India eta Pakistan lotzen dituen tren bati eraso, eta 67 lagun hil dituzte

Gaurko negoziazioak zapuztu nahi izatea salatu, eta bake prozesuari eutsiko diotela esan dute bi aldeek

Kristina Berasain Tristan.
2007ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Martxan zegoen trena bagoi batek eztanda egin zuenean. Sua piztu zen. Igande gaua zen, eta gauerdirako minutu batzuk baino ez ziren falta. Bidaiari gehienak lotan zeuden gaueko ordu horietan. Gutxienez 67 lagun hil ziren, eta beste 60 zaurituta daude -hamabi oso larri-. Gorpu gehienak kiskalita gelditu ziren. Pakistan eta India lotzen dituzten bi trenetako batean izan zen atentatua. Panipat hirira hurbiltzen ari zen trena bi maletatan ezkutatuta zeuden lehergailuak zartarazi zituztenean. Lekukoen arabera, behin trena geldituta hogeita hamar minutu iraun zuen suak. Rajinder Prasad inguruan bizi da eta azkar batean abiatu zen trenera: «Bagoiaren barruangarrasika zeuden, baina inork ezin izan zituen atera. Ez zen inor onik atera».

Samjhauta Express izena du trenak, eta orotara 757 bidaiari joaten ziren bertan lehertu zen unean. Kiskalitako bi bagoiak bertan utzi eta trenak aurrera egin zuen -hamar bagoi zituen-.Lahore (Pakistan) eta New Delhi (India) hiriak lotzen ditu trenak eta astean bitan egiten du bidaia.

New Delhitik abiatu zen trena igande arratsaldean eta ekintzaileek lehergailuak bertako geltokian sartu zutela uste dute agintariek. Lalu Prasad Trenbide ministroak geltoki horretan maletak ikuskatzeko bitartekorik ez dagoela jakinarazi zuen atzo: «Segurtasun akats bat dago». New Delhiko tren geltoki guztietan alerta egoera ezarri zuten atzo. Samjhauta Express trenak, dena den, segurtasun neurri zorrotzak ditu. Ateak eta leihoak, ildo horretan, ixte sistema berezia dute eta litekeena da horrek, sua piztu zenean, ihes egiteko zailtasunak handitzea.



ATXILOTU BAT. Prasad ministroak azaldu zuenez, pertsona bat atxilotu dute atentatuaren ekintzaileetako bat delakoan. Gaztea dela eta trenean txartelik gabe bidaiatzen ari zela zehaztu zuen ministroak. Lekukoen arabera, bera eta beste pertsona bat kiskalitako bi bagoietako batean joaten ziren eta biek aurpegiak erdi estalita zituzten. Gaztea bi susmagarrietako bat bezala identifikatu dute lekukoek. Beste susmagarria non dagoen ez dakite eta kiskalitako pertsonen artean egon daitekeela uste da.

Poliziaren aurreneko ikerketen arabera, leherrarazitako bonbak indar eskasekoak ziren eta detonagailu baten bidez zartarazi zituzten. Antza denez potasio nitratoz eta sulfuroz eginda zeuden lehergailuak eta kerosenoa baliatu zuten sua zabaltzeko. Poliziak beste hiru maleta aurkitu zituen trenean lehergailu banarekin.

Shivraj Patil Indiako Barne ministroak gertatutakoaz «informazio nahiko» zuela esan baina helarazteari uko egin zion «ikerketa oztopatu» zezakeela argudiatuta. Lula Prasad Trenbide ministroak «hondamendiaren arrazoia sabotajea» zela salatu zuen: «India eta Pakistanen arteko harremanak onera egin ez dezaten saioa da».



BAKE PROZESUAREKIN AURRERA. Khurshid Mahmud Khasuri Pakistango Atzerri ministroa bihar da iristekoa Indiara. Pranab Mukherjee Indiako Atzerri ministroarekin bilduko da bertan bi herrialdeek iragan urteko azaroan berriz abian jarritako negoziazioen harira. Bi herrialdetako ordezkaritzak gaur bilduko dira. Atentatua bake prozesua zapuzteko asmoa izatea salatu zuten bi aldeek baina, aldi berean, negoziazioei eusteko konpromisoa hartu zuten.

Pervez Musharraf Pakistango presidenteak gogor salatu zuen atentatua eta mota honetako ekintzak soilik bake iraunkorraren desioa sendotzeko izango dela baliagarri zehaztu zuen: «Ez ditugu onartuko martxan dagoen bake prozesua zapuzteko asmoak».

Shaukat Aziz Pakistango lehen ministroak telefonoz deitu zion Mahmohan Singhi. Eraso «lazgarri» honen erantzuleak zigortzeko hitza eman zion. Pakistan eta Indiaren arteko negoziazioak bertan behera gelditu ziren uztailean. Bombayn hainbat trenen kontrako erasoak egin eta 200 lagun inguru hil ziren. Indiak Pakistango zerbitzu sekretuei leporatu zien atentatua. Islamabadek, baina, ukatu egin zuen zerikusia izatea.



Adiskidetasunaren trena,

bi aurkari lotzeko
Kaxmir bereganatzeko 50 urte lehian daramatzate Pakistanek eta Indiak; bi herriak lotzen dituen trena hurbilketaren sinbolo da.
k.b.

Samjhauta Express. Horixe da trenaren izena. Adiskidetasunaren trena litzateke itzulpena. Pakistan eta India lotzen ditu eta aurkari historikoak izan diren bi herrialdeen arteko distantzia urruna murriztea da bere xedea. Eta ez soilik distantzia geografikoa. Bi potentzia nuklearrek azken urteotan hurbiltzeko egin duten ahaleginaren sinboloa da trena.

1976. urtean jarri zuten martxan trena. Hasiera batean 42 kilometro baino ez zituen egiten. Lahore (Pakistan) eta Amristar (India) hirien arteko bidea egiten zuen orduan. Indiako Legebiltzarraren kontra2002. urteko urtarrilean izandako erasoaren ondoren, baina, bertan behera utzi zuten zerbitzua. Bi urte geroago jarri zuten abian berriz. Lahore eta New Delhiren arteko bidea egiten du orain astean bitan -bide berea egiten duen beste tren bat ere badago-.

Samjhauta Express bi herrialdeek hitzartutako aurreneko bake akordioen emaitza izan zen eta mugaren bi aldeetan bizi diren pertsonak hurbiltzea du xede. Trenaren segurtasun neurriak handiak dira oso eta leihoak ezin dira zabaldu. Ateak ere ixteko sistema berezia dute. Pakistaneko mugara iritsi artean ez du geldialdi bakar bat ere egiten eta trenaren barruan segurtasun zerbitzuak joaten dira.



BI HERRI ETA HIRU GERRA. Pakistan eta Indiaren arteko 50. urteko gatazkaren konplexutasunaren isla ere bada, beraz, adiskidetasunaren trena. India eta Pakistan 1947. urtean independentzia eskuratu zutenean -aldi berean lortu zuten- abiatu zen gatazkari oraino ez diote irtenbidea eman. Kaxmir bereganatzeko asmoek bi herrialdeek izan dituzten hiru gerretako bi eragin dituzte -1947-1948 eta 1965 urteetan-.

Pakistanen menpe geldituko ziren, independentzia garaiko zatiketa planaren arabera, musulmanak gehiengo ziren lurraldeak. Hari Singh maharajak, baina, ez zuen hori errespetatu. Kaxmir Indiari eman zion laguntza militarraren truke. Etorkizunean erreferendum bat egitea ere aurreikusten zuen akordioak nahiz eta orain arte ez den gauzatu.

Kaxmir bi herrialderen artean dago zatituta orain eta bertan independentzia aldarrikatzen dute talde armatuak daude. 1989. urtean ekin zion borroka armatuari erresistentzia musulmanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.