AEBetako armadak Indiako hiru marinel hil ditu Omango golkoan

AEBek Indiako marinelak zeramatzaten hiru petroliontzi bonbardatu ditu azken egunetan, Irango portuei ezarritako blokeoa urratzea egotzita. Azkenaldiko erasoek su etena «zentzurik gabe» utzi dutela salatu du Teheranek.

Itsasontzi bat Omango Golkoan, artxiboko irudi batean. ALI HAIDER / EFE
Itsasontzi bat Omango Golkoan, artxiboko irudi batean. ALI HAIDER / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko ekainaren 11
11:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranek eta AEBek elkarri eraso egiten jarraitzen dute, eta bi herrialde horien arteko gatazkak Ekialde Hurbileko beste hainbat estatutan ere izan ditu ondorioak. Gainera, eraso horietan eskualdetik haragoko herritarrak ere harrapatu dituzte tartean: gaur bertan jakinarazi dutenez, AEBetako armadak Indiako hiru marinel hil ditu petroliontzi bati eraso egin ostean. Washingtonek atzo jakinarazi zuen Omango golkoan petroliontzi bati eraso egin ziola, Irango portuei ezarritako blokeoa urratu asmo zuelako. Gaur, Indiako Gobernuak baieztatu du eraso horretan hil egin zituztela Indiako hiru marinel; gainera, jakinarazi du gaur Indiako beste hogei marinel erreskatatu dituztela beste ontzi batetik.

Ginea Bissauko bandera zeraman gaur bonbardatutako ontziak, baina tripulazioko kide guztiak indiarrak ziren. Omango golkoan zegoela egin diote eraso; oraingoz, AEBetako armadak erasoa baieztatu du. Atzo indiako tripulaziodun beste ontzi bat jo zuen: MT Settebello petroliontzia. bertan zihoazen 24 marineletatik 21 erreskatatu zituzten atzo, eta beste hirurak desagertutzat jo; bada, hilda agertu direla baieztatu dute gaur. Palauko bandera du itsasontzia horrek. AEBetako armadaren arabera, «propio» egin zuten eraso ontziaren motorrak suntsitzeko. Aurrez, astelehenean, Indiako tripulazioa zuen beste ontzi bat bonbardatu zuen Washingtonek; orduko hartan, tripulazioko kide guztiak bizirik erreskatatu zituzten. Nazioarteko Itsas Erakundeko idazkari nagusi Arsenio Dominguezek gaitzetsi egin zuen atzoko erasoa. «Hau onartezina da», salatu zuen ohar batean. Eta gaineratu zuen «ezinbestekoa» dela itsas nabigazioaren eta itsasoan lan egiten dutenen segurtasuna bermatzea.

Azken asteetan, AEBetako armadak eraso egin izan die Irandik atera diren edo Irango portuak helburu zituzten itsasontziei, batez ere petroliontziei. Donald Trump AEBetako presidenteak Ormuzko blokeoari emandako erantzuna izan da hori. Hain justu, Teheranek gaur goizaldean jakinarazi du Ormuzko itsasartea «erabat itxita» egongo dela aurrerantzean. Tasnim berri agentziak jaso duenez, Irango armadak ohartarazi du eraso egingo diola pasabide hori gurutzatzen saiatzen den ontzi orori. Gainera, Irango Guardia Iraultzaileak esan du dagoeneko bi itsasontziri egin diela eraso, pasabidea zeharkatzen saiatu direlako.

Azken asteetan, Iranekin harreman ona duten herrialdeetako ontziei pasabidea zeharkatzea baimendu izan diete. Gaur, ordea, Ormuz igarotzeko baimena zuten ontziei «pazientzia» edukitzeko eta emandako aginduei jaramon egiteko eskatu die Persiar golkoko Itsasarteko Agintaritzak, ohar batean. Irango Gobernuak maiatzaren hasieran sortu zuen erakunde hori, Ormuzko itsasartea zeharkatzen duten ontzien baimenak eta erregulazioa kudeatzeko.

yemengo milizia independentista bateko bost kide hil dira

Aden hiriaren inguruko kanpaleku batean, Yemengo hegoaldean, leherketa bat izan da gaur goizean, eta milizia independentista bateko bost kide hil dira. Ez dute argitu zerk eragin duen eztanda. Arabiar Emirerri Batuek finantzatzen dituzte Yemengo independentistak, eta herrialdearen hegoaldeko hainbat eskualde kontrolatzen dituzte. Nazioartearen aitortza duen gobernuarekin batera, independentistak huthien aurka aritu izan dira —Iranen babesa duen mugimendu xiita horrek herrialdearen mendebaldea eta Sana hiriburua ditu kontrolpean—, baina azken hilabeteetan elkarren artean liskartuta daude.

Bitartean, AEBetako armadak Irango azpiegitura militarrei eraso egiten jarraitu du gaur ere. AEBetako Komando Zentralak jakinarazi du komunikazio sistemak, aireko defentsa sistemak eta defentsarako beste instalazio batzuk jo dituela gaurko erasoetan. Irango hedabideen arabera, herrialdearen hegoaldeko kostaldeko hainbat gunetan leherketak izan dira, baita Teherandik gertu ere.

Eraso horiei erantzunez, Guardia Iraultzaileak AEBetako hemezortzi «helburu militar» jo dituela esan du, Irango hedabideek zabaldu duten ohar batean. Azken egunetako erasoetan, Teheranek AEBetako armadak eskualdean dituen hainbat base izan ditu jomugan. Gaur, Kuwaiten, Bahrainen eta Jordanian egin dituzte erasoak, droneekin eta misilekin. Bahraingo Barne Ministerioak jakinarazi du droneekin egindako hainbat erasok kalteak eragin dituztela herrialdeko eraikin batzuetan, eta haur bat zauritu dutela. Kuwaitek aire eremua itxita eduki du hainbat orduz.

Desadostasunak negoziazioetan

Apirilaren hasieratik su etena indarrean badago ere, azken egunetan berriz ere gaiztotu egin da Irango gatazka. Gaur, Antonio Guterres NBE Nazio Batuen erakundeko idazkari nagusiak sare sozialetan ohartarazi du berriz ere tregoaren aurreko egoerara itzultzeko arriskua dagoela: «Su txiki hau erabateko sutea bihurtu daiteke».

Harago joan da Teheran, eta salatu du AEBen erasoek «zentzurik gabe» utzi dutela apirilaren 8an adostutako su etena. Atzerri Ministerioak kaleratutako ohar batean, gaitzetsi dute azken egunetako erasoek urratu egiten dituztela Nazio Batuen Gutuna, nazioarteko zuzenbidea eta Iranen subiranotasuna.

Erasoak eraso, negoziazioek abian jarraitzen dute, Reuters berri agentziak ziurtatu duenez, Irango hiru iturri eta Europako bat aipatuz. Aldeak behin-behineko akordio bat ondu nahian ari dira, eta, hein batean ados jartzea lortu badute ere, zenbait kontutan ez datoz bat. Irango iturri horien arabera, Teheranek exijitzen du askatzeko nazioarteko bankuetan izoztutako funts guztiak. Etxe Zuriak, kontrara, funts horiek pixkanaka askatu nahi ditu, baina ez dizkio Teherani bueltan eman nahi, arrazoi humanitarioetarako erabili baizik.

Beste kontu batzuetan ere badituzte desadostasunak. Iranen negoziazio taldeko kide Hussein Pakek Qatarko Al-Araby Al-Jadeed egunkariari ziurtatu dionez, Israelek Libanoko erasoaldia gelditzea ezinbestekotzat dauka Teheranek, eta ez du atzera egingo. Bitartean, Etxe Zuriak berean jarraitzen du, eta gatazkaren konponbidea «hurbil» dagoela esaten aritu da azken egunetan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE