Indiak eta Pakistanek elkar bonbardatu zuten herenegun gauean, eta bien arteko tentsioa ez da baretu. «Gure asmoa ez da egoerak okerrera egitea», esan du gaur Indiako Atzerri ministro Subrahmanyam Jaishankarrek, nahiz eta erantsi duen Pakistanen edozein ekintzak ordaina izango duela: «Eraso egiten badigute, erantzun oso-oso sendoa emango diegu, dudarik gabe». Halaber, haren hitzetan, Indiaren herenegun gaueko erasoak «neurtuak» izan ziren. Jaishankar Irango eta Saudi Arabiako bere homologoekin bildu da gaur, New Delhin. Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxiri galdegin dio «ondo» uler dezala Indiaren eta Pakistanen arteko egungo egoera, «bizilagun eta kide» denez gero. Araghtxik, Indiara heldu berritan, adierazi du espero duela bi herrialdeek tentsioa «baztertzea»: «Gure eskualdeak bakea behar du, bereziki herrialdeen arteko elkarlan ekonomikoa zabaltzeko».
Aurrez, astelehenean, Araghtxi Islamabaden izan zen, eta prest agertu zen laguntzeko, bi aldeek «hobeto uler dezaten elkar garai zail honetan». «Egoera arintzea nahi dugu, eta moderazioa eskatzen diegu alde guztiei», esan zuen astelehenean. Indiak biharamunean hasi zuen erasoaldia.
Halaber, Saudi Arabiako Atzerri ministro Adel al-Jubeirrekin elkartu eta gero, elkarri eskua ematen ari diren argazki bat igo du Jaishankarrek sare sozialetan, eta Indiak esan du «terrorismoari aurre egiteaz» mintzatu direla.
Pakistango Atzerri ministro Ishaq Darren hitzetan, bi herrialdeen segurtasun aholkulariak harremanetan egon ziren atzo. Darrek elkarrizketa bat eman zion Turkiako TRT telebista kateari, eta zera adierazi zuen hartan: «Nazio subiranotasuna, lurralde osotasuna, nazioaren duintasuna... Horiek ez dute preziorik. Beste aldetik gerra ekintza bat baldin badago, erantzuna izango du».
Herenegun gaueko Indiaren erasoen eta Pakistanen «erabateko erantzunaren» ondoren, bi herrialde horietako agintariak bilduta egon dira gaur goizean, nor bere aldetik: Indiako Gobernuko kideak operazio militarraren gaineko azalpenak eman dizkiete oposizioko ordezkariei, eta Rajnath Singh Defentsa ministroak adierazi du armadak Pakistango «ehun terrorista» hil dituela gutxienez; Pakistango Asanblea Nazionalean ere erasoez ari dira eztabaidatzen, baita Indiaren «oinarririk gabeko saiakerez» ere Kaxmirren 26 hildako eragin zituen tiroketa Pakistanekin lotzeko, asanbleak kaleratutako ohar batean nabarmendu dutenez.
Apirilaren 22an gertatu zen eraso hori, Indiak kontrolatzen duen Kaxmir eskualdearen zatian, eta, ordutik, tentsioa areagotu egin da bi herrialdeen artean. New Delhik Islamabadi egozten dio zerikusia izatea tiroketarekin. Atentatuaren ostean, bi herrialdeek urratu dute Indiak eta Pakistanek de facto kontrolatzen dituzten Kaxmirko eskualdeen mugarako —kontrol lerroa deritzon horretarako— su etena. Indiak dio «gune terroristak» jo zituela herenegun, nahiz eta Pakistanek salatu tartean «eremu zibilei» ere eraso ziela.
Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak atzo ohartarazi zuen «mendeku» hartuko zuela hildakoen «odol tanta bakoitzagatik». Indiako Defentsa Ministerioak emandako datuen arabera, denera hamabost zibil eta militar bat hil ditu Pakistanek kontrol lerroko erasoetan, eta 59 zauritu. Gainera, Pakistango «hainbat tokitan radarrei eta aireko defentsa sistemei» eraso diete, Pakistanen bart gauean izandako erasoei «intentsitate berarekin» erantzuteko.
Pakistango armadaren arabera, bart gauean herritar bat hil dute Indiaren drone bidezko erasoek, eta lau soldadu zauritu. Indiaren 25 drone suntsitu ditu bart Pakistango armadak, hango bozeramaileak gaur prentsaurreko batean esan duenez: «Nazioarteak argiki ikus dezake India zer bide hartzen ari den eraso militar probokatzaile honen bidez, eskualde hauskor baten segurtasuna —eta ez hangoa bakarrik— arriskuan jartzeraino. Xaxatzen ari zaigu».
«Elkarrizketa»
Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak apirilaren 22ko Kaxmirko «eraso terrorista latza» salatu du gaur kaleratu duen oharrean, eta «moderaziorako» eta «elkarrizketarako» deia egin die Indiari eta Pakistani: «Funtsezkoa da Indiak eta Pakistanek nazioarteko zuzenbidearen arabera dauzkaten betebeharrak betetzea, eta ahalik eta neurri gehien hartzea herritarren bizia babesteko». Erantsi du EBk gatazkako alde guztiekin lan egingo duela.
Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ere adierazi du prest dagoela Indiaren eta Pakistanen artean bitartekari lanak egiteko, bulego obalean emandako prentsaurreko batean kazetariek bi herrialde horien arteko tentsioaz galdetuta: «Ondo konpontzen naiz biekin, ondo ezagutzen ditut, eta hau konpontzea nahi dut, gelditzea. Laguntzeko zerbait egin badezaket, han egongo naiz».
27Zenbat aireportu itxi dituzten Indian. India iparraldean, mendebaldean eta erdialdean 27 aireportu itxi dituzte guztira larunbatera arte, eta 430 hegaldi bertan behera utzi dituzte gaur. Era berean, Pakistanen lau aireportu itxi dituzte gaur arratsaldera arte.