe, tentsioa baretuko» litzateke Katalunian. «Baina, aldiz, Espainian areagotu: Kataluniarentzako finantzaketa hobetzen baduzu, beste batzuen finantzaketaren kontu egiten duzu». Beraz, iruditzen zaio tentsio hori apaltzeko beste «ekintza lerro bat» badela: «Kataluniako gobernu autonomikoari laguntzea, normalizazio linguistikorako duen gaitasuna hobetzeko». Izan ere, katalanaren etorkizuna bermatzea da alderdi independentisten lehentasunetako bat. «Espainia mailan, PSOErentzat errazagoa litzateke bide hori kudeatzea. Bai, nazionalismo espainiarra kontra edukiko luke, baina kontu ekonomikoek gehiago mugiarazten dute nazionalismo hori».

Barrioren arabera, independentismoa «ahuleziak jota» egonda ere —inkesta gehienek diote gehiengoa galduko duela—, «trukerako zerbait» lor dezake, horretarako «xantaia gaitasuna» baliatuta. «Ahulen egon denean lortu du orain arteko irabazkin handiena: amnistia». Haren ustez, subiranismoa Generalitatetik kanpo gelditzen bada ere, ez dio Madrilgo egoerari «modu eraginkor batean» eragingo, «espantuak egitetik haratago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.