Txina. Alderdi Komunistaren XVIII. Kongresua

Industrializazioaren erdian, arnasa eske

Ingurumena aski baztertuta egon da Txinako agenda politikoan, garapen ekonomikoaren mesedetan. Azken urteotan, ugaritu egin dira kutsadura arazoak eta herritarrek horien aurka egindako protestak.

Samara Velte.
2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Txinak hogei urtean gauzatu du hainbat herrialdek ehun urtean egin duten industrializazioa». 2007an esan zituen hitzok Pan Yue Txinako Ingurumen Babeserako ministrordeak. Honezkero, garapen horren ondorioak ere heldu dira Europaren parera: iaztik, biztanleko karbono dioxido gehien isurtzen duten herrialdeetan bigarren da Txina, AEBen atzetik.

Azken urteotako gorakada ekonomikoak klase ertaina elikatu du; kontsumoak gora egin du, eta baita kontsumitzaileen beharrak asetzeko sortutako industriek ere. IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, bi hamarkadatan %260 hazi da Txinako energia eskaera, eta ingurumenak ere igarri du.

Urarekin bi arazo ditu Txinak: alde batetik, herritarren heren bati ez zaio edateko urik heltzen; bestetik, ibai eta laku gehienetako kutsadura maila handia da, herrialdeko ur guztiaren erdia baino edangarria ez izateraino. Ur hornidura bermatzeko saiakeran, 25.000 urtegi baino gehiago eraikitzeko plan bat du martxan gobernuak. Eta horrek ere badu bere ifrentzua: kostu ekonomikoa, lurren desjabetzeak, kaltea ingurumenean.

Greenpeacek ere ohartarazi du: Txinako herritarrak ingurune toxikoetan bizi dira, etxeetatik hasita. Urtarrilean, laino kutsakor batek estali zuen Pekin astebetez; aireko partikula kutsagarriek onartutako maila gainditu zuten bi auzotan; herritarrei etxean gelditzeko aholkatu zieten.

Arnas hartu nahi dute

Azken urteotan geroz eta sarriago, eta geroz eta ozenago eskatu diote herritarrek administrazioari ingurumena zaintzeko. Uztailean, bi egitasmo geldiaraztea lortu zuten: Txina hego-mendebaldeko Shifang hirian, tokiko agintariek bertan behera utzi zuten kobrea nahasteko fabrika bat eraikitzeko asmoa, hiru eguneko manifestazio istilutsuen ostean. Qidong hirian, berriz, milaka pertsonak eskatu zuten handik gertu dagoen paper fabrika batek ez zitzala ur zikinak itsasora bota. Eskualde horretan, arrantzak pisu handia du; esportazioetarako ere erabiltzen dituzte bertako produktuak. Azkenean, gobernuak bertan behera utzi du hondakinak itsasora isurtzeko eraiki nahi zuen planta.

Urriaren amaieran, berriz, ekialdeko Ningbo hirian eman behar izan zuten amore tokiko agintariek; han dagoen fabrika petrokimikoa ez handitzera behartu zituzten hiru egunetako protestek. Lantegi horrek 500.000 tona paraxileno sortzen ditu urtero; petroliotik eratorritako gai bat da hori, eta nerbio sistemari, gibelari eta giltzurrunei egin diezaieke kalte.

Ohikoa duen presarik ez du erakutsi Pekinek naturaren zaintzari dagokionez. Zhou Shengxian Ingurumen Babeserako ministroak astelehenean agindu zuen hemendik aurrera ez dela industria egitasmorik egingo haren «egonkortasun sozialerako arriskua» aurrez neurtu gabe. Ingurumenean eragin handia duten egitasmoetan, gardentasuna eta parte hartze publikoa bultzatuko dituztela ere esan zuen.

Hu Jintao Alderdi Komunistaren idazkari nagusi ohiak ere adierazi du auzi hori agenda politikoan sartzeko gogoa; hala eman zuen ulertzera herenegun, alderdiaren XVIII. Kongresu Nazionalaren azken adierazpenaren bidez. Datozen urteotan Txinaren garapenerako bide-orri izango diren printzipioak jaso ditu bertan alderdiak, Huk «garapenaren ikuspegi zientifikoa» deitu dion kontzeptuan bilduta. Horren arabera, ekonomiak garatzen jarraitu behar du, baina «aurrerapen handiak» egin beharko dira ingurumen arloan ere, «baliabideak zaintzen dituen gizarte ekologista bat» lortze bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.