Indonesiako buruzagi erlijioso bati 15 urteko kartzela zigorra jarri diote

Abu Bakar Bashirri «ekintza terroristak antolatzea» leporatu dio Justiziak, kanpaleku bat prestatu duelakoan

Erredakzioa
2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Indonesiako Justiziak hamabortz urteko espetxe zigorra ezarri dio Abu Bakar Bashir buruzagi erlijiosoari, «ekintza terroristak antolatzea eta horiek egiteko jende gehiago engainatzea» leporatuta. Hasiera batean, Fiskaltzak atentatuak zuzenean prestatzea eta «zelula terrorista bat» mobilizatzea eta finantzatzea ere leporatu zion. Horregatik guztiagatik bizi guztiko kartzela zigorra eskatu zuen, baina, ondoren, ez zituen akusazio horiek berretsi.

Bashirrek 72 urte ditu, eta iazko abuztuan atxilotu zuten. Haren aurkako epaiketa joan den otsailean hasi zen. Iraganean ere anitzetan atxilotu du Indonesiako Poliziak, beti ere muturreko islamismoarekin zerikusia zuten auziengatik. Azken auzi honetan Acehn (Sumatra uhartean, Indonesiako ipar-mendebaldean) ekintzaileentzako kanpaleku bat antolatzea leporatu diote, atentatu kanpaina bat prestatzeko asmoz.

Hain zuzen, Jemaa Islamija erakundeko buruzagi erlijiosoa izatea egozten diote. Era berean, talde horrek Al Kaedarekin lotura duelakoan daude Indonesia eta Mendebaldeak. Asiako hego-ekialdean Al Kaedaren lider erlijioso nagusitzat daukate Bashir. Iraganean, Bashirrek publikoki agertu izan du Al Kaedako buruzagi Osama Bin Ladenen aldeko sostengua, baina harekin zuzeneko harremana izan duela ukatu du beti.

Islamismoari lotutako bizitza

Bashir islamismoari lotuta egon da beti, baina hark beti ukatu du inongo ekintza armatuekin zerikusia izan duela. 1972an eskola islamiko bat sortu zuen Java uhartean. Han Jemaa Islamijako etorkizuneko militanteak heztea leporatu zioten agintariek. 1970eko hamarkadan, Suhartoren diktadurapean, Bashir kartzelatu egin zuten estatu islamiko bat sortu nahi izatea egotzita.

Diktadura erortzean itzuli zen Indonesiara, 1998an. 2004an Baliko erasoekin (2002) eta Jakartako Marriott Hoteleko atentatuekin (2003) zerikusia izatea egotzi zioten. Jemaa Islamijak egin zituen bi erasoak. Lehenbizikoan 202 lagun hil zituen, eta bigarrenean, hamalau. Epaileen arabera, Bashirrek oniritzia eman zien atentatuei; 2006a arte eduki zuten preso. Baliko erasoa «ekintza basatia» izan zela erran zuen Bashirrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.