Katalunia

Inbestiduraren truke, Sanchezi «erreferendumaren alde» lan egiteko eskatzea babestu du Kataluniako Parlamentuak

PSCk gaitzetsi egin du bi alderdi independentisten baldintza hori, eta hauteskundeak berriz egiteko arriskuaz ohartarazi du.

Pere Aragones eta Salvador Illa, joan den asteazkenean, Kataluniako Parlamentuan. QUIQUE GARCIA / EFE
2023ko irailaren 29a
11:27
Entzun

Kataluniako Parlamentuak alderdi independentistei eskatu die, Madrilen Pedro Sanchez presidente izateko botoen truke, eska diezaiotela «erreferendumaren alde» lan egiteko. Politika orokorreko saioa egin du gaur parlamentuak, eta ebazpen batean onartu dute eskaera. Balio sinbolikoa izango du, baina adierazgarria da Kataluniako bi alderdi independentista nagusiak ados jarri izana. ERCren eta Juntsen aldeko botoak jaso ditu ebazpenak (64), eta PSC, PP eta Voxen kontrakoak (54). CUP abstenitu egin da, eta Ciutadansek ez du bozkatu puntu hori tramiterako onartu dutelako protestan.

Ebazpena ERCk eta Juntsek adostu zuten, eta, Nuñez Feijooren inbestidura saioaren porrotaren ostean, parlamentuaren babes hori jaso dute Madrilen euren babesa negoziatzeko. Aurreko asteazkenean Kataluniako Parlamentuan ika-mikan aritu ostean adostu dute bi indar independentistek zer baldintza jarriko dizkioten Sanchezi: amnistia lege bat egitea, eta autodeterminazio erreferendum bat egin ahal izateko «baldintzak eraginkorrak» bermatzearen alde lan egitea.

Kataluniako Generalitateari ere eskatu diote «egin beharrekoak egiteko» erreferendum bat izan dadin. «2017ko Urriaren Leheneko mandatua estatuarekin adostutako erreferendum batek ordezkatuko luke», dio ebazpenak.

PSC: hauteskundeak berriz egin litezke

Salvador Illa PSCko buruak txarretsi egin du JxCk eta ERCk jarritako baldintza. Hark adierazi duenez, «gizartea banatzea» ez da bidea, eta iragarri du Kataluniako independentistek autodeterminazioaren baldintza mahai gainean jartzen badute hauteskundeak berriz egin litezkeela: «Ez da desiragarriena, ez da ez Kataluniak, ez Espainiak behar dutena, baina errealitatea den modukoa da».

Ikusi gehiago:Feijooren lehen porrotaren ondoren, Sanchezen inbestidurari begira jarri dira alderdiak

CUP abstenitu egin da bozketan, eta beste ebazpen batean eskatu du izan daitezela Kataluniako erakundeak eta herritarren mobilizazioa «berme bakarrak» 2017ko erreferendumak ekarri zuen hausturan aurrera egiteko. Ebazpen horrek ere parlamentuaren babesa jaso du. Beste mozio batean, CUPek eskatu du Espainiako erakundeekin «ez kooperatzeko», harik eta hark autodeterminazio eskubidea aitortu arte. Desobedientziarako dei hori, baina, ez da aurrera atera, ERC abstenitu egin delako; soilik CUPek eta Juntsek bozkatu dute alde.

Amnistiaren alde, gehiengo handi bat

Hiru alderdi independentistek bat egin dute Kataluniako prozesuan parte hartzeagatik auzipetuta daudenentzat amnistia eskatzeko aurkeztu duten ebazpena aurrera ateratzeko. En Comu Podem taldeak ere bozkatu du horren alde. 80 diputatu izan dira guztira. Kontra bozkatu dute PSCk, Voxek eta PPk (47 boto); Ciutadans abstenitu egin da hor ere.

Amnistiaren aldeko ebazpenean, ERCk, CUPek eta Juntsek eskatu dute 2020an erregistratu zuten amnistiarako lege proposamena oinarri izan dadila lege berrirako. «Gatazka sozial eta politikoaren testuinguruan, eskubideen eta askatasunen defentsaren auzian arrazoi politikoengatik auzipetutako pertsona guztiak» amnistiatzeko eskatu dute gaur.

Amnistiaren aurka Ciutadansek, Voxek eta PPk aurkeztu dituzten ebazpenak atzera bota dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.