Indiak matxino maoistei egotzi die Bombay eta Calcutta hirien artean lotura egiten duen trenak atzo jasandako istripuaren erantzukizuna. Talde armatuak, baina, ukatu egin du gertaera honekin zerikusia izatea. Behin-behineko balantzearen arabera, 80 lagun hil dira, eta 200 inguru zauritu, trena burdinbidetik irten eta merkantzia konboi batekin talka egin duenean.
Ezbeharra, India ekialdean kokatua den Mendebaldeko Bengala estatuan gertatu zen, Calcutta hiritik 135 kilometrora. Ostiral goizeko 01:30 zirelarik -ostegun gaua Euskal Herrian-, trena bat-batean burdinbidetik irten, eta bagoietatik batzuk alboko errailetan etzanda geratu ziren. Orduan, alderantzizko norabidean zihoan merkantzia tren batek harrapatu zituen.
Bidaiari asko bagoien azpian zeudela nabarmendu zuen Mendebalde Bengalako Polizia ikuskari gorenak, Surajit Kar Purakayasthak, eta oso litekeena zela hildako gehiago egotea. Atzo arratsaldean zaurituak 200dik gora ziren, eta asko oso larri zeuden.
Trena burdinbidetik irtetearen zergatiaz, hainbat azalpen eman zituzten. Hala, Garraio ministro Mamata Banerjeek ziurtatu zuen «leherketa indartsu bat» egon zela. Indiako Barne ministro Palaniappan Chidambaramek zehaztu zuen trenbideko errail batzuk kendu zituztela, eta trena bere bidetik atera. «Sabotaje bat izan da, eta egileak matxino maoistak» direla adierazi zuen, berriz, Mendebaldeko Bengalako Poliziaburu Bhudiper Singhek. Horrek ziurtatu zuen taldearen kartel batzuk aurkitu zituztela ezbeharraren gunean.
Naxalitak
Agintearen kontra borrokan diharduten matxino maoista naxalita taldeetatik bat da PCPA. Eta PCPAko eledun batek gezurtatu egin ditu akusazioak. «Ez dugu zerikusirik gertatutakoarekin», adierazi du matxinoen eledun Asit Mahatok. Haatik, Garraio ministroak ere matxino maoistengan jarri ditu susmoak: «Trenbideak oso jomuga errazak dira terroristentzat; lehen ere egin izan diete eraso».
Indiako 28 estatuetatik 22tan jarduten dute gerrillariek, eta ekialdeko hamabostetan dira indartsuen.
Naxalita izena hartu dute, matxinadaren lehen ekintza Naxalbari herrian egin zutelako 1967an. Egun hartan, Indiako Alderdi Komunista-Marxistatik aldendutako 150 lagunek lurjabe handi baten kontra eginzuten. Geroztik, nekazari pobreen defentsan jardutea aldarrikatzen dute naxalitek, eta eraso gogorrak egin dituzte. New Delhiko gobernuak berak dioenez, 20.000 naxalita inguru daude egun; eta horietatik 6.000 eta 8.000 bitartean, gerrillariak dira.
Iaz maoistek euren gain hartutako milatik gora erasoetan 600 lagun inguru hil ziren. Gerrillari aurre egitearren, agintariek operazio zabal bat indarrean jarri dute aurten, sei estatutan; 56.000 polizia eta indar paramilitarretako kide parte hartzen ari dira. Maiatzaren hasieran, naxalitek autobus bati eraso zioten Chhattisgarh estatuan, eta 35 lagun hil zituzten. Apirilean, berriz, 76 polizia hil ziren beste atentatu batean.
Indiak gerrilla maoistari egotzi dio 80 hildako eragin dituen tren sabotajea
Burdinbidetik atera eta merkantzia konboi batekin talka egin du trenak; talde armatuak salaketa ukatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu