Badirudi, uda osoan lehen aldiz, Indiako Gobernua hitz egiteko prest dagoela Kaxmirko gatazka amaitzeko. Barne ministro P. Chidambaramek atzo jakinarazi zuenez, New Delhik bitartekari talde bat izendatuko du datorren astean Kaxmirrera joan eta independentistekin negoziatzeko. Taldea, baina, ez da esku-hutsik joango eskualdera, berarekin eramango du Manmohan Singh lehen ministroak berretsitako zortzi puntuko bake proposamena -agintariek ez dute azaldu zertan datzan egitasmoa-.
Bide beretik, eta bere «borondate onaren» erakusle, Gobernuak etxeratze agindua bertan behera utzi zuen atzo Srinagar hiriko hainbat auzotan eta Indiaren menpeko Kaxmirko iparraldeko beste zenbait herritan. Horretaz gain, iragarri dute datozen egunetan aske utziko dituztela segurtasun indarrei harriak botatzeagatik atxilotutako manifestariak -nerabeak dira gehienak-.
Lerro hauek idazteko unean, ordea, protestak bultzatu dituen alderdiak, Hurriyateko Konferentziak, ez zion gobernuaren eskaintzari erantzun. Haien eskaera nagusietako bat da Kaxmirrerako segurtasun indarrei «askatasun osoa» ematen dien legea bertan behera geratzea; New Delhik, baina, ez du gaur artean halakorik iragarri. Joan den ekainaren 10ean autodeterminazioaren aldeko protestak hasi zituztenetik 105 zibil hil ditu Indiako Poliziak, horietatik gehienak adingabeak.
Indiak bitartekari talde bat bidaliko du Kaxmirrera gatazka amaitzeko asmoz
New Delhiko gobernuak bertan behera utzi du etxeratze agindua Srinagar hiriko hainbat auzotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu