Kaxmirren ez da giro azken hiru hilabeteotan. Adituen arabera, azken hogei urteetako abagune okerrenean dira, eta indarkeriari amaiera emateko helburuarekin ordezkaritza zabal bat bidali behar izan du herrialdera Indiak. Kaxmirko buruzagi independentistek hasiera batean muzin egin zioten ordezkaritza taldeko kideekin biltzeari, baina azkenean indar politiko ezberdinetako hiru buruzagirekin elkartu ziren, banan-banan izan bazen ere. Mirwaiz Umar Farooq Hurriyat Konferentzia alderdiko adar moderatua ordezkariak azaldu du, hala ere, ez zirela independentziaz mintzatu: «Kaxmirko auzia ez da erabakiak hartzeko eskuduntzarik ez duen talde batekin bideratuko; argi dago egoera aztertzera baino ez direla etorri».
New Delhitik bidalitako askotariko taldeko burua Palaniappan Chidambaran Barne ministroa da. Aurreneko aldia da hogei urtean, gatazkak okerrera egin zuen garaitik, Indiako Gobernu federaleko kide bat herrialdeko buruzagiekin hitz egitera joaten dela. Barne ministro federalaz gain, beste 37 kidek osatzen dute elkarrizketetarako ordezkaritza, tartean politikari komunistak.
Kaxmirko nazio eskubideen alde diharduten indar politikoetako buruzagien ikuspuntutik, ekimen hau itxurazkoa da. «Engainuz jokatzea da hemengo egoeraren aztertzera datozela esatea, errudunak hiltzen jarraitzen dituzten bitartean». Umar Farooq buruzagi independentistak argi du, beraz, ekimena ezin dutela babestu bermerik ez dutelako.
Sied Ali Shah Geelani Hurriyat Konferentziako adar gogorreko kidea da, eta harekin ere mintzatu zen ordezkaritza bat. Jasin Malik Jammu eta Kaxmir Askatzeko Fronteko buruzagiak ere harrera egin zien ordezkaritzako kide batzuei.
Bi buruzagi politiko horiek plazaratutako matxinatze deiei jarraiki, milaka gazte protesta gogorrak egin dituzte iragan ekainetik Kaxmirren. Jammu eta Kaxmirko agintariek eta IndiakoGobernuak gogor erantzun du protestan horien inguruan, eta ekainaren 11z geroztik orotara 106 herritar hil dira, segurtasun indarrekin izandako borroken ondorioz. Atzo bertan sei manifestari zauritu zituen Poliziak; tartean, 11 urteko mutil bat. Zauritu horietatik bat larri zegoela iragarri dute agintariek.
Nazioarte gatazkatzat jotzea
Sied Ali Geelani buruzagiak nazioarteko komunitateari auzian arreta jartzeko eskatu dio, egoera «nazioarteko gatazka bat» dela aldarrikatuta. Era berean, buruzagi independentistak hizketaldietan parte hartzeko ezinbesteko baldintza gisa jarri ditu Indiako indar paramilitarrek alde egin dezaten herrialdetik, segurtasun indarrei emandako salbuespen egoerarako botereak ezereztu daitezen eta preso politikoak aska ditzaten. Eskari horiei guztiei hitz leunekin bakarrik erantzun die New Delhik. Manhoman Singh Indiako lehen ministroak, gatazka areagotzen ari zela ikusita, joan den astean agertu zuen lehen aldiz hitz egiteko asmoa: «Elkarrekin hitz egin behar dugu, eta gobernuaz kexak dituen edonork hari zuzendu behar zaio».
Adierazpen horien osteko lehen urratsa, beraz, okupatuta duen herrialdera ordezkaritza bat bidaltzea izan da. Kaxmirren egoera aztertu eta bertako agintariekiko hizketaldiak bideratzea da ordezkaritzaren xedea, baina tartean gatazka politikoari indarrez aurre egitearen alde dauden kideak daude, eta horrek ez ditu elkarrizketak lagunduko. New Delhin urtetan boterean egon den BJP Indiako Herriaren Alderdiko buru Arun Jaitley da horietako bat; BJP agintean egon den garaian, Kaxmirko gatazka areagotu egin baitzen. Singhen NCPKongresuaren Alderdia da egun boterera bueltatua New Delhin.
Kaxmirko gatazkak India eta Pakistanen arteko ezinikusia eragin du, eta horrek oraindik gori-gorian dirau; horren erakusle da herenegun liskarrak egon zirela Kaxmir bitan zatitzen duen su-eten lerroan. Indiako eta Pakistango soldaduak bi orduz elkarri tiroka aritu ziren herrialde bitan zatitzen duen eremuan.
Indiak Kaxmirrera bidalitako ordezkariekin elkartu dira buruzagi independentistak
Aurreneko aldia da hogei urtean horren ordezkaritza zabala joaten dela zatituta dagoen herrialdera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu