«Oinarrizko zerbait dirudi, baina ezinezkoa ematen du lortzen». Urrun ikusten du bakea Levinia Addae-Mensah WANEP Bakea Eraikitzeko Afrika Mendebaldeko Sarea elkarteko zuzendari exekutiboak. Ghanan jaioa da, eta bakearen gibeletik egin ditu azken hogei urteak. Joan den urteko irailean, zuzendari kargua hartu zuenean, elkarteko lehen emakume zuzendaria bilakatu zen. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan izan zen uztail hasieran, Bakearen eta Europar Batasunaren eginkizunaren ikuspegiak mundu multipolarrean: Brasil, Rusia, Mendebaldeko Afrika, India, Pakistan eta Estatu Batuak jardunaldiaren barruan hitzaldi bat ematen.
Zer egiten du Bakea Eraikitzeko Afrika Mendebaldeko Sareak?
Gure lanak, finean, bi helburu nagusi ditu: gatazkak ekiditea eta bakea eraikitzea. 80ko hamarkada inguruan hasi ziren ekialdeko Afrikako gatazka gehienak, eta horiek eraginda hasi ginen gu ere mugitzen. Liberia, Sierra Leona, Boli Kosta, Ginea... irtenbidea bakea zen, baina gatazkak uste baino gehiago ari dira irauten.
Zein da horren erantzulea?
Estatua; hemen eta gainerako herrialde guztietan. Kontua da batzuetan estatuak ez dakiela zer gertatzen den, eta orduan ez dakiela zer egin. Ikusten ez badu, ez da existitzen. Eta hori egiten dugu guk: estatuari lagundu bake azpiegitura nazionalak garatu ditzan.
Eta nola laguntzen duzue estatua?
Komunitateei beren gaitasuna eta erresilientzia garatzen laguntzen diegu, ez dezaten indarkeriaren aldeko hautua egin, baizik eta bakearen aldekoa. Elkarrizketarako bide ematen diegu, horretarako eremuak sortzeko eta jendeak bere bizipenak kontatzeko. Hori garrantzitsua da, bertzela ez baikenuke jende aniztasunik izanen.
«Hauteskundeetan ibiltzen direnak kriminalizazioarekin konprometituta daude, eta, noski, horrek eragin zuzena du gobernuetan eta gobernatzeko moduan»
Emakumeez eta gazteez ari zara?
Bai. Normalean, emakumeak eta gazteak ez daude gonbidatuta ikuspegi kulturaletan parte hartzera, eta gutxiago horietan eragitera. Guk halako eremuak sortzen ditugu eraldaketa prozesuaren parte izatea nahi dugulako, eta nahi genukeelako noizbait lider izatea. Lider tradizionalek ez dituzte aintzat hartzen ez emakumeak, ez gazteak. Eta gero, noski, ahalegintzen gara mehatxuen aurka nola jokatu erakusten.
Hitzaldian aipatu dituzu drogak, armak, bonbardaketak, mugak, boterea, diru zuriketa, gizakien salerosketa... ez dirudi bakea hurbil dagoenik.
Neurri handi batean, gibelerako bidea egiten ari gara. Indarkeria modu berriak sortu dira, eta guztiek jartzen dute kolokan bakea. Horregatik da hain garrantzitsua ikertzea, bertzela ezin baitzaio erantzunik eman.
Demokratizazioa ere urrun dago?
Berez, autoritarismotik eta zapalkuntzatik demokratizaziora igaro ginen, baina zirkulu batean erori gara: eliteak demokrazia harrapatu du, eta delinkuentzia anitz ari da demokrazian eragiten. Zergatik? Haiek finantzatzen dituztelako hauteskunde prozesuak eta kanpainak.
Hauteskunde sistemak kriminalizazioak babesten ditu?
Hauteskundeetan ibiltzen direnak kriminalizazioarekin konprometituta daude, eta, noski, horrek eragin zuzena du gobernuetan eta gobernatzeko moduan. Esklusibotasunaren eta ustelkeriaren garaietara itzultzen ari gara.
