Kaleko istiluak

Indarkeria etetera deitu du Torrak: "Hau berehala gelditu beharra dago"

Hirugarren egunez, istiluak izan dira Kataluniako hiriburuetan Auzitegi Gorenaren epaiaren aurka. Gutxienez 52 lagun zauritu dituzte, eta haietako bat hil edo bizi dagoela salatu dute CDR-ek. Presazko agerraldi bat egin du Generalitateko presidenteak, gauerdia pasatuta, eta eskatu du berehala eteteko indarkeria: "Urriaren 1ean, ezer hautsi gabe garaitu genuen estatua". Madrilen eta Espainiako beste hiri batzuetan ere protestak izan dira sententziaren aurka.

Hiru polizia, Bartzelona erdialdean jarritako barrikada bati begira, astearte gauean. ANDREU DALMAU / EFE
jon olano
2019ko urriaren 17a
15:15
Entzun

CDR Errepublikaren Aldeko Komiteek deituta, arratsaldean mobilizazioa egin dute Bartzelonan, Marina kalearen eta Etorbide Nagusiaren artean, Kataluniako Barne Departamentuaren egoitzatik gertu, Poliziaren indarkeriaren aurka protesta egiteko. Amaitzean, hainbat lagun departamenturantz joan dira, eta hor piztu dira Poliziaren eta herritarren arteko liskarrak. Astearte gauean gertatu bezala, hiriburuko hainbat kaletan barrikadak eta suak jarri dituzte protestariek, eta auto batzuk ere erre.

Horren aurrean, presazko adierazpen bat egin du Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak. Azpimarratu du independentismoa ez dela izan mugimendu biolento bat, eta indarkeriazko ekintzak etetera deitu du: "Hau berehala gelditu beharra dago: ez dago arrazoirik ezta justifikaziorik ere autoak erretzeko edota beste edozein ekintza bandalikotarako. Protestak beti baketsua eta zibikoa behar du; zenbat eta handiagoa, orduan eta hobeto. Baina beti baketsua. Horrela, ez dugu arrazoia galduko". "Ez dugu probokaziorik nahi; ez ditugu onartuko", esan du, eta erantsi "ona" dela protesta egitea "epai justu baten aurka". Askatasunaren Aldeko Martxak jarri ditu horren adibide gisa: "Urriaren 1ean, ezer hautsi gabe garaitu genuen estatua. Independentismoak eraiki egiten du, ez apurtu. Ez doa inoren aurka". Horregatik, "lasaitasuna, determinazioa, zibismoa eta indarkeriarik eza" aldarrikatu ditu.

Liskarrak 21:00ak baino lehen hasi dira, eta, 23:30erako, beste kale batzuetan jarraitzen zuten. Mossoek jakinarazi dutenez, bost suziri jaurti dituzte Kataluniako Poliziaren helikoptero baten aurka. Indarkeria horren aurka mintzatu da, besteak beste, Carles Puigdemont, Kataluniako Generalitateko presidente erbesteratua: esan du istiluetan parte hartzen ari direnak "inoiz" ez direla egon "hautetsontziak jartzen edo botopaperak inprimatzen", eta Espainiako Estatua garaitu zutela "harririk, surik eta txikiziorik gabe. Ez dugu indarkeriarik behar irabazteko, estatuak behar du gu garaitzeko. Lasaitasuna, mobilizazioa eta indarkeria eza".

Kale istiluak, ordea, beste hiriburuetan ere gertatu dira. Tarragonan, mossoen furgoneta batek zabor edukiontzi batzuk jo ditu, eta atzean zeuden bi lagun harrapatu. Hainbat eragilek —Iridiak edo CUPek, kasurako— berehala eskatu dizkiote azalpenak Generalitateari. Gutxienez 52 pertsona zauritu dituzte epaiaren aurkako protesten hirugarren egunean: 32, Bartzelonan. Horietako batek garuneko traumatismoa dauka; adingabea da —17 urte ditu— eta egonkor dago.

Madrilen ere izan dira tirabirak. Iluntzean, buruzagi independentisten aurkako epaia salatzeko elkarretaratzea egin du Madrilgo ANCk Puerta del Solen, eta plazan bertan arazoak izan dira talde faxista batekin. Geroago, Espainiako Polizia hainbat herritarri oldartu zaizkie. Espainiako beste hiri batzuetan ere, Granadan eta Caceresen besteak beste, protesta egin dute Auzitegi Gorenaren epaiaren aurka.

Asteartean ere izan ziren istiluak, eta lau lagun atxilotu zituzten. Alerta Solidariak jakinarazi duenez, horietatik hiru baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu du epaileak, fiskalak eskatu bezala. Desordenak, atentatua eta zauri arinak eragitea egotzi diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.