Independentzia deklaratu eta herritarrek erresistentzia egitea da JPSren plana

ANCk dozenaka batzar ireki antolatu ditu astearte-asteazkenerako Katalunia guztian. Junts Pel Siko diputatuak parte hartzen ari dira ekitaldi horietan, datozen egunetan gertakizun izan daitezkeenak azaltzeko.

ANCren batzar irekietako bat, asteartean, Bartzelonan. JON O. URAIN
mikel p ansa
2017ko urriaren 24a
23:32
Entzun

155. artikuluaren ezarpenari erantzuteko modu bakarra independentzia deklarazioa indarrean jartzea dela. Mezu hori ematen ari dira JPSko diputatuak, ANCk antolatu dituen ekitaldietan. Ehun bat lekutan egiten ari dira batzarrak, asteartean eta asteazkenean, eta aretoak betetzen ari dira.

JPSk ekitaldi horietarako prestatutako dokumentua eskuratu dute hedabide batzuek. Herritarrei esaten ari dira JPSren asmoa dela ostegun-ostiraletan egingo den Kataluniako Parlamentuaren osoko bilkuran Kataluniako Errepublika proklamatzea. Baina behin hori eginda, herritarren babesa eta mobilizazioa ezinbestekoak izango direla ere nabarmentzen ari dira: "155a saihesteko eta independentzia efektiboa izan dadin, erresistitu egin beharko da, eta hori ezin dugu bakarrik egin. Jendea behar dugu aldamenean".

Egunotan bitartekaritzaren eta elkarrizketaren aldeko mezuari lehentasuna eman behar zaiola ere adierazi dute, baina urriaren 1eko erreferendumeko emaitzak indarrean jartzea ezinbestekoa dela ahaztu gabe: "Beharrezkoa da independentzia proklamatzea, defentsa moduan, Estatuak zapaldu ez gaitzan. Defentsa zilegiaren gisa egin behar da".

Urriaren 1eko erreferenduma arrakastatsua izan zela nabarmentzen du dokumentuak, eta urriaren 10ean independentzia deklarazioaren ondorioak indarrean ez sartzea ontzat jotzen du. Bi asteotan, nazioarteko komunitateak ongi hartu du negoziaziorako aukera hori zabaltzea, JPSko diputatuen esanetan, eta Espainiako Estatuaren "aurpegi erreala", negoziatzeko asmorik ez duena, agerian utzi du.

Espainiako Gobernuak, ordea, bitartekaritza eta negoziazio proposamen guztiei bideak itxi dizkiela adierazten du dokumentuak. Horren ordez, gobernuari mehatxuak egin eta ANCko eta Omnium Culturaleko presidenteak kartzelatu egin dituztela, eta, azkenean, Kataluniaren autogobernua eten duela. 1978ko hitzarmen konstituzionala desegintzat jotzen ari dira batzar horietan.

JPSko diputatuek ez dute xehetasunik eman ordea. Ez dute azaldu proklamazioa noiz eta nola egingo den, ez horren ondoren zein urrats jarraituko dituzten, ez eta zer mobilizazio izango diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.