AEBak. Donald Trumpen agintaldia

«Indar guztiekin aurre egingo diogu»

Donald Trumpek baimena eman du bi oliobide egiteko, eta biharamunean protestak iragarri dituzte AEBetan; talde ekologistek eta tribu indigenek ohartarazi dute euren esku dagoen guztia egingo dutela erabakia atzera botatzeko.

Dakota Access oliobidearen aurka emakume indigena batek azaroan Chicagon egindako protesta. TANNEN MAURY / EFE.
edurne begiristain
2017ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Etxe Zuriaren parean, garabi batean, pankarta erraldoi bat zabaldu zuen atzo Greenpeacek. Hitz bakar bat irakur daiteke: Resist (Eutsi). Donald Trump AEBetako presidente berriak bi oliobide egitea baimendu eta biharamunean bertan emandako erantzuna izan da. Annie Leonard Greenpeaceko zuzendariak argi adierazi du ez dutela etsiko: «Indar guztiekin aurre egingo diogu. Oliobideek eta erregai fosilekin zerikusia duten beste proiektu batzuek are aberatsagoak egingo dituzte dirudunak, eta gainontzekook sufritzen jarraituko dugu».

Amore emateko asmorik gabe, baina kezkaz eta etsipenez jaso dute talde ekologistek eta herri indigenekKeystone XL eta Dakota Acces oliobideak egiteko baimena. Trumpek asteartean sinatu zuen proiektua, eta erabakiak sumindura eragin du hilabeteetan oliobideak egiteko lanak geldiarazteko protestan aritu direnengan. Trumpi «legea urratzea» leporatu dio Dave Archambault II.a Standing Rock erreserbako siux tribuko agintari buruak: «Gure eskubideak urratzeko eta gure urak kutsatzeko arriskua ez ezik, hamazazpi milioi estatubatuarren urak kutsatzeko arriskua ere badago».

Erabakia atzera botatzeko legezko bide guztiak erabiliko dituztelairagarri dute, bestalde, siux tribukoek. Ohar batean salatu dutenez, AEBetako Gobernuak ez ditu errespetatu tribuekin adostutako akordioak: «Presidentea legez behartuta dago gure eskubide hitzarmenak errespetatzera eta bidezkoa den prozesua egitera».Bernie Sanders senatari demokratak ere kritikatu egin du Trumpen erabakia, eta agindu du «bere esku» dagoen guztia egingo duela oliobideak jar ez ditzaten.

Oso kutsagarria

Bi oliobideak egiteko lanak geldirik zeuden joan den legealditik, Barack Obamakekologisten presioaren ondorioz lanak etetea erabaki zuenetik. 2015ean debekatu zuen Keystone XL izenekoa jartzea, eta iazko abenduan, berriz, gauza bera egin zuen Dakota Accessekoarekin. Lur bituminosoetan ateratako petrolioa garraiatzeko helburua dute bi oliobideek, eta petrolio hori ateratzeak kalte handia egiten dio ingurumenari: ohiko erregaiek baino berotegi efektua duten gas gehiago isurtzen dute. Horregatik, talde ekologista askok, baita beren lur eremuak galtzeko zorian sumatzen dituzten siuxek ere, borroka nekaezina egin dute horien aurka.

Hauteskundeetan agindutakoa betetzeko bidea jarri du orain Trumpek, eta bi oliobideak egiteko baimena sinatu du. AEBen aldeko neurri gisa saldu du bere erabakia: «Langile estatubatuarrek AEBetako altzairuarekin egindako hodiak izango dira». Keystone XL oliobideari dagokionez, hondar asfaltikoak garraiatzeko diseinatu zen, eta mota horretako hidrokarburoak Kanadako Alberta probintzian erauzten dira batez ere. Trumpek oliobideaz arduratzen den Kanadako enpresari adierazi dio eska dezala berriro lanak hasteko baimena, eta hitzeman du eskaera jaso eta bi hilabeteko epean emango duela horiek hasteko baimena. Dakota Accessen kasuan, jada hasiak dituen obrekin jarraitzeko eskatuko dio ETP Energy Transfer Partners enpresari.

Azken kasu horretan, siuxek borroka luzea daramate oliobidearen aurka; besteak beste, petrolio hodiek Missouri ibaia zeharkatuko dutelako azpitik eta arriskuan jar dezaketelako siuxen bizimodua. «Ez gaude independentzia energetikoaren aurka; bai, ordea, gure eskubideei muzin egin eta gure ur hornidura arriskuan jartzen duten proiektuen aurka», ohartarazi du Archambault II.ak.

Talde ekologisten kritikak ere entzun behar izan ditu AEBetako presidenteak. Herenegun, kalera eraman zituzten euren protestak, eta mila inguru lagunek lurra defendatzeko eskatuzuten Etxe Zuriaren atariraino iritsi zen mobilizazioan. Horrekin batera, AEBetako erakunde ekologistek ohartarazi dute «inoiz ez bezalako mobilizazio erraldoi» bat antolatuko dutela bi oliobideak egitearen aurka. Desobedientzia zibila erabiliko dutela esan du IEN Indigenen Ingurumen Sareko zuzendari Tom BK Goldtoothek: «Trumpek ez badu atzera egiten, inoizko mobilizazio handiena izango da». Apirilaren 29an egiteko asmoa dute manifestazio jendetsu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.