Israelgo okupazioaren aurkako ekintzaile nekaezina zen Vittorio Arrigoni (Besana Brianza, Italia, 1975). Palestinarren eskubideen defentsara emana zuen bizia. Israelek palestinarrei eginiko ankerkerien lekuko izan zen urteetan, gerora nazioartean ozen salatzeko. Atzo, abandonatutako etxe batean aurkitu zuten, hilik, Gazan.
Talde islamista erradikal batek bahitu zuen aurretik. YouTuben bideo bat jarri zuten, eta bertan kolpatuta eta begiak estalita ageri zen Arrigoni. Hainbat preso aske uzteko eskatzen zioten Hamasi bideo horretan, tartean Abu al Ualeed al Makdisi euren liderra. Baldintza hori bete ezean hil egingo zutela zioten grabazioan. Eskaera betetzeko epea amaitu aurretik hil zuten, ordea.
Berun Urtua operazioan Gazan zegoen atzerritar bakanetariko bat izan zen. Besteak beste, hari esker jakin zuen nazioarteak 22 egun iraun zuen eraso hartan palestinarrek zer-nolako sufrimendua jasan zuten. Anbulantzia baten barruan batera eta bestera eman zituen egun horiek. Erasoaldiak amaitzean palestinarrekin geratzen zen, euretako bat bilakatuta, jada.
Kamera eta koadernoa beti ondoan eramaten zituen. Bere egitekoa munduari Gazan gertatzen zena ezagutaraztea baitzen. Giza ezkutu ere bazen. Palestinarrei atzerritar izatearen babesa eskaintzen zien, bere bizia arriskuan jarriz, maiz. Tiro egiten ziotenean ere grabatu eta argitaratu egiten zuen.
Duela astebete Israelek Gaza bonbardatu zuen, eta Arrigonik beste behin eman zion munduari Gazako infernuaren berri. Hori izan zen azken kronika; izan ere, islamista erradikalek hil egin dute. Ekintzailearen heriotza palestinarren zatiketaren isla da. «Bere herrialdea eta familia atzean utzita guri laguntzera etorri zen, eta guk hil egin dugu. Zergatik?», galdetzen zuen, atzo, ospitalearen atarian haren lagun batek. •
Hilberria. Vittorio Arrigoni
Infernuaren lekuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu