Aurreikuspenak bete egin dira eta Groenlandiako herritarrek gehiengo zabalez onartu dute autodeterminazio eskubidea aitortzen dien autonomia estatutua: iturri ofizialen arabera, estatutuaren aldekoak izan dira botoen %75,54; kontrakoak, berriz, %23,57. Parte-hartzea oso handia izan da, %72koa.
Erreferenduma kontsultiboa da, eta orain Kopenhageko eta Nuukeko legebiltzarrek berretsi behar dute. Hala ere, galdeketaren emaitza errespetatzeko hitzarmena dute indar politiko guztiek.
Arestian aipatu bezala, autonomia estatutu horrek autodeterminazio eskubidea aitortzen dio Groenlandiari, eta, halaber, eskumen handiak ematen dizkio. Hain zuzen ere, segurtasuna eta atzerri politika baino ez lirateke geratuko Danimarkaren esku. Adituen arabera, independentziarako urrats bat da funtsean Groenlandiak eman duena.
Gainera, azken urteetan asko areagotu zaizkio baliabide ekonomikoak Groenlandiari, besteak beste, Lurraren berotzearen ondorioz izotza murriztu eta petrolio putzuak agerian geratu direlako.
Mundua