Emmanuel Macronen Martxan alderdian eztabaida sortu duen arren, Frantziako Asanbea Nazionalak onartu egin du immigrazio lege proiektua. Atzo gauean onartu zuten, aldeko 228 botorekin, 139 kontrakorekin eta 24 abstentziorekin. "Kontrolatutako immigrazioa, asilo eraginkorra eta integrazio arrakastatsua lortzea" ditu helburu lege proiektuak.
Martxan alderdiko eta MoDem Mugimendu Demokratikoko hautetsi gehienek legea babestu duten arren, Martxan-eko ia hamabost diputatu abstenitu egin dira, eta batek lege proposamenaren kontra bozkatu du. MoDemeko zortzi diputatu ere abstenitu egin dira, eta batek kontrako botoa eman du. Errepublikanoak, Fronte Nazionalekoak eta sozialistak, berriz, kontra azaldu dira.
Orain, legea Senatura joatea espero da, eta han ekainean eztabaidatzea.
Eztabaida handia sortu du lege proiektu honek. Alderdien artean ez ezik, gizarte eragileen artean ere sortu du zalapartarik. Izan ere, migratzaileak atxilotuta eduki ahal izateko epea 90 egunetara gehitzen du —orain 45 egunetakoa da—, eta moztu egiten ditu agiriak eta paperak aurkezteko epeak. Frantziako muga legez kanpo pasatzeak, gainera, urtebeteko zigorra ekar lezake aurrerantzean.
"Migrazio lege justua" egin nahi du horrekin Frantziako Gobernuak.