«Orain, jendearentzat bizirik irauteko modu bat bilakatu da gerrilletan eta talde armatuetan sartzea. Arrazoia argia da: horrek baino ez die bermatzen jatekoa izanen dutela»
Emakumeek eta gazteek prozesu politikoetan parte hartzen dute?
Hori erronka bat da, eta estatuak erronka guztiei erantzun behar die. Baina ez, oraindik ez daude hain presente. Garrantzitsua da politikan lekua hartzea, baina bertze gauza batzuk daude hori galarazten dutenak.
Hitzaldian «terrorismoa» aipatu duzu.
Adibidez. Geroz eta okerragoa da egoera, eta geroz eta erronka gehiago dauzkagu horren kontra. Finantzaketaren zati handi bat militarizaziorako erabiltzen da, eta komunitateetara ez da iristen. Diru anitz jartzen da terrorismoaren aurka borrokatzeko, baina armadak sekulako indarra du segurtasunerako, eta momentu honetan jendearentzat bizirik irauteko modu bat bilakatu da gerrilletan eta talde armatuetan sartzea. Arrazoia argia da: horrek baino ez die bermatzen jatekoa izanen dutela.
Tokiko finantzaketaren alde egiten duzue zuek.
Borrokari anitz eragiten dio krisi ekonomikoak. Finantzaketa pixka bat dagoen tokian ere, munduko krisi ekonomikoak tokikoei eragiten die, eta hori horrela da, pobrezia goraka doa. Tokiko finantzaketen alde egiten dugu, baina komeni da mundu guztia jabetzea hartzen diren ekintzen edo erabakien inplikazioez. Alegia, New Yorken edo Bruselan hartzen diren erabakiek ondorioak dituztela hortik kanpoko herrialde gehienetan.
Krisi ekonomikoak ez ezik, politikoak ere eraginen du, ezta?
Bai, hiru krisi dauzkagu: ekonomikoa, politikoa eta soziala.
«Defentsa prestatzen ari bada, erran nahi du armetan inbertitzen jarraitzen duela, eta hori ez da irtenbide bat»
AEBek zer-nolako eragina dute mendebaldeko Afrikan?
Tamalez, zenbait estatu elkartzen ari dira delitu sareei babesa emateko, eta nazioarteko potentziak, hala nola AEBak, erdibideko bake horren alde daude. Alegia, gerra konpontzeko baliabideetan jartzen dute arreta, baina ez pertsonengan. Ondorioa, beraz, egonkortasuna da, ez bakea.
Nola lagun lezake Europako Batasunak?
Hasteko, lehentasunak zein diren argituta. Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazken harira, defentsa bat prestatzen ari da EB, baina epe laburrekoa da. EBren arazoa hori da bereziki, ez duela benetako nazioarteko bakerik ekartzen. Defentsa prestatzen ari bada, erran nahi du armetan inbertitzen jarraitzen duela, eta hori ez da irtenbide bat. Defentsa lehenetsi behar da, baina jakin behar da orekari nola eutsi.
EBk badu egoitza bat Senegalen, eta, bertzeak bertze, diruz laguntzen du zuen elkartea, ezta?
Bai, baina arazo bat dugu hor: gehienez ere hiru urtez finantza gaitzakeela. Eta ez da jarraitu nahi ez dutelako, baizik eta Bruselako politikak erraten duelako ezin dela hiru urte baino gehiagoz babestu. Nola eraikiko dugu bakea hiru urtetan? Ezinezkoa da.
Nazio Batuen Erakundeak Bakearen Aldeko Agenda Berria argitaratu zuen 2023an. Horrek ez du lagundu?
Ez da behar bezala funtzionatzen ari. Sekulako aldaketak saldu zizkiguten, baina, praktikan, ez da deus aldatu. Ez dago berdintasunik elkarteen artean, eta botere handiena duenari egiten zaio kasu.